Marta Cárdenas: "Pintatzea oso gauza naturala da niretzat. Gorputzak eskatzen didana eta behar duena pintatzen dut"

2003-03-07

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Marta Cárdenas Marta Cárdenas, pintorea Pintatzea oso gauza naturala da niretzat. Gorputzak eskatzen didana eta behar duena pintatzen dut * Teresa Sala Marta Cárdenasek aire zabalean pintatzeko ohitura du, mendian edo soroan, eta Euskal Herriko paisaiak eta jendeak "pozez zoratzen" dutela dio. Madrilen bizi den donostiar honentzat, pintura "inguruan daukaguna ulertzeko, gozatzeko eta edertasuna bilatzeko beste modu bat da", eta gaitasun hori lortzen lagundu diona, erakusketak prestatzea edo koadroak egitea baino gehiago, bere artearekiko interesa azaldu duen jendearekin egotea izan omen da. Cárdenasek sorpresara eta inprobisaziora jotzen du errealitate aldakorra irudikatzeko. Emakume honek pintorea baino ezin zuen izan. Has gaitezen hasieratik. Noiz hasi zinen pinturarekin eta artearekin oro har harremanetan jartzen? Uste dut 1958 eta 1959an hasi nintzela, Donostiako mojen eskola batean batxilergoko seigarren maila ikasten ari nintzenean. Ikaragarri gustatzen zitzaidan marraztea eta pintatzea. Oliorik ez neukanez, akuarelak egiten nituen. Idaztea ere asko gustatzen zitzaidan. Nire literaturako irakaslea Elvira Gailurralde izan zen, eta oso harreman estua zeukan Luis Martín Santos eta bere taldearekin. Berak proposatu zidan Elkarte Artistikora joatea. Marrazketa eskolak eta oso hitzaldi interesgarriak ematen zituztela esan zidan. " Zomorro kabia" Taula gaineko olioa, 1999. Argazkia: Manuel Blanco Nolako giroa zegoen urte haietan Elkarte Artistikoan? Elkarte Artistikoan Luis Martín Santos eta José Luis Munoa zeuden, kultur ekintzak antolatzen, baina garai frankista zenez, edozein jarduera mota, kulturala izate soilagatik, susmagarria zen Erregimenarentzat. Antolatzen ziren hitzaldi guztietan poliziak eta Guardia Zibila egoten ziren kontrolatzen. Marta Cárdenas Gogoratzen al duzu gertakari bitxiren bat? Behin 98ko Belaunaldiari buruzko hitzaldi bat eman zuten, oso interesgarria, baina, dirudienez, gauza "onartezinen" bat esan zuten, eta Erregimenakitxi egin zuten Elkartea. Handik bizpahiru hilabetera berriz zabaldu zituen bere ateak, baina marrazteko bakarrik, debekatu egin zutelako hitzaldiak ematea. Marrazketa eskoletan, kalean ikusten genuen jendea marrazten genuen, zegoen bezala. Logikoena izango zen pertsona biluziekin ere gauza bera egitea, baina hori garai haietan pentsaezina zen. Gainera, ez dut uste gizon batek ere bere ezagun edo senideren bati biluzik posatzen utziko zionik; hori astakeria zen. Nik Gallegorekin marrazten nuen, izugarri maisu ona. Don Ascensio Martiarena ere ikaragarri ona zen, kalitate handiko pintorea. Gerra Zibila baino lehen Parisen egon zen bizitzen. Martiarena artista postinpresionista bat zen, baina, beste gauza guztien gainetik, irakasle aparta zen. Bere ikasleak izan ziren, besteak beste, Carlos Sanz, Rafa Ruiz Balerdi eta Laura Esteve. Martiarenak gehienbat marrazkiak egiten zituen. Gure marrazkiek bizitasuna izan behar zutela esaten zigun. Ez zen batere akademikoa marrazkiari buruz zeukan ikuspegia. "Sasibeirate urdin eta gorria" Taula gaineko olioa, 1998 Argazkia: Manuel Blanco Madrilgo Arte Ederren Eskolan ikasteko aukera ere izan zenuen... Bai, sei urte eman nituen Madrilgo Arte Ederren Eskolan. Han El Paso mugimenduko obrak eta artistak ezagutu nituen, eta baita ere Dau al Set korronte katalanekoak kideak. 