Xabier Paya. Bertsolaria: Euskara jakiteak bi oin gehiago, bi begi gehiago, bi esku gehiago izatea suposatzen du

2007-11-16

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen Gasteizen. Bertsolaritzari buruz hitz egiten kanpoan askotan ibili da: Reno, Kuba, Sardinia... baina beti itzultzaile bezala, sekula ez bertsolari gisa. Bertsoak nola itzuli, horri buelta asko eman zion eta gai horri buruzko tesina egin zuen. Komunikazioan itzulpena ezinbestekoa dela inork ez du zalantzan jartzen, eta bertsotan ere posible dela erakutsi nahi zuen horrekin.

Nola hasi zinen bertsotan?

Bertso-eskolara lehenengoz hamaika urterekin joan nintzen. Nire anaia Fredik izena eman zuen bertan, eta horrek eragin handia eduki zuen. Izan ere, garai hartan bera joaten zen tokira joaten nintzen ni ere; amak horrelakoak dira. Baina serioago, hamabi edo hamahiru urterekin ekin nion, Jon Lopategiren eskutik.

Eskola arteko txapelketetan ibiltzen al zinen?

Halaxe da. Hasieran afizio bat zen, eta hamazortzi urte nituenean -eskola arteko txapelketak amaitu zirenean- amildegi bezalako batean sentitu nintzen. Gauza askotaz pentsatu behar izan nuen: bertsotan jarraitu, utzi... Fredi ezaguna zen bertsolaritza munduan, eta ni beti izan naiz Frediren anaia. Argi geratu zitzaidan hori aldatu behar nuela eta anaia baino zerbait gehiago nintzela erakutsi beharra sentitu nuen. Xede hori jarri nion nire buruari.

Eta zer suposatzen du bertsolaritzak zuretzako?

Gauza asko, eta momentuaren arabera balio handiagoa edo txikiagoa izan du. Nire bizitzako oinarrietako bat dela uste dut, baina betidanik argi izan dut bertsolaritzarik gabe ez nintzatekeela hilko. Hau da, nire izatearen parte da, baina ez existentzia osoa definitzen duena.

Nola ikusten duzu bertsolaritza mundua?

Oso ederra dela deritzot. Mundu honetan biltzen den jendearen giza kalitatea apartekoa da. Lagun oso onak egin ditut bertsolaritzari esker.

Esan al genezake mundu hau gaztea dela?

Egia da orain urte batzuk jende helduagoarekin lotzen zela, lehen uste baitzen bertsolaria izateko jaio egin behar zela. Baina Xabier Amurizak iraultza bat ekarri zuen, eta bertsolari egitea posible zela erakutsita gauzak asko aldatu zituen.

Beraz, osasuntsu dago bertsolaritza.

Bai. Horren erakusgarri dira bertso-eskolen eguna, Bizkaiko bertso-eskolen topaketa... makina bat ekimen antolatzen dira. Bertsolaritza tradizionala osasuntsu dago, frontoietako bertso saioak bizirik daude eta aukera ematen du hortik aurrera proposamen berriak egiteko eta erakusteko bertsolaritza gaztea dela.

Frontoiak aipatu dituzula, baduzu bertsotan aritzeko toki kuttunik?

Bertso bazkari edo afariak atsegin ditut; nire aldamenekoa ezagutzea gustatzen zait. Gainera, nahi dudan beste abesteko aukera ematen dit. Izan ere, frontoietako saioetatik sarritan atera naiz kantatzen jarraitzeko gogoz, eta kotxera igo eta bolanteari abesteko moduan sentitu izan naiz!

Bestalde, badago nire kontra zerbait duela ematen duen toki bat: balkoitik balkoira saioa. Sei aldiz deitu didate horrelakoetan parte hartzeko eta bakarrean aritu naiz; gainerakoetan euria egin du edo auzokoren bat haserretu da...

Bertso afariak aipatu dituzula, zuen etxean giroa egoten al da?

Anaiaz gain arrebak ere abesten du. Gure gurasoek ez dakite euskaraz, eta ez dugu bertsotan egiteko ohiturarik. Hala ere, behin anaia eta biok haserretu eta eztabaidan hasi ginen; bertsotan amaitu genuen. Komikoa izan zen. Hala ere ez da eztabaidatzeko modua... besteak zer botatzen duen entzun behar baituzu isil-isilik! (barre).

