Jexux Aizpurua. Jose Migel Barandiaran Fundazioko Patronato kidea: Barandiaranen ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen

2013-12-25

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Urtetan egon zen —Gasteizen ikasle gisa eta baita irakasle izateari ekin zionean ere— euskara publikoki erabili gabe. Garaiko usadioa ala goiko aginduaren ondorioa?

Nik uste dut biak izan zirela. Artean euskara zientzia arloetan sartu gabe zegoen, eta hizkuntza normalizaziorik eza nabarmena zen, euskal eskola eta unibertsitaterik gabe. On Jose Migelek ez zuen bere jarrera euskararenganako utzikerian oinarritu, baizik eta gizartean halaxe erabiltzen zelako edo ez zelako. Beranduxeago ikusten da debekuaren kontua Gasteizen. Hala ere, Ataunen bizi zeneko eskola garaiko giroagatik-edo, berak izango zuen barruan halako arantza, euskara debekatua baitzegoen eta burdinazko eraztuna erabiltzera behartzen zituzten umeak, euskaraz hitz eginez gero. Baina gehienbat, garaiko ohitura ez zen, tamalez, euskara ikasketetan erabiltzea.

Jexux Aizpurua.

Adierazgarria da bere egunerokoetan, lehenik gaztelera baina gero, gutxi gorabehera 1956tik aurrera, gogotsu lotu zitzaion euskaraz idazteari. Zer dela-eta?

Nik uste dut Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuenean, eta Saran bizitzen jarri ondoren, hango jendea eta hemendik joandakoekiko harremanetan piztu zitzaiola euskara usuago erabiltzeko grina. Libreago ikusten bide zuen bere burua. Eta bere egunerokoan euskaraz idazten hasi zen. Lehenik euskara neutroago batean egin zuen, gehienbat zuka erabiliz nahiz eta hika ere tartekatzen zuen, baina aurki bere buruarekin hizketan arituko balitz bezala idazten hasten da, hikaz eta Ataungo hizkeran. Eta horrela segitu zuen, hil arte.

On Jose Migel izan al zen lan zientifikoetan euskara erabili zuen lehen euskalduna?

Aztertu beharko litzateke, baina 1934an argitaratu zuen “Euskalerriko leen-gizona” saiakera interesgarria eta zientzia mailan horixe izan daiteke aurrenekoetako liburua. Liburu horrek argitalpen desberdinak izan ditu, euskara batuan ere bai, Xabier Kintanak prestatua. Edizio horren hitzaurrean On Jose Migelek berak oroitzen du “berriki hartu dut euskal idazle argi baten gutuna. Oso haserre bera: nik, beste askok bezala, lehen gizakiari buruz ez omen dut ezer euskaraz argitaratu eta, ene erruz, batez ere, ez omen dakizki berak —ez bestek— ikaskuntza horretan erabili ohi ditugun mintzo bereziei dagozkien euskal hitzak. Ene ihardespena: “Inork irakurtzearren, zuk irakurri behar zenuen nik gai horretaz aspaldi argitarazi nuen liburuxka; ez duzu ordea denik ere jakin. Beldur naiz honekin ematen ote daukuzun euskal liburuak irakurtzeko daukagun joaeraren neurria”. On Jose Migelek gogorarazi behar izan zion 1934an berak liburu bat kaleratu zuela euskaraz. Idazleak ez zuen datua ezagutzen. Eta hori euskal idazle entzutetsu bati zegokion! Atera kontuak ...

On Jose Migelen euskara aztertu duzularik, aise moldatzen al zen ama hizkuntzaz bere lan zientifikoetan?

Nik uste dut baietz. Gai horietan eta euskararen aldetik inongo erreferentziarik gabe ibili behar izan zuen. “Euskalerriko leen-gizona” testuan, hain zuzen, etxeko euskara ez ezik euskalkiak ere ezagutzen zituela erakusten du Barandiaranek. “Eusko Folklore” bildumatik zetorkion aberastasuna ere baliagarria gertatu zitzaion, altxor preziatua izan baitzen hura euskalkiz euskalki bildu izatea.

Zure ustez zer espero zuen On Jose Migelek euskararen garapenarekin?

Askotan entzun genion berari etsita zegoela, bere ustez komunikabideetan eta kalean ere euskara gutxitzen ari zelako. Beraren ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen. Behe mailatik hasita unibertsitaterainoko hezkuntza sistema euskalduna zen Barandiaranentzat hizkuntza-auziaren gakoa. Hortik etorriko zitzaion euskarari, Etxeparek zioen bezalaxe, behar zuen “tornuya”. Gerra aurrean Eusko Ikaskuntzarentzat Euskal Unibertsitatearen hezurdura eta edukien inguruko zirriborroa eginda zegoen.

Harreman zuzena izan al zuen euskararen inguruko agenteekin?

Era guztietakoak. Harremanak denetarikoak gainera, intelektualak eta ludikoak. Gogoan dut 1977an egin zela Lazkao eta Beasainen artean lehendabiziko Kilometroak, Gipuzkoako Ikastolen aldekoa. Bi sarrera izan zituen, bata Lazkaon eta bestea Beasainen. Lazkaoko zinta On Jose Migelek moztu zuen eta berak irabazi zituen lehendabiziko sosak Kilometroak-eko antolatzaileentzat, horretarako propio egin zituen ibilbidearengatik. Horrezaz gain, Bizkaiko Ibilaldian, Araba Euskaraz-en eta Korrikan ere ibilita zegoen; gainera, urte batean Korrikaren lekukoak zeraman mezua Barandiaranek berak idatzi zuen eta 1989an Korrikaren omenaldi publikoa jaso zuen, euskararen alde egindako bere lanarengatik.José Miguel de Barandiaran Fundazioa
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Izaskun Artetxe García. Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomia Sailburua: Gure jarduera ekintzailearen tasak gora egin du krisia bada ere

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko Lehendakaria: Eskaintza zabala daukagula aurten ere. Etorri Durangora!

 

Irakurri

Soledad de Silva y Verástegui. Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria 2012: Erdi Aroko arteak ikuslegoa ikusezina den mundura eramaten saiatzen zen

 

Irakurri

Elixabete Garmendia. Kazetaria: Langileak euskalduntzeko plangintzak arrotzak dira ETBn

 

Irakurri

Susana Irigaray. Julio Caro Baroja Nafarroako Museo Etnologikoaren Zuzendaria: Ondare etnologiko gehienak oso balio ez material handia dauka

 

Irakurri