Menchu Gal. Margolaria: Ezin dut nire bizitza pinturarik gabe ulertu

2006-12-22

AGIRREZABAL, Lore

Menchu Gal bizia da, kolorea da, pinturari eskainitako bizitza oso bat da. Zazpi hamarkada baino gehiago daramatza pintatzen, eta sari eta aitorpen ugari jasotzen. Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso duen lehendabiziko emakumea izan da. Azkeneko bi urteetan honakoak jaso ditu: bi urrezko domina (Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Irungo Udalarena) eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, bere ibilbide osoaren ordain. Koloreek gainezkaturiko bizitza, pintzelkadaz pintzelkada marraztua.

Orain arte Madrilen bizi izan zara, orain, ordea, Iruna itzuli zara, zure sorterrira.

Ia hiru urte daramatzat dagoeneko Irunen. Ez nintzen osasunez oso ongi, eta hemen seguruago sentitzen naiz. Nire herria gustuko dut, eta hemengo bizimodua ez zait aspergarri. Paseatu nahi izanez gero, Madril baino atseginagoa da, ni El Retirotik hurbil bizi nintzen arren. Edozein modutan, Madril oso hiri handia da.

Etorri zinenetik, dagoeneko zenbait sari jaso dituzu: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina, Irungo Urrezko Domina eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, zure ibilbideagatik eman dizutena.

Izugarri eskertzen ditut guztiak. Manuel Lekuona saria bizitza osoari emandako saria izan da, eta oso egokia iruditzen zait. Onarpen handia izan da, benetan.

Bizitza osoa pinturari eskainia.

Hala da, bai. Eta ez da erraza izan. Nire karreraren hasiera oso gogorra izan zen. Madrila joan nintzen, ez nuen inortxo ere ezagutzen, gaztea nintzen eta galduta sentitzen nintzen, itsasoan banengo bezala. Borroka latza izan zen. Hogei bat urte izango nituen, eta garai hartan emakume gutxiago zegoen orain baino. Pintatzen zuten emakumeak baziren, baina ez akademietan ikasten zutenak, edo pintura lanbide zutenak.

Neskato bat zinelarik sartu zinen pinturaren munduan; lehenengo Irunen, Gaspar Montes Iturrioz-ekin, eta gero Parisen.

Bai. Ez dakit inguruarengatik izango ote zen, hemengoak oso frantsestuak garelako izango da; han bete nituen, bai, 15 urte. Oso gaztea nintzen, baina biziki ongi moldatu nintzen. Urtebetez egon nintzen han, eta gero sarritan itzuli izan naiz berriro. Azkeneko aldiz, Monet-en erakusketa bat ikustera joan ginen: zoragarria. Denbora dezente da ez naizela bertan egon eta itzuli behar dut, itzuli nahi nuke.

Horren aurretik, 1932an, Gipuzkoako Artista Berrien Saria eman zizuten. Begi bistakoa da pintore eskua zenuela, ezta?

Pintore eskua ez dakit. Ama zen nik nuena; ni Parisa joateko ideia amarena izan baitzen. Gainera hark ez zien beldurrik ematen. Niri beldurra emango lidake hamabost urteko neskatila bat horrelako hiri handi batera bakarrik bidaltzeak.

Zein oroitzapen ekartzen dizkizu garai hark?

Montparnasse-tik nahiko hurbil dagoen auzo batean bizi nintzen ni, akademiak eta artista-giroa dauden lekuan. Nahiko azkar ohitu nintzen hiri itzel eta zinez eder hartara, ez nintzen sekula izuturik sentitu. Jende hautakor eta apartekoa, bietakoak joaten ziren estudio batean egon nintzen. Jende nagusia zen. Ni nintzen gazteena (hamabost urteak bete berri nituen), eta han baziren hirurogeita hamar urte baino gehiago zituzten gizonak. Ipar amerikarrak, alemaniarrak, eta, jakina, frantsesak zeuden. Ni nintzen espainiar bakarra. Gogoan dut irakaslea benetan gogorra zela; larunbat goizetan lana zuzentzen zigun, oso irmo, 12:00ak puntuan. “¡Aaaai! Ceux espagnols, ceux espagnols...” esaten zidan niri beti, zuzendu eta gero berriz akats berberak egiten nituelako. Baina zinez ondo egon zen.

