Bingen Zupiria. ETBko zuzendaria: EAEn telebista publikoa gestionatzeko modu berri bat sortu dugu, gure inguru guztian parekorik ez daukana, eta libreagoa

2005-02-25

BREA, Unai

Ia sorreratik ezagutzen ditu ETBren barruak, eta 1999tik bertako zuzendaria ere bada. Beraren hitzei konfiantza darie; ETB, bere txikian ere, etorkizunak dakarren erronka mordoari aurre egiteko dagoen segurtasuna dauka Bingen Zupiriak, eta nabaritu egiten zaio. Euskal Telebista asko hazi da Zupiria bertan lanean hasi zenetik eta, telebista autonomiko guztiek bezala, baditu bere armak gaur egungo telebistaren oihanean duin jarduteko, estatu mailako kate handien lehiari men egin gabe. Arma horietako batzuk agertu dizkigu Bingen Zupiriak ondoko elkarrizketan.

Maiatzean sei urte izango dira ETBko zuzendari zarela. Zeintzuk izan dira zure lan edo lorpen esanguratsuenak?

Uste dut lorpen asko izan dugula. Handiena lan egiteko modu bat ezarri dugula da. EITB talde osoan, ez telebistan bakarrik. Eta egiteko lan modu horrek ondorio bat izan du emaitzetan. Gure ahaleginik handiena eta emaitzarik hoberena eman duena, EITB barruan lan-talde sendoak osatzea izan da. Etxeko jendea aukeratu, motibatu, eta talde horiek norantza jakin batean lanean jarri ditugu. Gero, urte hauek oparoak izan dira emaitzetan, irudi aldetik, audientzia aldetik, diru-sarrera aldetik…

Eta lortu ez direnak?

Etxe barruari begira, esango nuke lortzeko daukagun proiekturik handiena zera dela: arduradun talde on eta eraginkorrak sortzea, hau lortu dugu, eta orain daukagun ahaleginik handienetakoa EITB taldeko ahalik eta langile talderik handiena dinamika horretan sartzea da.

Kanpora begira, zer erronka daukagu? Alde batetik, lortu dugu EITB talde erreferente bat izatea komunikazioaren arloan Euskal Herrian, eta erreferente izaten jarraitzea izango litzateke helburua. Horrek esan nahi du informazio munduan erreferente izatea, euskal gizarteak guri buruzko iritzi ona edukitzea, gai izatea gure finantzazioan orekari eusteko… Eta badauzkagu bi erronka berri, edo behintzat gure eguneroko lanetatik aterako gaituztenak: batetik, Bilboko egoitza berrian bildu behar ditugu orain Bizkaian dauzkagun kokapen desberdinak, eta Bilbon egote horrek behartu egingo gaitu geure lan sistemak osorik aldatzera. Sistema horrek, gainera, eragina izango du ez bakarrik Bilbon, baizik eta Miramonen, Baionan, Gasteizen, Iruñean… ere bai. Kontua da gaur egun lan egiten dugun sistema analogikoetatik sistema digitaletara pasako garela, eta hori erronka handia izango da. Gure lan egiteko moduari eragingo du eta gure produktuan ere eragina izango du. Horrekin batera, erronka berria Lurrezko Telebista Digitala (LTD) izango da; datozen bospasei urteetan jarriko da indarrean, eta horri ere erantzun bat eman beharko diogu.

Hitz egin dezagun, bada, telebista digitalaz… Etorkizuneko telebista da, eta seguruenik telebistako edukiak aldaraziko ditu. Pentsatzen hasiak zarete horretaz?

