Joaquim Dolz Mestre. Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedraduna Genevako Unibertsitatean: Ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak irakasgaia ere izan beharko luke

2006-06-16

SILLERO ALFARO, Maider, MANTEROLA, Ibon, DIAZ DE GEREÑU, Leire

GARMENDIA IARTZA, Koro



Gizarteak gero eta trebezia handiagoa eskatzen die hiritarrei ahozko adierazmenaren arloan. Zure aburuz, zein paper bete beharko luke eskolak honi dagokionez?

Orokorrean, eskolaren zeregin nagusia irakurtzen, idazten eta kontatzen irakastea dela pentsatzen da. Baina ikuspegi tradizional hori oso mugatua da, eta arazo handiak ematen ditu. Hasteko, haurrak gero eta lehenago eskolatzen direnez, eskolan garatzen dute beren ahozko hizkuntza. Bigarren, ahozko didaktikaren inguruan egingiko ikerketek erakusten digute ezinbestekoa dela ahozko adierazmena irakastea, ikasleek jendaurrean hitz egiten ikastea. Niri alderdi hori oinarrizkoa iruditzen zait herrialde demokratikoetako hiritarrak prestatzeko orduan. Hirugarren, ikasle guztiei aukera berdinak eman nahi bazaizkie, funtsezkoa da ahozko adierazmena irakastea. Izan ere, halakorik irakasten ez denean, irakasleek haurrek etxean ikasten dutena ebaluatzen dute, hau da, ikasleen jatorri soziala ebaluatzen dute. Behe mailetako ikasleek, adibidez, ez dauzkate abokatuen seme-alaben aukera berdinak jendaurrean eztabaidatzen ikasteko. Laugarren, ahozko adierazmena funtsezkoa da eskolako beste arlo batzuk garatzeko, ahozko testuak ulertu eta sortzeko, eta klaseko ahozko trukeetan parte hartzeko, hots, eskolatzeak eskaintzen dituen onura guztiak jasotzeko.

Zer gertatzen da euskararen kasuan?

Normalizazio bidean den hizkuntza gutxituen kasuan, euskara bezala, eskolan ahozko adierazmena garatzea, hala lagunartekoa nola formala, irakurmena eta idazmena lantzea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa dela iruditzen zait. Euskadiko eskoletako ikasle guztiak irakasten zaizkien hizkuntzen (euskara, gaztelania, ingelesa zein frantsesa) ahozko erabileretan trebatzeko gai diren egunean, hezkuntza sistemarekin harro egoteko moduan egongo gara. Funtsezkoa da eskolak hizkuntzen ahozko erabileren garapenean jokatzen duen papera, baina garapen hori ez dago eskolaren esku bakarrik, baizik eta baita hizkuntzei eta ahozko erabilerei eskolatik kanpo ematen zaien balorazioaren esku ere.

Zertan oinarritu behar du ahozko hizkuntzaren irakaskuntzak eskoletan?

Lehenengo baldintza, hizkuntza erabiltzea da. Eta ikaslearen ahozko jarduerak bultzatzea. Mintzamena lantzea oinarrizkoa da, baina ez da nahikoa. Gainera, hizkuntza bat lantzeko, ezinbestekoa da hizkuntza horrekiko jarrera positiboa izatea, noski. Eskolak asko egin dezake inguruan erabiltzen diren hizkuntzekiko ikuskera positiboa garatzeko eta beren erabilera bultzatzeko.

Mintzamena lantzeko bigarren baldintza, irakasgaiak eskolan lantzen diren hizkuntza ezberdinetan irakastea da. Horrela, ikasleak ingelesa, euskara zein gaztelania landuko ditu, eta hobetu egingo du hizkuntza horietarako gaitasuna. Irakaskuntzan hizkuntza ezberdinak erabiltzeak erraztu egiten du hauek ikastea. Horregatik, azken hamarkadetan asko garatu dira metodo inmersiboak.

Eta zeintzuk dira mintzamena irakasteko metodoak?

Nire ustez, ez da nahikoa hizkuntza bat erabiltzea; mintzamenak berak izan behar du irakasgai. Irakasleek ez dute oso garbi izaten zein eduki lantzen ari diren mintzamena irakasten dutenean. Bernard Schneuwly-rekin batera argitaratu dudan liburuak, “Hacia una enseñanza del oral”, irakaskuntza mota honen ildo nagusiak azaltzen ditu: ahozko generoen ezaugarriak zehaztea, ulermena eta ekoizpena lantzeko ahozko grabaketetara jotzea, ikasleen gaitasuna aztertzea, ikasleen zailtasunak kontuan hartuta mintzamena lantzeko tailerrak antolatzea, ikasleek grabaketen bidez autoentzumena lantzea, ahozko jolasekin entrenatzea, etab. Hori guztia, proiektu eta sekuentzia didaktiko moduan antolatuta.

Mintzamenaren irakaskuntza aztertzearen inguruko ikerketak egin dituzu azken urteotan. Zerk bultzatzen zaitu alderdi hau lantzera?

