Urteko galdera

Nekane Arratibel / Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko (HUHEZI) irakasle-ikertzailea

27/04/2020

Nekane Arratibel / Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko (HUHEZI) irakasle-ikertzailea

Etengabeko aldaketa azkarrean murgilduta dagoen mundu honetan, gizarteak eta gizakiok ere aldaketa horietara etengabe egokitzeko erronka daukagu. Horren adibide da COVID-19aren ondorioz bizi dugun osasun alarma egoera hau bera, gure bizimodua eta egunerokoa goitik behera aldatu du, eta tartean gure hezkuntza sistema. Hezkuntzak aurrez ere bazituen hainbat erronka, ageriagoan utzi ditu egoera honek.

Pertsonak daude hezkuntza sistemaren erdigunean. Pertsonak bere osotasunean, beren gaitasunekin, beren testuinguruarekin, beren emozioekin,… eta horrek eskatzen du pertsona bere osotasunean eta modu integralean aintzat hartzea. Ikasle bakoitzaren beharrak, interesak eta motibazioak kontuan hartu beharko ditu hezitzaileak, ahalik eta modurik egokienean erantzuteko hauei. Irakaskuntza pertsonalizatua eta ikasle bakoitzari egokitua.

Horretarako marko pedagogikoaren aldaketa gertatu behar da. Batetik, ikasleek eta irakasleek duten rolen aldaketa eskatzen du. Irakaslea ez da dena dakiena eta ikasleari informazioa helarazten diona, baizik eta ikaslearen bidelaguna bere ikasketa prozesuan. Ikasleak ere rol aktiboagoa hartu behar du bere ikaste-prozesu horretan ardatz bihurtuz eta irakaslearekin batera ardura konpartitua hartuaz. Bestetik, metodologia aldaketa bat eman behar da rol berri hauek garatu ahal izateko, metodologia aktiboak bultzatuko dituena hain zuzen (erronketan oinarritutakoa, ikaskuntza taldeetan, diziplinarteko ikuspegia landuz,…). Irakaslea ikasteko testuinguruen diseinatzaile izan behar du, ikasle bakoitzaren konpetentziak ahalik eta gehien garatzeko testuinguruak sortzeko gai izan behar du; eta ikasleak modu aktiboan parte hartu behar du, bakoitzak bere gaitasun eta interesetatik, ahalik eta ikaste-prozesu aberatsena lortuaz.

Azken hau aurrera eramateko konpetentzietan oinarritutako hezkuntza bat behar dugu.  Hezkuntza sistemaren egiteko nagusienetarikoa ikasleak bizitzarako prestatzea bada, hezkuntza-eredu tradizionala alde batera utzi (batez ere edukietan oinarritzen dena), eta ikaslearen gaitasunetan oinarritutako hezkuntza-eredura jo beharra dago; eredu horretan, ikasgelan (birtuala ere izan daiteke) zein ikasgelatik kanpo garatzen dira konpetentziak. Ikasleak gizarteko erronkei erantzuteko prestatu nahi baditugu, egungoa bezalako ziurgabetasun eta etengabeko aldaketa egoeretan moldatuko dena, beste batzuekin bizitzeko gai izango dena, iritzi kritikoa sortzeko eta erabakiak hartzeko gai dena, taldean lan egiteko gai dena,… konpetentzietan oinarritutako hezkuntza sistema ezinbestekoa da. Bizitzarako konpetentzietan oinarritutako eta bizi osorako hezkuntzaz ari gara. Ikaskuntza-, irakaskuntza-paradigma berri hauek ebaluazio-prozesu berriak eskatzen dituzte, eta hauetan dugu erronkarik handiena.

Eta nola egiten da hau guztia? Lehenik eta behin irakasleen formakuntza aintzat hartuz. Irakasleok formakuntza behar dugu hezkuntza arloan gertatzen ari diren aldaketa hauetan guztietan. Etengabeko formakuntza ezinbestekoa da bizi dugun gizarte honetan.

Teknologia digitalen aurrerapenak eta haiei esker zabaltzen ari diren aukerak gero eta nabarmenagoak dira hezkuntzan. Gure ikasleak natibo digitalak dira, eta irakasleen artean ezberdintasun handiak daudela agerian geratu da etxetik lanean ari garen egun hauetan. Salbuespenak salbuespen, modu presentzialean egiten dena modu telematikoan edo mezu bidez erreproduzitzen ari dira irakasle asko, beraien borondaterik onenarekin, noski. Baina agerian geratu da arlo honetan ere hutsune nabariak dituela hezkuntza sistemak, oro har. Teknologiak pedagogiaren zerbitzura egon behar du eta ez alderantziz.

Hau guztia aurrera eramateko ezinbestekoa den beste elementu bat hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa eta elkarlana da. Egun hauetan ikusi dugu eskola eta familiaren arteko elkarlana inoiz baino garrantzitsuagoa bihurtu dela. Guraso asko beraien seme-alaben irakasle bihurtu dira ezinbestean, irakasleekiko harremana ezinbestekoa bihurtu da ikaste-prozesuan aurrera egiteko, eta honek elkarlanaren garrantziaz hausnartzera eraman beharko gintuzke. Komunitate zentzuaren garapena landu behar du hezkuntza sistemak, ikasle-irakasle-familia-komunitate zentzua sendotzeko. Denon ardura eta egitekoa da nahi dugun hezkuntza sistema definitu eta aurrera eramateko erronka.

Eta Euskal Herriko hezkuntza sistemaz ari garela, euskara eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza sistema behar dugu. Hizkuntza eta kultura dira gizakion NORtasunaren elementu oinarrizkoak, NOR egiten gaituztenak, eta hezkuntza sistemaren egitekoetako bat da hauen eraikuntza eta garapena sustatzea.

Amaitzen joateko, hasieran aipatutako ideia batera bueltatu nahiko nuke: pertsonak daude hezkuntza sistemaren erdigunean. Eta guztiontzako hezkuntza sistema behar dugu. Bizitzen ari garen egoera honek agerian utzi duen beste kontu bat da, ikasle eta familien artean dauden aldeak. Etxe guztietan ez dago gutxieneko baliabiderik (digitalak, teknologikoak, materialak,…) ikaskuntza-prozesua modu egokian jarraitu ahal izateko, eta egoera honetan ikasle eta familien arteko arrakala handitzeko arrisku itzela dago. Aurrez aipatuko komunitatearen lankidetza ezinbestekoa da egoera honetan ere aurrera egiteko.

Eta orain ba amaitzeko, irakasle lanbidearen inguruko gogoeta txiki batekin amaitu nahi dut. Esango nuke azken urteetan irakasle lanbideak ez duela prestigio edo izen onik izan. Oraindik ere gure fakultatean ikasten duten ikasle askok esaten didate, beraien lagunen artean Irakasle ikasketak bigarren mailako ikasketa modura ikusten dituztela (erraz gainditzen direnak, opor luzeak dituztelako hautatzen dituztenak,…). Eta hemendik erreibindikatu nahiko nuke irakaslearen lana. Irakasleon ardura da neurri batean gure lana ikustaraztea, heziketaren “propagandista” bihurtzea nolabait. Josefina Aldecoak zioen bezala: No hay un oficio más digno de ser amado que aquel cuyo núcleo central es la entrega al ser humano


Eusko Jaurlaritza

Compartir:
Facebook Twitter Google Whatsapp