Horrez gain, Montparnasse-ra joaten nintzen askotan. Gogoan dut, behin, han noraezean nenbilela, galeria batean jende mordoa zegoela ikusi nuela, eta, neukan adinarekin batere lotsarik sentitzen ez nuenez, zuzen-zuzenean sartu nintzela barrura. Matisse-ren erakusketa bat zen; Matisse-rena, alajaina! Ezin hobeto ibili nintzen, koktela ere bazegoen. Baina, azkenean, bota egin ninduten, ez nengoelako gonbidatuta. Ez neukan ideia zipitzik ere gonbidapenarekin zela, eta zoragarri nenbilen. Ez zitzaidan kanporatzea axola izan, ordurako erakusketa ikusia nuelako; ikusmiran aritu nintzen, koktelean ere hartu nuen parte, eta poz-pozik irten nintzen. Oso jende garrantzitsua zegoen, garaiko pintore ezagunak; orain ez ditut oroitu ere egiten. Eta erakusketa, aparta izan zen.

Ondoren Madrila joan zinen ikasketekin jarraitzera. Nolakoak izan ziren urte haiek?

Zoragarriak. San Fernando-n ikasi nuen, eta oso gustura egon nintzen han. Irakasleen artean, Arteta pintorea izan nuen; zaharra zen oso, baina xarmangarria. Pertsona leuna zen, gainera, barkamena eskatuz moduan zuzentzen zigun lana, eta isil-isilik ibiltzen zen. Biluziak egiten genituen, biluzi piloa. Gogoan dut, behin bat oker samar atera zitzaidala, eta zuzentzeko makila bat jarri niola; bada, izugarrizko grazia egin zion. Biluzia ez erortzeko makila marrazteko ideia gustatu zitzaion. Beraz, beste behin ere egin nuen, baina hartan, makilarena ez zela sinesgarria esan zidan, dagoeneko ez zuela funtzionatzen. Vázquez Díaz ere izan nuen irakasle. Oso jatorra zen. Hondarribian igarotzen zuen uda, eta lurralde-kidetasun moduko bat zegoen bion artean.

Egia esan arras gustura egon nintzen Madrilen, ez zitzaidan batere nekagarri suertatu lana, ez eta akademian egotea ere. Modelatu-eskolak, biluzi-eskolak eta abar izaten genituen. Oso intentsiboa izaten zen; goizeko bederatzietan hasi, eta eskolatik gaueko bederatziak aldera irteten ginen. Gainera, neska bakarra nintzela uste dut, gainerako guztiak gizonezkoak ziren. Akademiako giroa atsegina zen, baina niretzat dibertigarrienak Grande Chaumière-ko eskolak izaten ziren. Eskola-ordu libreak izaten ziren; ez genuen irakaslerik ere izaten. Baina biluziak egiten genituen eta aparta izaten zen. Nahi zenuen orduan ager zintezkeen, sarrera ordaindu, eta kitto. Oso interesgarria iruditu zitzaidan.

Garai hartan Madrilgo Eskolako kide izan zinen.

Bai. Emakumezko bakarra nintzen, eta Edurne Zuri eta zazpi ipotxak deitzen ziguten, pintoreak, hain justu, zazpi zirelako. Oso ongi ibili nintzen, baina batzuetan oso gogorra izaten zen, esaterako, pintatzera, galdutako lekuetara joaten ginenetan; ostatu beldurgarrietan egiten genuen gaua, eta ni zazpi pintoreen artean. Barre ugari egiten genuen, egia esateko, beti bromak egiten ibiltzen zitzaizkidan. Baina ez pentsa emakume izatearren desberdin hartzen nindutenik; ez zidaten eserlekua eskaini edo horrelakorik egiten, ez. Hura bai zela “nik neurea eta hor konpon!”.