Hizkuntza normalizatuen kasuan -frantsesa edo gaztelania adibidez-, beren erabilera ziurtatuta dagoenez, ez da hain garrantzitsua beren genero informalak eta lagunarteko erregistroak eskolan lantzea. Baina bai ordea erabilera formalak: debate publiko batean parte hartzea, ikaskideen aurrean aurkezpen bat egitea, elkarrizketa bat prestatu eta egitea, etab. Hizkuntza gutxituen kasuan, gainera, eskolako lan hau askoz ere garrantzitsuagoa bihurtzen da. Ez ditugu erabilera formalak ahaztu behar, hizkuntzari duintasun handiagoa ematen diotelako, baina erabilera informalak ere ez. Suitzan, jatorri frankofonoa ez daukaten haurrek frantsesaren mintzamena nola hobetzen duten ikustean, ikusi ahal izan dugu transferentziak ematen direla eskolan ikasitako erabilera formalaren eta erabilera informalaren artean.

Zein balorazio emango zenioke egindako bilakaerari?

Lan handia egin dugu. Herrialde frankofonoetan azken urteotan pedagogiaren arloan sartu den berrikuntza nagusietako bat, mintzamenarekin dago lotuta. Autore guztiek ez dituzte jarrera didaktiko berberak defendatzen, baina bat datoz irakaskuntza hau bultzatu beharrarekin, oinarrizkoa delako hiritarren hezkuntzarako. Euskadiko eskolek sekulako ahaleginak egin dituzte azken urteotan euskara garatzeko. Orain hobetu egin daiteke mintzamena lantzeko modua, baina horretarako ikertzaile eta irakasleak mobilizatu beharko lirateke, estrategia berriak aurkitzeko.

Zure iritzian, zeintzuk dira hezkuntza sistemako estamentuek (irakasleak, beren prestakuntza, material didaktikoa, eskolen antolaketa, etab.) mintzamena lantzeko orduan dauzkaten behar nagusiak?

Oso garrantzitsua da irakasleak behin eta berriro prestatzen joatea. Zentzu horretan, euskara irakasleak aitzindariak izan dira, ez baita erraza euskara irakasteko prestatzea, eta euskaraz irakastea. Nire ustez, mintzamenaren irakaskuntzan dauden berrikuntzak nahikoak dira beren ahalmen profesionalak hobetzera bultzatzeko. Prestakuntza hori eskoletan bertan antola liteke, beren lankidetzari esker material didaktiko berriak sortu eta esperimentatzeko.

Eta garrantzitsua da irakasleak koordinatzea: hizkuntzen irakasleek irakaskuntza integratua bultzatu behar dute, ikaskuntzen eta metahizkuntzen erabileraren arteko transferentziak sustatzeko. Oso garrantzitsua da irakasleak koordinatuta aritzea, mintzamena delako gainerako irakasgaien adierazpidea.

Beharrezkoa iruditzen al zaizu mintzamenaren eta idazmenaren irakaskuntza artikulatzea?

Jarraitasun bat dago mintzamenaren eta idazmenaren artean. Oso garrantzitsua iruditzen zait bien arteko artikulazio eta elkarrekintza, betiere bakoitzaren ezberdintasunak aintzat hartuz gero.

Zeintzuk dira, zure iritzian, euskararen irakaskuntzak dituen erronkak, hizkuntza gutxitua dela aintzat hartuz? Bere erabilera guztiak garatzea: ahozkoak eta idatziak, formalak zein informalak. Hori da erronka nagusia. Euskadiko biztanle guztiak gaztelaniaz zein euskaraz hitz egiteko, irakurtzeko zein idazteko gauza izaten direnean, hizkuntza batean bezala bestean, bete egingo da Euskadiko eskolen helburu nagusietako bat. Joaquim Dolz Mestre (Morella, 1957) Hezkuntza Zientzietan doktorea da, eta gaur egun Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedradun gisa dihardu Genevako Unibertsitatean (Suitza), Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Hezkuntza Saileko aholkularia izan da Genevako Kantoiean (1992-2000) eta baita Andorrako Gobernuan ere, Printzerrian abian jarritako sistema eleanitza planifikatzeko. Hizkuntzaren didaktika aztertzen daramatzan 25 urte baino gehiagotan, liburu zein artikulu asko argitaratu ditu, eta hitzaldi ugari eskaini. Hezkuntza eleanitzan aditua dugunaren lanak aski ezagunak dira Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako eskoletan.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko lehendakaria: Ez dakit noraino diren beharrezkoak hainbeste elkarte txiki herri bakoitzean, askotan zentzurik ere ez daukaten muga administratibo batzuei jarraituz

 

Irakurri

Gregorio Monreal. Zuzenbidearen Historian Katedraduna: Zapaterok autodeterminazio eskubiderik ez dagoela esatea Espainian eskubide hori aitortzearen gaineko bere iritzia ematen duen politiko baten esaldia besterik ez da

 

Irakurri

Julio Ibarra. Metro Bilbao-ko komunikazio-burua: Bilboko Metroa arima bako garraioa da; hori da nire kritikarik handiena, eta neurri batean konpontzen saiatuko naizena

 

Irakurri

Marian Elorza. Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaria: Euskal enpresak atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere

 

Irakurri

Antxon Aguirre Sorondo. Etnologoa, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da

 

Irakurri