Ez dut uste inork gehiegi pentsatu duenik horri buruz. Guk ere beharbada ez diogu merezi duen denbora guztia eskaini, eta ez dugu ikusten gure inguruan inork honetaz asko pentsatu duenik. PP agintean zegoenean, bultzada halako bat eman nahi izan zioten LTDri: plataforma bat sortu zuten, eta hasi ziren merkatuan jartzen, baina merkatua ez zegoen prest, LDT ikusteko behar ziren dekodifikatzaileak ez zeuden merkatuan eta hark porrot egin zuen. Denbora askoan geldi egon da proiektu hori, eta orain badirudi gobernu berriak asmoa daukala gai honi indarra emateko berriz. Baina ez dago argi nola egingo den hori. Ez dago argitasun handirik nola banatuko diren espektro desberdinak, ez dago argi zenbat egokituko zaigun bakotzari banaketa horretan. Egia baldin bada LTDren ezarpena, 2012an izan beharrean, 2008an izango dela, datozen urteetan oso arin ibili beharko da. Baina inork ez dauka argi norantza joango den hau guztia. Gu ere zain gaude. Geure gogoeta egiten ari gara, noski, baina dena ez dago gure eskuetan. Alde batetik, badago teknologiari buruzko kezka, gauza berria delako eta ez dakigulako zenbaterainoko eragina izango duen; ez dakigu zenbat telebista-kate berri egongo diren, ez dakigu zein baldintzatan aterako diren telebista-kate berriak, nola erantzungo duen merkatuak… Eta gero badago beste duda bat edukiei buruz. Zer izango da LTD? Gaur egun telebista analogikoan ikusten ditugun programazio generalista horiek iraun egingo dute LTDan? Eduki berriak sortuko ditugu? Badago dirurik eduki berri horiek finantzatzeko? Nola erantzungo du merkatuak? Gauza batzuk aldez aurretik argitu beharko dira eta beste batzuk sortu ahala, baina ikusten da oso gutxi hitz egiten dela honetaz.

ETB telebista autonomikoa da, txikia…

Oso txikia.

…oso txikia orduan, eta gaur egun telebista mundua bihurtu den oihan horretan, dagoen lehia itzelarekin, zein du aurrera egiteko modua?

Oihan hori gero eta zailagoa da. Guk tamainua berez daukagu txikia, bi milioi edo bi milioi eta erdi biztanle dituen eremu batean bizi garelako. Eta alde batetik gure merkatuak sortzen du gure txikitasuna, baina baita gure negozioaren tamainuak ere. Talde publiko txikia gara, eta egunero leihatu behar dugu gero eta handiagoak eta, kontzentrazioaren ondoren, gero eta indar handiagoa duten komunikazio-taldeekin. Ezin izango genuke inoiz lehia hori irabazi, edo ezin izango genuke inoiz lehia horretan leku duin bat eduki, diruari besterik begiratuko ez bagenio. Guk ez daukagu gaitasun ekonomikorik aurrez aurre telebista horiekin borrokatzeko. Orduan, non dago gure sekretua? Nola lehiatu gintezke? Hara, gure ikusleei, nolabait ere, eduki desberdin batzuk eskaini behar dizkiegu. Normalean, informazioari edo egunerokotasunari oso lotuak daudenak. Entretenimenduaren ikuspegitik ere ahalegin bat egin dugu urte hauetan, iruditzen zaigulako gaur egun telebista dagoen bezala informazioaz gain entretenimenduzko eduki asko eskaini behar direla, jendeak hori bilatzen du telebistan batez ere. Eta hor ere ezaugarri berezi batzuk behar ditu, gertukoa izan behar du entretenimendu horrek, gurea.

Entretenimendua aipatu duzu, eta gaur egun entretenimendua telezaborra delakoarekin lotzen da hein handi batean. Telebista publkikoek, aldiz, bestelako eduki mota batzuk ematera behartuta omen daude. Nola bilatzen da oreka hori?