Lan asko egiten genuen, benetan. Ni, lan egiten nuen estudio berean bizi nintzen. Lehenengo, ostatu batean egon nintzen bizitzen baina estudio batera joatea erabaki nuen, ostatua ez baitzegoen batere ondo; zimitzak izaten nituen han pisukide. Estudioa, berriz, izugarri polita zen. Goian, terraza eder bat zeukan, igerileku eta guzti. Begira zer luxu! Estudioa gela bakarrak eta bainu-gela batek osatzen zuten, baina goikoa... Ez dakizu zeinen polita izaten zen bero madrildar haiekin, pintatze-lana amaitu, eta gora igotzea. Bainu-jantzia soinean nuela igotzen nintzen, eta zuzenean sartzen nintzen igerilekuan. Hain zegoen goian, ia zeruan zegoela iruditzen zitzaidan. Ikuspegia Vallecas-eraino iristen zen. Nola oroitzen ditudan iluntze kiskalgarri haiek! Madril ez zen gogorra izan nirekin, ez.

Baina gerraostekoak garai latzak izan ziren pinturarentzat, ezta?

Bai. Gerra garaian ni Frantzian egon nintzen errefuxiaturik. Iruna itzuli ginenean etxea suntsituta aurkitu genuen. Izugarria izan zen hura, eta panorama ikusita, Madrila alde egitea erabaki nuen. Orduan sortu genuen Madrilgo Eskola. Zazpi ginen, eta horietatik bi euskaldunak, Luis García Ochoa eta ni. Oso esperientzia ederra izan zen. Edozein modutan, garai hartan miraria izaten zen margolan bat saltzea, eta salmentaren bat egiten genuenean elkarri deitzen genion. Gerraostean margolan bat saltzea ospatzeko moduko gertaera izaten zen, ezohikoa, erabat. Uste dut besteentzat errazagoa izan zela, nik ostatu beldurgarri batean bizi behar izan bainuen. Gainerakoak beren familiekin bizi ziren, ni, ordea, bakarrik nengoen, zimitzak zituen ostatu hartan. Lehenengo hiru urteak gogorrak izan ziren, baina, ondoren, zorte handia izan nuen. Biosca galerian sartu nintzen, garaiko onenean.

Zure lana, batez ere, paisaian oinarritu duzu. Zer ematen edo inspiratzen dizu paisaiak?

Erakarri egiten nau. Hain da anitza, hainbeste modutan begira diezaiokezu... bikaina da. Argia aldatzen zaizu, eta zoragarri egiten du. Nik, lehen, egun osoa mendian ematen nuen. Janaria eramaten nuen eta argia nola aldatzen zen egoten nintzen beha. Ia gaua zelarik amaitzen nuen, gauekoak pintatzen. Bestalde, ez dut sekula kalea pintatu, ez nau erakartzen, inondik inora. Beti jo izan dut, askoz gehiago, mendira. Paisaia landu dut gehiago, hasiera batean, oso gustuko dudalako, eta errazagoa iruditzen zaidalako.

Zergatik?

Ez diozulako inori eskatu behar margolanerako paratzeko. Bertara joan eta nahi bezala hasten zara lanean, oso atsegina da. Hori bai, euria eta haizea erruz jasan behar izan ditut. Bada denbora pintatzera irten ez naizela.

Baina pintatzen jarraitzen al duzu?

Bai, bai. Batik bat in mente. Interes berberarekin jarraitzen dut, esango nuke hasi nintzenean bezain barneratua sentitzen naizela pinturan, edo agian barneratuago, pentsa. Egia esan, ez dut nire bizitza pinturarik gabe ulertzen. Jardun ez baino begiratu besterik egiten ez dudan arren, behatzailea naiz eta oso ongi pasatzen dut horretan. Museo berrietara joaten naiz, bai Espainian, bai Londresen, Parisen, New York-en etab.