1964an Juana Mordók galeria bat zabaldu zuen Madrilen, eta Kataluniako mugimenduaren obra pila bat erakusten hasi zen, Cuencako Taldearen obrak, eta garai hartako obra abangoardistak. Eta Vicente Ameztoy bezalako artistei orduan ez zituen hamasei edo hamazazpi urte baino gehiago izango aukerak ematen zizkien. Artista asko Akropolisera lehen aldiz joaten diren turistak bagina bezala joaten ginen Juana Mordóren galeriara, poz pozik. Guretzat leku sakratu bat zen. Han ematen ziguten guztia edaten genuen. Urte haietan, Donostian, oso harreman estua izan nuen Eduardo Chillida, Rafa Ruiz Balerdi, Oteiza eta Mendibururekin. Marta Cárdenas Argazkia: Luz Jimenez Nolakoairuditzen zaizu emakumeen presentziak artearen esparruan oro har, eta pinturan bereziki, izan duen bilakaera? Pozik erantzungo nizuke trantsizioaren urteetan emakume artistak nolabait suspertu egin ginela, baina nik uste dut diktadura frankistaren aurretik eta ondoren nahiko presentzia berdintsua izan dugula artean. Dena den, bai iruditzen zaidala gaur egun emakume gehiago daudela artearen munduan sartuta. Erakusketetara joatean, ia esango nuke emakumezko pintoreak gehiago direla gizonezkoa baino. Eta kalitatearen ikuspuntutik ere, emakumezkoak hobeak direla esango nuke. Madrilgo Arte Ederren Eskolan emakume asko ari ziren ikasten, baina ez oso arrazoi atseginengatik. Familia aberatsetako mutilak oso gutxitan hasten ziren Arte Ederrak ikasten; gehienak Ingeniaritza edo Arkitektura bezalako ikasketa "serioagoak" egitera behartzen zituzten. Baina familia aberatsetako neskek, ez zeukatenean oso garbi zer egin, pintura ikasten zuten, "oso polita" iruditzen zitzaielako. Titulo gabe Taula gaineko olioa Argazkia: Manuel Blanco Nolakoa izan da irakasle gisa aritzearen esperientzia? Eskolak emateko aukera dezente izan ditut, eta guztiak oso aberasgarriak iruditu zaizkit. Besteak beste, Zumarraga eta Errenteriako institutuetan aritu naiz. Oso esperientzia polita izan zen, zeren haurrak lehen hamaika edo hamabi urterekin hasten ziren Batxilergoan, eta adin horretan dena harrapatzen dute, xehetasun guztiak, oso fresko eta espontaneoak dira. Gainera, hain gazteak izatean erraztasun handia dute irudiak egiten eta pintatzen ikasteko, eta beste pertsona helduago batek bezain ondo pintatzen dute. Artelekun, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan eta Nikaraguan ere eman ditut zenbait ikastaro. 1970ean egin zenuen lehenengo erakusketa, eta oraindik horrelakoetan parte hartzen jarraitzen duzu. Zer sentitzen da norberaren obra jende ezezagunaren aurrean erakusterakoan? Kontua da inguruan daukaguna beste modu batean ulertarazi eta gozatzea, edertasuna beste modu batean aurkitzea. Nik hori,erakusketetan baino askoz ere gehiago, nire inguruko jendearekin egoten ikasi dut. Nik aire zabalean pintatzeko ohitura dut. Askotan joaten naiz mendira pintatzera, eta baserritarrei asko interesatzen zaizkie nire koadroak. Goiatzen, adibidez, Juli izeneko emakume bat bizi zen aldamenean, eta oso modu berezian ulertzen zuen artea. Gainera, nik uste dut nirekin gehiago garatu duela gaitasun hori, eta horrek poz handia ematen dit. Aberastasun hori ez didate erakusketek eman, baizik eta eguneroko lanak, aurreratzen noala ikusteak. Marta Cárdenas Besteak beste Vicente Ameztoy eta Rafa Ruiz Balerdi aipatu dituzu. Beste inolako pintoreren eraginik jaso duzu? Nire ustez, garai ezberdinak izaten dira, eta garai bakoitzean arte mota desberdin batekiko pizten zaizu interesa. Niri hasieran Velázquez gustatzen zitzaidan; gero Morandi, Monet eta ekialdeko kaligrafia; eta orain, duela zenbait urtetik hona, Pazifiko aldeko eta Indiako herrietako artea interesatzen zaizkit. Gure kulturako arte arkaikoa ere asko interesatzen zait, Kretako artea, Egiptokoa, Mesopotamiakoa... Zer irizten duzu teknologia berriek egungo panorama artistikoan duten eraginari buruz? Nire ustez hor badira bi alderdi, paraleloak izan arren oso ezberdinak direnak: alde batetik ezagutzak zabaltzeko dauden bitartekoak daude, Internet bezalakoak, eta bestetik pintatzeko modu berriak, adibidez