Geure buruari galdetzen diogunean zerbitzu publiko moduan zer eskaini behar dugun, informazioa eta entretenimendua eskaini behar ditugula ikusten dugu. Hori eskaintza publikoaren zati bat da, gure ustez. Eta horrela daukagu gure gogoetan zehaztuta. Beraz, entretenimendua ere egin behar dugu, lotsarik gabe. Hortik aurrera, nolabait ere zakarkeriarik gabeko entretenimendua izan behar du, ahal dela pertsonen pribatutasunean sartzen ez dena, esanahi ludikoa eduki behar duena, eta neurri batean egunerokotasunera ere hubilduko dena, informazioa izatera iritsi gabe. Horiek dira gure entretenimendu esparruak. Programaziora ekarrita, non ari gara ahaleginak egiten? ETB-1en badaukagu entretenimendu arloan non lan egin, haurren munduan adibidez, eta ahalegin handia egin dugu haurrentzako programazio berezia sortzeko, oso harrera onaz nik uste. Gainera, ETB1-en ahalegin berezia egin behar dugu fikzioan, eta egiten ari dira ahalegin batzuk. Kirolak ere ematen digu entretenimendurako aukera bat. Eta gero gaurkotasuna eta umorea geratzen zaizkigu; horretan ere entretenimendua egin daiteke, arau batzuen barruan. ETB-2n, berriz, zer egin dugu? Alde batetik, gaurkotasun entretenituaren aukera egin dugu; jorra ditzagun gaurkotasunezko gaiak, baina ez bakarrik informazioaren ikuspegitik, Teleberrin egiten dugun bezala, baizik eta modu atsegin batean. Adibidez, Pásalo programaren bitartez, edo umorearen bitartez, Vaya Semanita bezalako euskarri batekin. ETB-2n badaukagu baita ere entretenimendurako arlo on bat, jendeak estimatzen duena: zinea. Espainiako telebista nagusietan zinea bigarren mailara pasatzen ari den honetan, guk badakigu zinea programatzen eta uste dugu hor besteengandik bereizteko aukera bat daukagula.

ETB-1 eta ETB-2ren programazioen artean dauden aldeak nahita bilatutakoak dira?

Bai. Gure helburua ez da bi kateak lehian jartzea. Gehiago esango dizut: espezializazioa bilatzen dugu. Espezializazioa ordutegietan, publikoetan, eta neurri batean edukitean.

Hala ere, esaten da kalitatezko zerbait ematekotan beti ETB-2n ematen dela…

Eta esaten da, baita ere, ETB-2n egiten denak ez daukala zerikusirik kalitatearekin. Ez dut uste ETB-1ekin lehiatzen den katea ETB-2 denik. ETB-1 gaztelaniazko katez inguratuta bizi da, eta euskaldunen kontsumo-joerak aztertzen baditugu ohartu egingo gara euskal hiztunek gehien ikusten duten katea ez dela ETB-2, Telecinco baizik. Euskal hiztunok oso gustuko ditugu horko edukiak. ETB-1eri dagokionez, onar dezaket programazio erabaki batzuek eragina eduki dezaketela emaitzetan. Baina ez dakit zenbaterainoko gaitasuna daukagun, 600.000 hiztun izanda, gustuko duguna zer den ikusita, daukagun bizimodua edukita, etengabe eta orduoro oso eduki lehiakorrak sartzeko euskaraz. Kezka hori hor dago, eta egin dugun aukera oso konszientea izan da. Dudarik ez geneukan gure helburua nagusia haurren mundura hurbiltzea izan behar zuela, euskaraz eta euskara hutsez, eta gainera beste telebistetan haurrentzako aukerarik ez zegoen momentu batean egin dugu. Bestalde, badakigu kirolaren bitartez euskaldun asko erakartzen dugula gure programaziora, baina euskaldunak ez diren asko ere bai, eta beste produkturik ez daukagu horiek erakartzeko. Azkenik, ahalegin handia egin da fikzioan, pentsatzen baitugu euskal komunitateak ondo hartzen dituen erreferente berezi batzuk sortzeko gaitasuna daukagula. Beste eduki batzuek sarrera zailagoa daukate euskaldunongan, zinea adibidez, Euskaldunoi asko kostatzen zaigu euskaraz zinea ikustea. Gutxi ematen da? Baliteke, baina eman ere ematen da eta sei urte daramagu ahal den guztietan euskaraz pelikulak estrenatzen. Ikusten dugu zer emaitza duen horrek.