Ibilbide horrekin guztiarekin eta zure talentuarekin, 1959an, Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso zuen lehendabiziko emakumea izan zinen.

Bai. Oso garrantzitsu eta ezustekoa izan zen. Espainiako Pintura Sari Nazionala jaso duen lehendabiziko emakumea naiz eta ez dakit orain arte besteren bati eman dioten. Oso polita izan zen. Berria emateko deitu zidatenean arnasarik gabe geratu nintzen. Garai hartan Madrilen bizi nintzen, baina Gabonak zirenez, Irunen nengoen, eta herriak emandako erantzuna sinestezina izan zen. Berehala Oteizak, orduan hemen, Frantzia Etorbidean bizi baitzen Basterretxearekin, afari izugarria antolatu zuen. Ni ezin hunkituago nengoen baina ikaragarrizko haginetako minaz. Zazpi bat pilula hartu eta hurrengo egunean dentistarengana joan behar izan nuen. Hala ere, niri bost, pozez zoratzen nengoen-eta. Egun hartaz oso oroitzapen ederra daukat.

Jaso dituzun sari guztiez gain, orain, laster Irunen irekiko duten museoak zure izena eramango du: Bidasoako artisten Menchu Gal Museoa.

Poz handia hartu dut, poz izugarria. Eta nire lanaren zatirik onena hara eramatea pentsatzen dut. Laster irekitzea espero dut, gure adinean edozein unetan hil zaitezke-eta. Eta, ez. Nik irekita ikusi nahi dut.

Bizitzak saritu egin zaituela esan genezake.

Bai, benetan eskertzen dut hori. Zaila da pinturatik bizitzea, baina niri sarien bidez saritu didate, eta balioa eman zaien margolanen bidez.

Zer izan da pintura Menchu Gal-entzat?

Dena. Garrantzitsuena. Bizitzeko arrazoia. Egia esan, txikitan, denboraldi batez, balet-dantzaria izan nahi nuela eduki nuen buruan sartuta, oso gustuko bainuen. Eta nik ez dakit nor izan zen, baina garrantzizko norbaitek, zera esan zidan: “baina, emakumea, zu nola izango zara, bada, balet-dantzaria, mamutzarra dirudizu-eta!” Oso altua nintzen, eta orduan balet-dantzariak txikiak izaten ziren. Segituan baztertu nuen ideia hura.

Oso maite dituzu koloreak, ez da hala?

Bai. Gogoan dut Parisko akademian kolore guztiak kentzen zizkigutela eta zuria, beltza eta lur-koloreak soilik uzten zizkigutela. Nik izugarri sufritzen nuen. Garai ankerra izan zen, eta berehala utzi nuen, noski. Nik izugarri gustuko dut kolorea, disfrutatu egiten dut kolorearekin. Batzuetan jan ere egingo nuke, pentsa.

Une hauetan, zer kolore du zure bizitzak?

Beno, ez dakit. Niri asko gustatzen zait kanpoan pintatzea, eta orain ia ez naiz irteten. Hemendik pintatzen dut, baina ez da gauza bera.

Eta zer kolore du hemendik ikusten duzunak?

Berdea eta grisa ditu nagusi; zuhaitzak berdeak dira, eta lurzorua grisa. Etxeak okre modukoak dira. Ez da oso koloretsua. Baina biziki gustuko ditut Aiako Harriak. Kolore guztietan ikusi ditut. San Martzial eta Aiako Harriak sarri agertu izan dira nire margolanetan. Hala ere, horietako batzuk ez ditut dagoeneko. Margolan ugari saldu dut, eta orain, ez dauzkat ikusi ahal izateko. Hainbeste saldu izan ez banitu!

Eta Madrilek zer kolore du?

Okre argia da.

Eta Parisek?

Grisa. Grisa eta urdinkara. Erabat bestelakoa, baina oso polita hau ere.

