Urteko galdera

Jose Ignazio Ansorena / Musikaria

14/10/2015

Jose Ignazio Ansorena / Musikaria

Prozesu kognitiboaren amaieran, abiapuntua edozein delarik, zentzumenez, intelektualki, eskarmentuz, internetez edo bestela, pertsonarenganaino ailegatu eta irentsitakoa nortasunean integratu beharra dago. Hura gabe ez da ezer ikasi, ez da prozesu kognitiboa bukatu. Horretan ez dut uste Internetek eraginik duenik, ez bada ezagutza faltsuaren sinismena gehiago zabaltzeko erraztasunak ematea. Urteko galdera aukeratu duzuen honen inguruan zer idazten eta esaten den ikusita, ematen du Internet gure artean zabaldu denez geroztik, arras eta txarrerako aldatu dela mundua ezagutzeko manera, gazte jendearengan bereziki. Harrituta geratu naiz Frantzisko Aita Santuaren entziklika berrian kezka honen inguruko aipamena irakurtzean:

"Honi gehitzen zaizkio mundu digitaleko bitartekoen dinamikak, zeintzuk, omnipresente bihurtzen direnean, ez dute laguntzen era jakintsuan bizitzeko ahalmena garatzen, sakontasunez pentsatzen, zabaltasunez maitatzen. Iraganeko jakintsu handiak, inguru honetan, informazioaren zarata sakabanatzaileren erdian euren jakinduria itzaltzeko arriskuan leudeke (...). Honekin batera, besteekiko harreman errealak, dituzten erronka guztiez, internetek bitartekatutako komunikazio batekin ordezkatzeko joera dago"[1]