Zentzu horretan, urtarrilaren 1ean Harry Potter eta sorgin harria filma kate bietan aldi berean ematea esanguratsua izan zen. Seguru nago biharamunean audientzia datuak –euskarazkoak, oso kaxkarrak- arreta handiz begiratu zenituztela…

Gure helburua pelikula horren inguruan kanpaina handi bat sortzea eta bi kateak horren promozioaren alde lanean jartzea izan zen, eta ziur geunden promozio horrek lagunduko zigula ETB-1en audientzia duin bat edukitzen. Eta ziur geunden halako produktu bat emanda, eta eduki zuen oihartzuna edukita, 100.000 ikuslera heltzeko moduan geundela. Gero, errealitateak erakutsi du oker geundela. Baliteke programazio ikuspegitik zerbait gaizki egin izana. Hala bada, gogoeta egin behar da, eta gaizki egin badugu, onartu. Baina arazo guztia gaizki programatu dugula bada –hau da, jendea aukeratzera behartu dugula, adibidez- pozik egoteko modukoa da, horrek konponbidea dauka eta. Arazo hori txikia da. Nire kezka da, gure balizko hanka-sartzeaz gainera, hor beste arazo batzuk daudela, eta horiek atzeman egin behar ditugula eta horiei egin behar diegula aurre, programazio kontuak alde batera utzita. Euskaldunok euskarazko zenbait produktu kontsumitzeko daukagun zailtasuna ikusten dut. Egia da euskaraz edozer sor dezakegula, baina ez da segurua euskaraz edozer kontsumitu nahi dugun. Euskaldunok elebidunak gara, bi hizkuntza dauzkagu kontsumitzeko, eta uste dut batzutan hizkuntza bakoitza gauza baterako erabiltzen dugula. Ez dakit ohitura horiek aldatzea erraza izango den.

Hizkuntz-erregistro kontuak ere daude tartean…

Bai, hori agertzen den gogoeta bat da. Eta hala izango da! Telebista egiterakoan, entretenimendu programetan-eta, lortu egiten da jendeak modu naturalean hitz egitea, hitzetik hitzera datorkion euskara erabiltzea, eta euskara hori komunikaziorako samurragoa da. Albistegiak egin behar ditugunean, pelikulak bikoiztu behar ditugunean, gizartean bizirik ez dagoen hizkuntz-erregistro bat aukeratu behar dugu. Inork ez du hitz egiten gure albistegietako aurkezle batek bezala…

Erdarazko albistegietan bezala ere inor gutxik egiten du erdaraz…

Baina askoz hurbilago dago estandarretik. Guk badaukagu idatzizkorako estandar bat baina hizketarako beste bat, eta hizketarako daukagun hori hurbilago dago, seguruen, tokian tokiko hizkeretatik eta euskalkietatik idatzizko eredutik baino. Albistegiak egitean eta zinea bikoztean, pixka bat artifiziala den hizkuntz-erregistro bat sartu behar dugu, jendeak bat-batean erabiltzen ez duena, eta pentsatzen dut horrek zailtasun batzuk sortzen dituela.

Telebista beti da hizpide, baina 2004 urte berezia izan dela ematen du. Gobernu aldaketa egon da Espainian, “jakintsu batzordea” delakoa eratu da, telezaborraz inoiz baino gehiago hitz egin da, umeak babesteko kodeak sortu dira…