Nolakoa da egun bat Menchu Gal-en bizitzan? Bada, orain nahiko alferra. Baina in mente ari naiz pintatzen. Pedantea da esan dudana, baina egia da. Izan ere, ni beti ari naiz pintatzen. Gauez etortzen zaizkit ideia guztiak. Oso gautarra naiz. Burura datorkidan guztia pintatuko banu... Egunean zehar ikusi eta xurgatu egiten dut, irentsi, eta gauez, burutu. Orduantxe sentitzen naiz ongien, eta nekez joaten naiz ohera goizeko hirurak baino lehenago. Egun osoa ematen dut pintatzen, baina in mente: oso gustuko dudan leku bat ikusi, eta nire burua astoarekin irudikatzen dut bertan, pintatzen. Menchu Gal (Irun, 1918)

Irunen jaio zen 1918an. Haurra zela hasi zen margolaritzan bere adinkideen artean nabarmentzen, eta 14 urterekin Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketako saria jaso zuen. Gaspar Montes Iturrioz artista izan zen bere lehenengo irakaslea, eta, hura bezala, Menchu Galen ama ere berehala ohartu zen margolaritza zela alabaren pasiorik handiena. Handik urtebetera Parisen zen Menchu gaztea Amedee Ozenfant kubismoaren maisuaren eskolak jasotzen. Urtebete egin zuen han eta ondoren Aurelio Artetaren eskolan eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Eskolan egin zituen. Gerra ostean, bere lekua egiten hasi zen Espainiako hiriburuan eta Madrilgo Eskola deituriko mugimenduko kide izan zen. Bere artelanak Espainiako eta nazioarteko erakustokirik garrantzitsuenetan egon dira ikusgai: Pintore espainiarrak New Yorkeko azokan (1964), Lisboako Gulbenkian Fundazioan egindako "Paisaia Espainiako pintura garaikidean" (1971) erakusketa, Conde Duque kulturgunean “Emakumeak Espainiako artean” erakusketa eta Madrilen egindako “Vallecaseko eskola eta paisaiaren ikuspegi berria” (1990). Bilboko Arte Ederretako museoan edo Madrilgo Reina Sofian ere ikus daitezke bere obrak. 1959an Pintura Sari Nazionala lortu zuen; sari hori jasotzen lehenengo emakumea izan zen irundarra. Gerora beste hainbat sari ere jaso ditu, horien artean garrantzitsuenetarikoak aurten jaso dituenak: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko domina, Irungo Udalaren Urrezko domina eta Eusko Ikaskuntzak banatzen duen Manuel Lekuona Saria, euskal kulturaren alde egin duen lan eskerga sarituz.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Igone Azpiroz eta Alberto de la Cuesta. Eusko Jaurlaritzako Etengabeko Ikaskuntza zuzendaria eta Tknikako IKT eta e-Learning zuzendaria: Etengabeko ikaskuntzaren bidean, erakundeak izugarrizko eskaintza egiten ari gara, eta beharbada gizarteak ez du oraindik hausnartu bide horretan gaudela

 

Irakurri

Ignacio Murgia Mañas. Osalan-eko zuzendari nagusia: Enpresaren errealitatea izugarri ari da aldatzen, langilea babesteko baliabideek, aldiz, oso mantso egiten dute aurrera

 

Irakurri

Benito Lertxundi. Musikaria: Euskarari eraso egiten zaionean, minduta sentitzen naiz, ni ere euskara banaizelako

 

Irakurri

Nuria López de Guereñu Ansola. Garraio eta Herri Lan Saileko Sailburua: Gure etorkizuna bermatu nahi badugu trenera jo beharra daukagu, garraiobide eraginkorra eta iraunkorra baita

 

Irakurri

Joaquín Gálvez. Idazlea eta gerrako umea: Etxebizitzak, zenbait oroitzapen, bizipenak... ahazten joan zaizkit baina zorionez, memoria gelditzen zait oraindik

 

Irakurri