Urteko galdera

Olatz Egiguren / Hezkuntza Plataformen Topagunea eta Sortzen Elkarteko kide ohia

04/03/2021

Olatz Egiguren / Hezkuntza Plataformen Topagunea eta Sortzen Elkarteko kide ohia

XXI. mendeko Euskal Herrirako hezkuntza-sistemaren nolakotasunean pentsatzeak, Euskal Herriaren orainaz, eta, batez ere, etorkizun hurbil eta ez hain hurbilaz pentsatzea ere badakar berarekin.  Ezkertiar eta independentista garenok, begirada horretatik jarri nahi genuke gure aletxoa herri gogoeta horretan. Izan ere, gure herriarentzat irudikatzen dugun, eta nahi dugun, gizarte-eredu horren araberakoa izango baita pentsatuko dugun hezkuntza-eredu eta sistemaren nolakoa; eta, berdin alderantziz ere, pentsatu eta eraikitzen dugun hezkuntza-ereduak zedarrituko baitu nolako jendartea, nolako Euskal Herria izango den XXI. mendearen hurrengo hamarraldian eraikiz joango garena. Beraz, iraganari begira baino, etorkizunari begira eta herri ikuspegitik osatu behar dugun gogoeta dela hau esango genuke.

Aurrera begira jartzeak gauden garaiaren eta testuinguru globalaren adierazleei arreta jartzea ere eskatzen du, ez baita edonolakoa bizi dugun garaia. Ez dugu dagoeneko ekarpen berritzailerik egingo aldaketa handiak dakartzan aro historikoan murgilduta gaudela esaterakoan; aldaketa klimatiko, ekonomiko, teknologiko, sozial eta kultural izugarriak, gure bizi esparru guztietan eragiten dutenak eta eragingo dutenak, hezkuntzan ere bai Covid 19 pandemiarekin argi ikusi ahal izan dugunez, bestalde.

Hala, Covid 19ak, inoiz ez bezala, utzi ditu agerian gure herrian diren hezkuntza-eredu-sistemen gabeziak. Baina, agerian jarri esan dut, zeren, orain ikusgarri eta hain nabarmena zaiguna ez baita pandemiak ekarritako egoera, baizik eta, aspaldian bizi dugun errealitate agortu baten isla larria. XXI. mendean XIX. mendeko hezkuntza-eredu-sistemekin jarraitzeak dakarren errealitate agortuaren isla, eta pandemiaren kudeaketak sakondu eta azkartu duena, besteak beste.

Baina, horrez gain, berriro ere, zein argi ikusten ari garen pandemia egoeran, estatu baten egiturak eta baliabideak ez izateak dauzkan ondorio kaltegarriak Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrontzat; baita, hezkuntza-sistemaren eraldaketa beharraren ikuspegitik ere. Hau da, burujabe izatea herri urgentzia zaigula, XXI. mendean, pertsonak erdigunean jarriko dituen gizarte eta herri gisa etorkizunik izan nahi badugu behintzat. Gure herriaren burujabetza prozesuak eta Euskal hezkuntza-eredu eta sistemaren eraikuntzak, hortaz, eskutik joan beharko dute, batak bestea behar baitu eta alderantziz.

Egun, gure herrian dauzkagun hezkuntza-sistemak frantses eta espainol estatu-legedien menpekoak dira, estatu horien izaera eta interesen neurrira eraikiak, eta ez Euskal Herria edota euskal herritarron izaera zein premien arabera eraikiak. Beraz, ezinezkoa zaigu hezkuntzari egozten diogun helburu eraldatzaile, konpentsatzaile zein askatzailea erdiestea, nazio, klase zein genero menderakuntzetan errotutako hezkuntza-sistema segregatzaileak inposatzen zaizkigunean, eta, horri aurre egiteko, oinarrizko erabakiak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta ahalmena ukatua zaigunean.

Halere, esango nuke, garaian kokatuta eta garaiko erronkak aintzat hartuta, gure herrian badagoela beharra, baina, baita sormen nahikoa ere, autoeraketarako gaitasuna eta eskarmentua ere bai, ikasleak erdigunean kokatu eta euskalduna, feminista, herritarra eta burujabea izango den hezkuntza-sistema pentsatu eta eraikitzeko XXI. mende honetan.

Hezkuntza-sistema publiko feminista: publikotasunaren adiera feminista, justu eta integralenean, hau da, ikasleengan, haur zein gazte bakoitzarengan foku nagusia jarririk,  *emakumeak, euskaldunak, etorkinak, errenta baxuko familietako ikasleak, zein behar bereziak dauzkatenak, eskubide guztien jabe direla heziko dituen marko bezala ulertuta. Aukera berdintasuna era integralean bermatuko duena, eta menderakuntza ardatz guztien kontzientziatik horiek gainditzeko ikasleak ahaldundu eta tresnak emango dizkiena.

Euskal Hezkuntza-sistema: euskararen jabekuntza bermatuko duena, baina harago ere bai, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituena, euskara eskolarako komunikazio tresna huts bezala ulertzetik, kultur sistema oso bati uztartuta barneratu eta biziko dutenak. Eta euskaldun bezala bizitzeko hautu kontzientea egin dezaten tresnak emango dizkiena ikasleei, besteak beste, euskarak hizkuntza-normalizaziorako aktibistak ere beharko dituelako oraindik.