Baina egia da musikak elkartzen gaituela. Fredik eta biok pianoko zortzigarren maila eginda daukagu, Itsasok gitarra jotzen du eta aitak akordeoia.

Bilboko Euskaldunan bi urtez kantatu duzu...

Orain bi urte nire helburua bete nahi nuen, anaia baino gehiago nintzela erakustea, alegia. Horretarako, finalera iristea jarri nuen helmuga, eta horrelakorik ez dela egin behar konturatu nintzen. Izan ere, taula gainean egon arte bertan elkartutako jende itsasoaz ez nintzen ohartu, eta tentsio eta presio guztiak bat-batean etorri zitzaizkidan.

Baina iaz txapela jantzi zenuen bertan.

Hala da. Izarrak falta ziren -Unai Iturriaga eta Igor Elortza- eta bazirudien aukera gehiago nituela, baina baita gutxiago ere, denok parekatuta baikeunden. Horrek bultzatu ninduen bizkaieraz kantatzera.

Horretarako trebatu egin al zinen?

Nahiz eta bizkaitarrez hitz egiterakoan ez dudan arazorik, esapideak falta zitzaizkidan. Eta hala, nire benetako entrenamendua Amurizarekin elkartzerakoan egiten nuen, gauzek zer esan nahi zuten edo nola esaten ziren galdetuz... Oso gustura sentitu nintzen iazko finalean, egia da.

Eta saria etxera...

Bai. Gainera ezohiko moduz ospatu nuen, saltoka! Baina egia da Bizkaiko Txapelduna izan arren, urtero ez dela gertatuko. Bestalde, Jon Lopategi, Unai Iturriaga edo Igor Elortza sariketa horretan aritzen dira eta niretzat mitoak ziren. Bertigo pixka bat ematen zidan pentsatzea beraiekin kantatu beharko nuela... Ostean ikusi dut gozamen bat dela eta ez dela ezer gertatzen.

Hasierako urduritasun bera izaten al duzu gaur egun?

Ez. Hasieran norberak sortzen ditu urduritasunak, ez zara konturatzen baina pentsatzen duzunak sortzen du ezinegona: ondo abestuko duzun, gaia ulertuko duzun... Niretzako tentsio eta presio desberdinak daude, eta gorputzak asimilatu egin behar ditu. Bertso-eskoletan gutxi lantzen den zerbait da hori.

Hala ere, urduritasun apur bat izatea derrigorrezkoa ikusten dut, horrek saioarekiko errespontsabilitate bat duzula erakusten baitu. Saio bat egiteko deitzen banaute, ni nahi nautelako da eta errespontsabilitate puntu altu bat sentitzen dut. Gainera, kalkuluak egiten matematikoak gara bertsolariak. Hau da, noren aurrean abestuko dugun, zein adinetakoak, zenbat denbora... horren arabera pixka bat prestatzen dugu saioa.

Aizu, nola ikusten duzu euskararen egoera Getxon?

Egia esan Udalak apustu handia egin duela ikusten dut. Beti egon da Getxo “pijo” baten irudia, eta kostatuko zaigu kentzea. Baina Getxo erdaldunaren ikuspegia pixkana pixkanaka gabiltza aldatzen eta horren froga da administrazioa izugarri euskaldundu dela, esaterako. Euskararen kontzientzia errotuta dagoela pentsatzen dut, erabilerari ere bultzada eman zaio eta orain egiten ari garena da historian apur bat sakontzea. Hots, memoria eginda konturatu gara gure inguruan euskara izugarri zabalduta zegoela garai batean. Bertsolariak bazeuden eta jakin ahal izan dugu XIX. mendean gizon bati ez ziotela utzi Getxoko alkate izaten erdaraz ez zekielako.

Euskararen alde lan egiten duten nahikoa talde daudela uste al duzu?

Euskara talde bat egotea baino, herriko talde guztietan euskararen kontzientzia piztuta egotea garrantzitsuagoa ikusten dut. Horretan egin behar da indarra. Nik, esaterako, musika erdaraz ikasi nuen hamaika urtez. Dena zen gaztelaniaz. Itzultzailea naiz gaur egun, baina musikari buruz hitz egin behar dudanean, nire mundua erdalduna da. Nik nire irakasleari euskaraz irakasten lagun ziezaion pertsona euskaldun bat behar nuen, esaterako. Euskaraz ikasi, erdaraz bizi nola idatzi, nola hitz egin? Hori da formula, eta ekuazioa argitzeko bi elementuetako bat aldatu behar da.

Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Zer deritzozu?

Egun gisa, nazioartera begira proiektatuko nuke. Benetako gogoeta baten ondorioz inora ez goazen bitartean, urtean behin piztu behar den suziri bat bezala, euskararen koloreak zeruan ager daitezen. Bestalde, euskal Asterix eta Obelix batzuk badaudela, hizkuntza bat daukatela eta horien berri emateko egun bat da.

Gainera, sinetsita nago ez dela iltzerik sartzen kolpekada bakarrean, eta noizean behin mailukada bat ematea ongi dago. Lan horretan, batez ere ondo landu beharrekoa mezua dela uste dut. Zer da euskara? Jende asko dago ez duena hizkuntza bezala ikusten, folklorearekin lotzen duena, esaterako. Ezin dugu esan hiltzen ari den zerbait denik, edo biktima bat denik... hori ez du inork erosten.

Orduan?

Euskara beste hizkuntza baten parean dagoela eta funtzio berdinak bete ditzakeela; niretzako hori da transmititu beharrekoa. Euskarak baliabideak behar ditu. Pertsona batzuek erabiltzen dute euskara, beste batzuek ez. Eta beraz, erabiltzaileak duen zerbait eskaini behar diogu ez-erabiltzaileari.

ENErako bertsoa Euskara eta immigrazioa gaiari buruz egin duzu. Diozun bezala folklore gisa saltzen badiegu gure hizkuntza, etorkinek ez dute erosiko... Tamalez horrela transmititzen diegu. Aitzitik, esan behar dieguna da euskararekin, gaztelaniarekin bezala, okindegira joan gaitezkeela erostera. Baina gainera, bertso-saio batera joateko aukera ematen digu, eta gaztelania soilik jakinda ez. Euskara luxu bat dela erakutsi behar diegu. Hala ere, hemengo jendeari ere azaldu beharreko zerbait da, ez soilik kanpokoei. Euskara jakiteak bi oin gehiago, bi begi gehiago, bi esku gehiago izatea suposatzen du. Xabi Paya (Bilbo, 1982) Interpretaritza eta itzulpengintza eta piano ikasketak ditu eginak. Itzultzaile, bikoizlari, ikerlari eta irakasle lanetan ibilia da. Fredi anaiarekin eman zuen izena Algortako bertso eskolan, eta eskolartean nahiz Txapelketetan emaitza bikainak lortu izan ditu. 2006ko Bizkaiko txapelduna da, 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurretara heldu, 2004ean Bizkaiko Txapelketan finalista izan zen, urte berean Abra Saria ere jaso zuen eta abar luze bat. Bertsozale elkartean eta bestelako saltsa askotan dabil.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

José Ramón de Miguel Bosch. Merkataritza-nabigazio kapitaina: Oraindik ez dugu askorik ezagutzen Andrés de Urdaneta

 

Irakurri

Mertxe Urteaga. Arkeologoa, Oiasso Museoko zuzendaria: Bildu egin behar gara Gipuzkoako arkeologia egiteko

 

Irakurri

Joseba Jauregizar. Eusko Jaurlaritzako Teknologi Zuzendaria: Berrikuntza da bide bakarra enpresari balio erantsia emateko. Garrantzitsua da horretaz jabetzea

 

Irakurri

Juan Mancisidor. Marketineko aditua. Eurogap Norte-ko zuzendaria: Euskal Herrian, ekoizpen-kulturaren ordez marketin-kultura ari da nagusitzen

 

Irakurri

Jon Bagues Erriondo. Eresbileko zuzendaria eta Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea: Musikak kontzertazioaren dimentsioa du: partiturari jarraitzeaz gain, aldi berean, zuzendariari jaramon egin behar zaio (huts egiten badu ere)

 

Irakurri