Baina hainbeste al dakigu horren inguruan, prozesu kognitiboetaz alegia, fundamentozko iritzirik dugula uste izateko? Hainbeste datu bildu al dugu horren denbora epe laburrean? Eta internetek ez balu horrelako aldaketa handirik ekarri gure benetako prozesu kognitiboetara? Igarlearena egitea ez zait inoiz gustatu eta gutxiago igarle apokaliptikoarena. Nire bizitza luze edo laburrean (nondik begiratzen den) hamaika mila aldiz entzun dut soziedadea amildegitik beherako bidean abiatua dela. Batzuk nahikoa arrazoi sendoez, ekologismoaren deiak esaterako. Beste asko, ordea, beldurraren profesionalek eragindakoak. Ezkor temosoek etorkizunaren iluna gogorazi diezaguten edozer --morala, erlijioa, ekonomia, medizina, elikadura...-- da aitzekia. Internet hemen dago, sukaldeko mahaian eserita, eta horretan ezer gutxi dugu egiteko. Gure buruak egokiera berrirako prestatzea ez bada. Aurrenekoa inozokeriak baztertzea da eta ekarri dizkigun alderdi onak aitortzea. Ezagutzari dagokionez, eskuragarri jartzen digu kultura eta jakinduriaren alor asko. Baita pertsonak eta taldeak munduan barrena ibilerak antolatzeko inoiz ez bezalako erraztasuna ere. Zuzeneko ezagutza izateko modua zabaldu egin du beraz. Lehenengo arriskuak beste edozein berrikuntzaren ingurukoak bezalakoak dira: zein eduki noren esku jartzen den (biolentzia, sexua...), egunerokoaren zenbat eskaintzea den egoki, adikzio bihur ez dadin eta bizitza osasuntsu eta normalean eragin txarrik izan ez dezan. Gaztetatik irakurzale, zinemazale eta musikari naizen honek ziurta dezaket hain propaganda ona duten irakurketa, zinema, edo musikaren gehiegizko zaletasunez bizitzan porrot egin dutenak badirela. Ez da beraz gaurko kontua, ezta soilik interneti zuzenean lotutakoa ere. Fikziozko On Kixote Mantxako famatua horrelako baten umea izan zen. Ezagun zuten kaltea XVII mendean.
Zer aipatzen dute ustezko adituek honen inguruan? Aita Santuaz gainera, nik irakurritako gehientsuen ustez, interneten erabilera usuak konzentrazioa eta sakontasuna galdu arazten du. Batetik bestera eten gabe saltoka ibiltzera ohitzen gaitu eta, horren ondorioz, ez gara gai ideia mamitsuetan zentratzeko, munduaren konplexutasunak eskatzen duen behar bezalako zorroztasunez, patsadaz eta orekaz gure ikuspegi, iritzi eta usteak antolatzeko. Ez zait, baina, iruditzen bereziki internetek eragindako arazoa denik. Hedabide berriak (prentsa, irratia, telebista eta internet) sortu aurretik, zenbat ziren, denbora eta aukera izanagatik, esandako konplexutasun hori ulertzeko ahalegina egiten zutenak? Bestetik, aldaketa hori, batetik bestera saltoka ibiltzearena, interneten aurretik dator: irrati eta telebistak, kazetaritzak, publizitateak, internet zabaldu aurretik, abian jarritako kontua da. Eta ez da egia ere denei eragiten dienik. Garai bateko diskurtsu luzeak, non kontuak behin eta berriz errepikatzen baitziren, erredundantziaren erabilpen nekagarriaz, hobeto iristen al ziren entzuleen adimenera? Irakurri al dituzue XVIII edo XIX mendeetako hileta diskurtsuak edo hainbat apaizen sermoiak, edo Korteetako politikoen parlamento luzeak? Nire belaunaldikoek horrelako asko irentsi ditugu eskolan: Donoso Cortés, Jaime Balmes... Edo geroago euskara maila hobetu nahiz: Manuel de Larramendi, Juan Bautista Agirre... Ez gaitezen engaina: lehenagoko diskurtso luze horiek ere entzule gehienek ez zituzten ulertzen. Kadentzia luzeetan kulunkatzen zuten gogoa, besterik ez. Uste dut lastoa kentzen ohitu garela. Eta hori, neurri batean, ederki dago. Akatsa da, baina, trukean bestelako lasto ustelak jartzen ditugula ordezko askotan.
Gogoan dut orain urte askotxo Valladolideko Elizbarrutiko Museoan komentu askotatik ekarritako elizen erretaulak aurreneko aldiz hurbiletik ikusi nituenean. Artistek irudiak urrutitik eta behetik gora begiratzeko diseinatu zituzten. Bertatik bertara, aurrez aurre begiratuta, monstruosoak ziren. Badu arrisku hori internetek, gerturatze faltsuaren irudia ematea. Baita jasotzailearengan gehiegizko informazioak saturazioa edo nahasmena sortzea ere. Garai bateko enziklopedien antzera. Jateak, edateak, maitatzeak edo beste edozein giza jarduerak arriskua du. Horixe da bizitzea, internetez edo internetik gabe. Agian ezagutzari egin diezaiokeen kalterik handiena interneten agertzen ez dena errealitatean ere ez dagoela sinestaraztea da. Hori gertatzen bazaigu, pott egin dugu. Internetetik kanpora bizitzaren alor oso interesgarri ugari dagoelako. Prozesu kognitiboaren amaieran, abiapuntua edozein delarik, zentzumenez, intelektualki, eskarmentuz, internetez edo bestela, pertsonarenganaino ailegatu eta irentsitakoa nortasunean integratu beharra dago. Hura gabe ez da ezer ikasi, ez da prozesu kognitiboa bukatu. Horretan ez dut uste Internetek eraginik duenik, ez bada ezagutza faltsuaren sinismena gehiago zabaltzeko erraztasunak ematea.
[1] Francisco, Santo Padre. Laudato Si ' . Sobre el cuidado de la casa común. EDIBESA. Madrid, 2015. 36 o. Gaztelaniatik neuk itzulia.
Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp