René Cassin: "Beti defendatu izan du ideal bera: Bakea azken bururaino"

2003-05-23

BUTRÓN, Ainize

René Cassin René Cassin, Euskal Herrian jaiotako Nobel saridun bakarra "Beti defendatu izan du ideal bera: Bakea azken bururaino" * Ainize Butron René Cassin Baionan jaio zen, eta, nahiz eta oso gaztetatik hiria utzi behar izan zuen, bizitza guztian Baionarekiko loturari eutsi zion. Horrela azpimarratzen dute Raoux jaunak eta andreak, René Cassinen lehengusu txiki eta azkeneko ondorengo: «Santespiritu auzoko judutar arbasoekin oso lotura estua zuen; batez ere, familiarekin». Maitasun horren adierazle amarekin, uda oro, hirian emandako egonaldiak dira, Santespiritu auzoko familia etxean, hain zuzen. Raoux jaunak gogoratzen duenez, «Ingalaterrara joateko ontziratzea erabaki zuenean, Santespiritu auzoko hilerri judutarrera joan zen, arbasoei azken agurra ematera». René Cassinen azkeneko ondorengoekin izan dugun solasalditxoan gizon honen oroimena gogoratzeko aukera izan dugu; gure mendean garrantzi handia izan duen gizona, pertsona guzti guztiak ordezkaezinak direla aldarrikatu eta irakatsi baitu etengabe, eta gizatasunari erabateko errespetua zor zaiola. "Beti defendatu izan du ideal bera: Bakea azken bururaino" Rene Cassin gaztea zelarik eserita. Bere inguruan zutik: Cassinen anai zaharrena, Max Cassin, lehengusua (Raoux familiako emakumearen aita), eta Albert Bluch, irakaslea. Argazkia XX.mendearen hasieran hartua izan zen. Eta garai batez Baionako euskal museoan erakusgai egon zen. René Cassinekin oso harreman estua al zenuten? Bai noski, aitaginarreba eta René Cassin lehengusuak ziren, amaren eta aitaren aldetik. Oso harreman estua zuten, baina, gero, René Cassinek ezagutzen dugun bizitza egin zuen eta aitaginarreba Espainiara joan zen. Gaur egun, geu gara Baionan geratzen garen hurbileko familiako bakarrak. Baina René Cassin oso sarritan etortzen zen Baionara, bereziki nerabezaroan, amarekin. Oso gustukoak zituen hemengo egonaldiak. Askotan etortzen ziren Rachel Cottagek Santetiene auzoan zuen baserrira, eta René Cassinek oso harreman estua zuen Lafitte etaLataste sendietako seme alabekin. Ama eta izeba bikiak ziren, eta gehienetan beraiek hartzen zuten auzoko umeen ardura, partikularreko irakasle lanak egiten baitzituzten. Bonheur etxea Miarritzen eta Rachel Cottageren baserria René Cassinek «Paradis» izenaz deitzen zuen baserria Baionan, izaten ziren René Cassinek bere egonaldietarako erabiltzen zituen leku nagusiak. Baionan izandako azken egonaldia Ingalaterrarantz ontziratu baino pixka bat lehen izan zen… Bai, René Cassinek berak kontatzen zuen Baionako hilerri judutarrera etorri zela azken egonaldi hartan, arbaso judutarrei agur esatera, okupazio garaian De Gaullerekin elkartzeko Donibane Lohitzunen ontziratu baino zertxobait lehenago. Gero lagun batzuk ontziratu aurretik nola hartu zuten kontatzen zuen, eta baita Donibane Lohitzuneko komisarioak eman zion informazioa ere. Zerk bultzatu zuen Londresera alde egitera? De Gaulle jeneralaren deialdiak. Ez zuen zuzenean entzun, baina hala ere deialdiak hunkitu egin zuen. Esan al daiteke René Cassin Baionako komunitate judutarraren ordezkaria zela? Bai eta ez. Bere burua judutzat izan zuen beti eta ez zuen hori inoiz ukatu, baina ez zituen erlijio ohiturak betetzen. Gauza nahiko bitxia da, izaera fededun nahiko handikoa baitzen, berotasun