Merkatuaren logikatik at eraikiko den hezkuntza-sistema: Pertsonak erdigunean jarri eta bizitza ardatz izango duen hezkuntza-sistema. Norbere burua zaintzen, batak bestea zaintzen, zein ingurunea zaintzen jakingo duten pertsonak heziko dituena. Zaintzaren pedagogia egingo duena. Eskola-bizitza  bizitzaren luzapen gisa ulertuz, berau sustengagarri izan dadin lanean diharduen ororen aitortza egingo duena, jardun hori balioan jarriko duena. Lehian baino elkarlan eta auzolanean bizitzeko ikaskuntza eta heziketa garatuko duena.

Garaiko erronka handien(etako)a den trantsizio ekologikoarekin konprometituko den hezkuntza-sistema: curriculumetan ardatz transbertsal gisara txertatuz, naturan hezteari ere garrantzia emango diona, egoeraren jabekuntzatik jendarte-eredu ekologikoa, justua eta ingurunearen zaintza landuko dituen hezkuntza-eredua garatuko duena.

Hezkuntza-sistema publiko-komunitarioa, deszentralizatua, eta gertutik kudeatua: izan ere, arestian esan bezala, heziketa ez da ikastetxeen horma artean gertatzen den hori soilik, baizik eta, bizitzaren esparru guztietan ematen den prozesua, beraz, herri-eragile zein espazio oro, hezitzaile gisa aintzat hartuta, eta Herri Hezitzaileen filosofia emankorrari jarraiki, ikastetxeak komunitatean barnebilduta ulertuko dituen hezkuntza-sistema batez ari gara, non haur eta gazteak subjektu politiko gisara aitortuak, eta, herri-auzo bizitzaren partaide eskubidedun bezala kontutan hartuak izango diren. Hezkuntza-sistema deszentralizatua, tokiko errealitateetan errotua.

Eta komunitateaz ari garela, Euskal Herriaren garapen kultural, sozial, ekologiko eta ekonomiko justuaren bultzatzaile eta sustatzaile izango den komunitatea behar dugu, heziketa prozesuen erantzule izango dena, eta horrek herri konpromisoa dakar berarekin.

Hezkuntza, edozein prozesu emantzipatzaile edota askatzaile indibidual zein kolektibotan ardatza da, zutabe estrategikoa. Horrela, begirada ezkertiar eta independentista batetik ere, hezkuntza-eredu eraldatzaileak hainbat helburu lituzke: maila indibidual zein kolektiboan ezagutza eraiki eta deseraikitzeko bultzada izatea, pentsamendu kritiko eta dibergentearen akuilu, enpatiaren, asertibitatearen eta ahalduntzearen sustatzaile, munduaren ikuspegi integral eta holistikoetarako bide emaile, eta horiei gehitu, elkartasuna, kohesioa, justizia soziala eta demokraziarekiko konpromisoa. Horixe, bere adierazpide ezberdinetan -formala, ez formala, informala- , hain zuzen ere, burujabetza prozesua bultzatze bidean jarriko gaituen tresnarik indartsuenetako bat. ( (H)arian, euskal hezkuntza feminista, komunitario eta burujaberako gakoak. Plaza Hutsa).

Beraz, bizi ala kolapsora joan nahi ote dugun erabakitzeko unean gaude, daukagun egoerak ez baitu gehiagorako ematen.  Horretarako lehia eta inertziak hautsi eta jauzia eman behar da, herriaren indarra eta bulkada sendoa beharko baitu hezkuntza-eredu eta sistema eraldatu eta eraldatzaile baten eraikuntzak.

Aurreko hamarkadetan Euskal Herria gai izan da herri ekimenetik erronka ezberdinei aurre egiteko. Hezkuntzan aitzindari izan gara herrigintza lan handia eginez, bai ikastoletatik eta baita administraziopeko eskola publikoetatik ere, baita, hainbat eskola-eredu alternatibo, edota, hezkuntza-eremu ez formal eta informaletan ibili diren eta dabiltzan hainbat elkarteren eskutik ere. Hezkuntza-komunitate saiatua eta konprometitua daukagula  eta lan eskerga egin duela eta egiten ari dela ere kuestiona ezina da.

Baina, garai honetan daukagun erronkaren tamaina ez da aurretik izan duguna baino txikiagoa, eta ez dago irtenbide partzialik egiturazkoa den eta larritzera joko duen egungo hezkuntza-sistemen egoerarentzat. Izan ere, eta aurreikuspenen arabera, hezkuntza-sistemei zuzenean eragiten dieten bi fenomeno aipatzearren, -gehiago ere badira noski- desoreka demografikoak eta migrazio fluxuek gora egingo dute datozen urteetan. Era berean, estatuen birzentralizazio eta inboluziorako joerek ez dute etenik izango, eta hezkuntza, orain arte bezala, jo puntuan izango dute.

Beraz, garaiko erronkek galdera berriak jarri dizkiguten bezala erantzun gaurkotuak behar dituzte, eta hasierara itzulita, XXI mendean Euskal Herriak behar duen Hezkuntza-sistemaren zehaztapena herri ikuspegi sendo batetik egin behar genuke. Herri honek behin baino gehiagotan erakutsi duen gaitasuna eta energia norabide emankorrean jarri eta trantsizio adostu baten alde egin beharko genukeelakoan gaude.  Konpromiso historiko berrituetan oinarri hartuta, adostasun sozial berria eraikitzeko garaia da, sare bakarreko Euskal Hezkuntza-Sistema publiko burujabe baten inguruko adostasun sozial berria, hain zuzen ere.


Eusko Jaurlaritza

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp

OTRAS RESPUESTAS DE 2021