2004ak eduki duen ezaugarririk nabarmenetako batek kontsumoarekin zerikusia dauka. 2004 urtean telebista kontsumoa igo egin da. Eta gainera dezente igo da. Beraz, ustez telebistarik txarrena eta zaborrik handiena egin den urtean, telebista gehiago ikusi da. Nora joan dira ikusle horiek? Batez ere, telezaborra deitzen zaien produktu horietara, edo bestela, telebista gehien ikusten den orduetan, fikzio telesailetara. Zeintzuk izan dira programarik ikusienak? Gran Hermano, Antena 3en ematen diren era horretako programak, eta gai horien inguruan goizetik gauera Espainiako telebista nagusietan dauden magazine horiek. Telebistan nagusitzen ari omen den zabor horren aurrean gobernuak zerbait egin nahi izan du, eta autoerregulazio kodea sortu da. Momentuz, paper batean idatzitako gauza bat besterik ez da. Nik oraindik ez dut somatu telebistetan aldaketarik horren inguruan. Eta ez dut uste aldaketa handirik izango denik, zaila iruditzen zaidalako jendearen hain harrera ona edukita zenbait telebistek beren jokabidea aldatzea besterik gabe.

Baina beraiek sinatu dituzte-eta euren autorregulazio kodeak!

Behartuta egin dute baina… Espainiako gobernuak behartu egin ditu joko horretan sartzera, baina ez dut uste telebistek gogo onez eta beren borondatez egin dutenik.

ETBk somatzen al du bere buruarengan autoerregulazio beharrik?

Guk ez dugu parte hartu autoerregulazioaren negoziazio horretan, baina uste dut hor idatzi diren gauzarik gehienak gure kateek aspalditik ezartzen dituztela. Eskatzen da, alde batetik, haurrentzako programazio bereziak egitea ordutegi batzuetan, eta guk ordutegi horietan eta beste askotan badaukagu haurrentzako eskaintza bat; eskatzen da ere kontu izatea hamahiru urtetik beherakoentzako programazioarekin, hau da, ez dadila eman hamahiru urtetik beherakoek ikusi ezin duten ezer ordutegi jakin batzuetan, eta guk hori betetzen dugu; beste eskari bat da informazioa egiten denean, tratamendu informatiboa duten programetan, kontu izatea irudiekin eta zenbait gairen tratamenduarekin, eta hori ere asko zaintzen dugun gauza da.

Martxoaren 11ko eta ondorengo egunetako gertakarien inguruan guztion ahotan ibili zen gaietako bat, hain zuzen, gobernuak telebista publikoaz egin dezakeen erabilera izan zen; hori izan zen, gainera, PSOEren leit motivetako bat oposizioan zegoela. Telebista publikoak beti egoten zarete kinka horretan, gobernuan dagoen alderdiaren menpeko telebista omen zarete.

Erantzuna nonbatetik hastearren, esango nizuke seguruena etxe honetan nik bizi izan dudan askatasun garairik handiena bizi izan dugula azken sei urte hauetan. Eta nik 1983tik ezagutzen dut EITB. Norbaitek ezbaian jar dezake baieztapen hori, zuzendaria naizelako orain, eta ez kazetari soil bat, baina…. Aginte publikoekin dugun harremana modu nabarmenean aldatu da. Lehenengo eta behin, 1999an, gure historian lehenengo aldiz, zuzendari nagusia ez zuen gobernuak aukeratu, legebiltzarrak baizik, eta gehiengo absolutua behar izan zen. Hori Espainian ez da inon gertatzen. Gero, plan estretegiko bat jarri nahi izan genuen martxan, eta horretarako administrazio-kontseiluaren adostasuna bilatu genuen. Azkenik, 2007ra arteko plan estrategikoa kontrako botorik gabe onartu zen administrazio-kontseiluan. Baina administrazio-kontseilu horrek beste ezaugarri bat zeukan, inguruko telebistetan ematen ez zena: alderdi politikoek izendatutako ordezkariez gainera, gizarte erakundeek aukeratutako ordezkariak daude. Eusko Ikaskuntzak ordezkari bat dauka, Euskaltzaindiak ordezkari bat dauka, unibertsitateak ordezkari bat dauka eta kontsumitzaileek ordezkari bat daukate. Gobernuan gehiengoa daukan hirukoteak ez dauka gehiengorik administrazio-kontseiluan. Beraz, urte hauetako egoerak behartu egin du zuzendari nagusia etengabeko gestioa egitera talde guztiekin eta ordezkari guztiekin, eta askatasun beharrizan handiagoa egon da etxe honen gestioa egiteko. Bigarren berrikuntza gu eta aginte publikoen arteko harremana arautzeko sortutako irudi berria izan da: programa-kontratua. Hori ez dago inon Espainian. Programa-kontratuak, alde batetik, lasaitasuna eman digu diruari dagokionez, jakin izan dugulako urtez urte zenbat diru jasoko genuen Jaurlaritzatik. Beraz ez genuen urtez urte negoziatu behar, azken orduan eta modu zailagoan. Ez dakit diru nahikoa den ala ez, baina behintzat jakin dugu zenbat zen. Horrek egonkortasuna eman digu. Eta gainera, Jaurlaritzak zehaztu egin dizkigu gure eginkizunak; zehaztu egin da zer zerbitzu publiko eskaini behar duen EITBk, eta zehaztu egin da edukietan, programazio motatan, zenbat ordu eskaini behar zaion era bateko programazioari edo besteari, nola gestionatu behar dugu etxe hau… Momentu batean negoziazio luze bat egon zen marko hori diseinatzeko, baina markoa diseinatu ondoren askatasuna ere handiagoa izan da geure eginkizunak betetzeko. Uste dut EAEn telebista publikoa gestionatzeko modu berri bat sortu dugula ustegabean, gure inguru guztian parekorik ez daukana, eta libreagoa.