liriko handikoa eta oso ideologoa. Bere aitak ere ez zituen erlijio ohiturak betetzen; beraz, ezin esan Santespiritu auzoan zegoen sinestunen koloniaren ordezkari zenik. Hala ere, Ingalaterrarantz joan baino lehen Santespiritura arbasoak agurtzera joan zela diozue… Bai, baina hori berak inoiz ukatu ez zuen elkartasun judutarraren kontua zen, horri beti eutsi nahi izan baitzion. Rachel Cottagen etxea Saint Etienne auzoan. Zer nolako oroitzapena duzue hartaz? Dijoneko institutuko sari banaketaren buru izateko etorrarazi nuen, bertako zuzendaria nintzenean. Beraz, etortzekoa zen, eta oso ikaratuta nengoela gogoratzen naiz garai hartan sari banaketa tradizionala egiten genuelako, institutuko ikasle guztiak elkartuz, 6. mailatik azkenmailaraino; hau da, 1.200 ikasle inguru. Han egoten ziren gai bati edo besteari buruz hitz egiten zuten hizlariei entzuteko. Beldurra nuen, askotan zalaparta galanta izaten ohi zelako, eta hara non nire harridura berak hitz egin zuen hiru ordu laurdenetan ikasleek ez baitzuten txintik egin ere. Ez nuen parte hartu izan beharrik. Oroitzapen nagusi hori daukat, haur haien arreta bereganatu zituen gizonarena. Bestela esanda, gazteekin harremanetan jartzeko zuen erraztasun handia. Badut beste oroitzapen bat, hau pertsonalagoa: behin bere arrebaren etxebizitzan geunden, nire semeetako batekin, hamar edo hamabi urte ingurukoa. Eta han ikusten dut oraindik Bakearen Nobel saridun zaharraren irudia: agurea haurraren hitzak entzuten, arreta eta interes handiz. Hori, nire ustez, gizon horren izaeraren ezaugarri garrantzitsua da, gazteekin harremanetan jartzeko erraztasun handi hori, alegia. Oso gazte iraun zuen bere bizitzaren amaieraraino. De Gaulle asko miresten zuen... Oso ideia politiko desberdinak zituzten. De Gaullek bere esku utzi zuen Frantzia Librearen eta Ingalaterraren arteko lotura juridikoak eratzeko ardura. De Gaullek Cassinen konfiantza handia zuen, baina oso ideia desberdinak zituzten arlo askotan. Ministro izatea eskaini zioten. Baita berak uko egin zion… Bai, bera ideologoa zen, eta gazte izaera izan zuen beti. Bere bizitzaren amaieraraino oso ideologo izaten jarraitu zuen, hori baitzen interesatzen zitzaiona. Bakea zuen helburu. Gerra garaian larri larri zauritu zuten, era oso heroikoan, gainera. Bere konpainiako kapitaina hil zutenez, René Cassinek taldearen ardura bere gain hartu zuen, eta une horretan, zauritu egin zuten. Gerra zer zen bazekien, gerra bizi izandakoa baitzen. Eta, geroago, gerrarekin zerikusia zuten zenbait erakunde sortu zituen. Aipatzekoak dira gerra umezurtzentzat eta gudari ohientzat sorturikoak. Eginkizun guztien atzean Bakearen ideia zuen. Giza Eskubideen Deklarazioak, nahiz eta Bakearen ideiatik baino haratago joan, gaztetasun bizibizi harekin eta Bakearen ideia orokorrarekiko loturarekin zerikusia du; azken finean, erabat humanista baitzen. 