ordenagailu bidez. Aitortu behar dut Internetek ez nauela erakartzen, seguraski ez dudalako nahi inor nire obra kopiatzen hasterik. Erakusketa asko egin izan banitu eta jendeak ezagutuko banindu, ez litzaidake axolako, baina orain bertan ez daukat gogo handiegirik. Internet beste pintoreak ezagutzeko bitarteko bezala erabiltzea ere ez zait interesatzen, Internet bidez ezagutu dudanak ez nauelako batere konbentzitzen. Badirudi zerbait ordenagailu batean egon badaiteke, baina ez baldin badago, zorigaitza dela. Koloreak ez dira berdin ikusten, ez du irudi erreala ematen, eta niretzat oso garrantzitsua da koadroen eta Pinturenitxura fisikoa. Titulo gabe, 2000 Taula gaineko olioa Nolakoa izaten da Marta Cárdenasen lanegun bat? Egun guztiak ez dira berdinak izaten. Normalean kanpoan pintatzen dut, baina orain, adibidez, estudioan aritzen naiz lanean. Dena den, boladak izaten ditut: batzuetan pila bat pintatzen dut, eta beste batzuetan grabatuak edo grafikak egiten aritzen naiz. Asko gustatzen zait Euskal Herriko zelaietara joatea, baserrietako jendearekin hitz egitea, eta, bide batez, euskara pixka bat praktikatzea. Hori bai gustatzen zaidala. Marta Cárdenas Argazkia: Enrique Orbegozo Nola jakiten du artista batek zein den bere espresatzeko bidea? Artista bakoitzak bere modura jakiten du. Nire familia oso pinturazalea zen; aitari asko gustatzen zitzaion marraztea eta pintatzea, eta gainera oso ondo egiten zuen, eta etxean artelanen bilduma txiki bat geneukan. Oraindik ere badaukat Ricardo Barojak egindako koadro bat, nire gurasoena zena. Nik oso erraz jakin nuen pinturaren bidetik jo behar nuela, oso gauza naturala izan delako nire bizitzan, baina nik uste dut artista bakoitzaren kasua desberdina izaten dela. Titulo gabe, 2001 Taula gaineko olioa Argazkia: Manuel Blanco Zein egitasmo dauzkazu epe laburrera? Erakusketa batzuk prestatzen ari naiz, Madrilerako, Donostiarako eta Iruñarako. Baina, erakusketak izan edo ez izan, nik beti berdin pintatzen dut. Gorputzak behar duena, eskatzen didana pintatzen dut. Marta Cárdenas (Donostia, 1944) Donostiako Elkarte Artistikoan eta Madrilgo Arte Ederren San Fernando Eskolan ikasi zuen. 1970ean egin zuen bere lehenengo bakarkako erakusketa, Donostiako Huts Galerian. 1969. Gobernu frantsesaren beka 1980. Juan March Fundazioaren beka. Madril. Besteak beste, honako arte galeriatan ipini ditu bere koadroak ikusgai: Kreisier, Aele, Celini, Estampa eta Soledad Lorenzo Madrilen. El Pez, La Colchonería eta Galería Dieciséis Donostian. Palace Granadan. Gian Ferrari Milanen. Carmen Durango Valladoliden. Fundación Gulbenkian Lisboan. Magda Belloti Algecirasen.Sala Luzán Zaragozan. Charpa eta la Nave Valentzian. Fernano Silió Santanderren. Museo eta bilduma publikoetan dauzkan obrak Reina Sofía Artearen Museo Nazionala. Madril. Juan March Fundazioa. Madril. Liburutegi Nazionala. Madril. Udal Museoa. Madril. Arte Modernoaren Museoa. Bilbo. Museo Probintziala. Vitoria Gasteiz. Moncloa jauregia. Madril. Arte eta Historiaren Museoa. Durango. Teresa Sala Argazkiak: Manuel Blanco, Luz Jimenez eta Enrique Orbegozo Euskonews & Media 202. zbk (2003 / 03 / 07 14) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Patxi Goenaga Mendizabal: Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da.

 

Irakurri

María Elena Etcheverry de Irujo: "Elkarrekin hartu genuen argitaletxea Argentinan jarraitzeko konpromisoa, nahi izanez gero euskal gaiei buruz ikerlanak argitaratzeko aukera emateko".

 

Irakurri

Juanma Bajo Ulloa: "Zinea egin ez banu, orain gaixorik negoke edo gaizkile arrunta izango nintzateke".

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun: "Epaileon independentzia arriskuan dago".

 

Irakurri

José Allende: "Demagogiatik ekintzara igarotzeko ordua da".

 

Irakurri