Hortik aurrera, presioak? Bai, egunero edukitzen ditugu, eta alde guztietatik gainera. Nik ez dakit beste komunikabide batzuetan nola biziko duten, baina guk presio izugarri bat somatzen dugu, alderdi politikoen aldetik batez ere, eta salbuespenik gabe.

Laugarren boterea esaten zaio telebistari. Zuk halakorik igartzen duzu? Nik ez dut horrelakorik nabaritzen. Uste dut komunikabideen eragina pentsatzen dena baino askoz ere txikiagoa dela. Bingen Zupiria Gorostidi (Hernani, 1961) ETBko zuzendariak Hernaniko Urumea ikastolan egin zituen lehen ikasketak. Hamabost urte zeuzkala familiaren negozioan hasi behar izan zuen lanean, eta arratsalde eta gauetan ikasiz lortu zuen batxillergoa burutzea. Hamazortzi urterekin Bilbora joan zen, aldi berean denda batean lan egitera eta Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikastera. 1983an hasi zen ETBn, albistegietan batez ere, aurkezle eta editatzaile lanak egiten. 1989ra arte egon zen bertan, harik eta urte hartan Eusko Jaurlaritzako prentsa buru moduan hasi zen. Jose Antonio Ardanza zen orduan lehendakaria, eta haren agintaldia amaitu arte iraun zuen Zupiriak karguan. 1999ko udaberrian ETBra itzuli zen, eta handik bi hilabetera zuzendari izendatu zuten.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Francisco Errasti. Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroko (CIMA) zuzendari orokorra: CIMA-n ez dugu enbrioi zelularik erabiltzen. Ez litzateke etikoa izango, zelula horiek gizakiak dira-eta

 

Irakurri

Ruper Ordorika. Musikaria: Euskaldunok lan bikoitza dugu

 

Irakurri

Helena Taberna. Zine zuzendaria: Orain bertan, Euskadi oso abagune egokian dago bakea lortzeko. Eta, segur aski, zinemak izan du horretan zerikusirik

 

Irakurri

José Luis Aurrekoetxea. Ingurumeneko Jarduketarako Sozietate Publikoa, IHOBEko zuzendari orokorra: 2007-2020 epean, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiak, berotegi-efektua eragiten duten gasen isurien murrizketari dagokion helburua erdiestea xedetzat dauka, Kioto-n adostutako mailari helduz

 

Irakurri

Alberto Alberdi Larizgoitia. Eusko Jaurlaritzako ekonomialaria: Euskal ekonomiako aurrezki maila, Espainiakoa baino handiagoa da

 

Irakurri