1959a aldera Donibane Lohizuneko Jai Alaiean egindako argazkia. Zutik dagoena Rene Cassin bera da. Agertu zenean eseriak zeuden pertsonak txalotzen hasi ziren. Nola bizi zuen Nobel saria lortzea. Zerbait garrantzitsua zen. Bai. Baina Bakearen Nobel saria baino gehiago, Panteoian sartzea zen garrantzitsua berarentzat. Garrantzia ematen zion Panteoian egoteari, ez harropuzkeriagatik harrotasunagatik baizik. Gizakia oso ondo ezagutzen zuen, gizakiekin harreman gertua izana baitzen. Bazekien holako edo halako karguak eta tituluak izatea zela aintzatespena ematen zuena. Ez dakit zer nolako deklarazio unibertsal batean parte hartzearen adierazpen hutsak Nobel saria erakusteak baino garrantzi txikiagoa zuela ere bazekien. Beraz, garrantzia ematen zion Nobel sari horri, baina harropuzkeriarik gabe. Hala ere, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala ez da berehala onartu… Denbora beharko da, eta, segur aski, aldaketak egin beharko dira gure mentalitateaz bestelakoa duten herrialdeen mentalitatera egokitzeko ere. Bere ideiek eragozpenak sortzen zituzten... Jakina. Norbaitek ideia argiak dituenean beti eragozpenak eragiten du, eta bera, ideal oso zehatza zuenez, eragozpena zen. Baina, aldi berean, gai zen izen handiko jendearekin De Gaullerekin, esaterako lan egiteko, nahiz eta zenbaitetan ideia desberdinak izan. Cassinek berak esaten zuen gizon guztiak ez direla onak, baina beren helburuak lortzen badituzte… René Cassin (Baiona, 1887) René Cassin 1887an jaio zen Baionan; aita portugaldarra eta ama baionarra zituen. Baionako familia judutar baten ondorengoa, oso gaztetik familiarekin Nizara joan behar izan zuen bizitzera. Hala ere, Niza joate horrek ez zuen bere jaioterritik gehiegi urrundu, amarekin maiz etortzen baitzen Baionara, uda partean batez ere. Gaur egun, hiriko seme kutun da, Baionako judutar komunitatearen ordezkaritzat dute, eta haren oroimenak bizirikirauten du Lapurdiko hiriburuan. Bere izena jarri diote hiriko Bigarren Hezkuntzako institutu nagusiari. René Cassinek, oraindik bizirik zegoela, Baionako hiriaren domina jaso zuen, 1969an. Hala ere, pertsonaia honen garrantzia bere konpromiso politikoarekin lotuta dago, batez ere, Frantzian zein nazioartean. Zuzenbidea ikasi zuen Aix en Provencen eta gero Parisen. Nazioen Elkartean Frantziako ordezkaritzaren kide izan zen 1921etik 1938ra. Jarraian, De Gaulle jeneralak 1940ko ekainaren 18an eginiko deialdiak erabat hunkitu zuelako, Londresen berarekin elkartzea erabaki zuen, eta han Frantzia Librearen zuzenbide aholkulari bihurtu zen. Londresera joateko, Donibane Lohitzunen ontziratu zen, ontzi poloniar batean. Ondoren, garaiko politika esparruan izandako zenbait kargu garrantzitsuk oso eragin handia izan zuten bere bizitzan. Erabat humanista, 1959an Giza Eskubideen Europako Auzitegiko kide izendatu zuten, eta horren lehendakari izan zen 1965etik 1968ra. Era berean, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren egile nagusia izan zen, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak 1948an onetsi zuena. Horretan egindako lanari esker, Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an. Dena den, René Cassini buruz hitz egitean, garrantzitsua dirudi gizon honen izaeraren zenbait ezaugarri gogoratzea, heriotzaraino 1976. urtean ideal humanistak eta bakezaleak defendatu baitzituen. Argazkiak: Familiak utzitakoak dira Euskonews & Media 211. zbk (2003 / 05 / 23 30) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ramiro Larrañaga: "Errebolberra euskaldun batek asmatu zuen"

 

Irakurri

Joaquín Achucarro: "Lanbide honen zirrara, hari-harian bizitzearen arriskuak berak eragiten du"

 

Irakurri

Txaro Arteaga: "Euskadik matxista izaten jarraitzen du"

 

Irakurri

Jorge Oteiza: "Bizitzen jakin izan dut".

 

Irakurri

Joxan Goikoetxea: "Musika bidegurutze batean dago"

 

Irakurri