Euskal Herriko instituzio eta eragile askotarikoek bat egin dute Eusko Ikaskuntzak Herri Itun berrietarako zabaldutako bidearekin

XIX. Kongresua

2024/10/02

Euskal Herriko instituzio eta eragile askotarikoek bat egin dute Eusko Ikaskuntzak Herri Itun berrietarako zabaldutako bidearekin

EAEko Lehendakariak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakariordeak babestu dute Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, eragile garrantzitsuenekin batera.

Euskal Herri osoko instituzio eta eragile asko batu dira gaur, urriak 2, Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuaren lehenengo egunean, Gasteizko Europa Jauregian. Ekitaldiaren xedea herri itun berrietarako irekitako bidean jarraitu eta bide berriak urratzea da. Horretarako, elkarteak desberdinen arteko adostasunak erdietsi nahi ditu; baita Euskal Herriko egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko proposamenak plazaratu ere.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitzetan, “Elkargune honek Euskal Herri mailako erronkei heldu izan dio 1918an sortu zutenetik. Beti jendartearen ondoan izan da, Euskal Herriak zituen erronka eta arazoei adostasunak eta konponbideak bilatzen, bide berriak urratzen eta jendarte hobe bat osatzeko proiektuak eta proposamen globalak gauzatzen. Kongresu honetan ere proiektu ugari aurkeztuko ditugu, hain zuzen ere, datozen urteotako guztion erronkak izango diren gaiei helduta”.

Kongresuko lehendakari Patxi Juaristik bat egin du Urkizak azaldutakoarekin: “Izan ere, bertaratuko diren guztiek ere aukera izango du euren iritzia eman eta iruzkinak egin nahiz iradokizunak plazaratzeko. Eusko Ikaskuntzak laupabost urtean behin antolatu ohi du kongresua, hain justu, urteotan landutako proiektuen ondorioak eta proposamenak jendarteratzeko. Ezin ahaztu, lurralde guztietako eragileek hartzen dutela parte”.

Hala, kongresuaren irekiera instituzional ekitaldian EAEko lehendakari Imanol Pradales, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde Ana Ollo, Arabako Diputatu Nagusi Ramiro González eta Gasteizko alkate Maider Etxebarria izan dira. Euren ondoan izan dira Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendoza, gobernuko delegatu Marisol Garmendia baita Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ere, beste agintarien artean.

Pradalesek aipatu duenez, “gure buruari galdetu behar diogu zerk bultzatu duen milaka lagun Europaren aurkako diskurtso xenofoboen papera bozkatzera. Bidegurutze honetan tekla egokia sakatu behar dugu, eta erantzun hori gizartetik aterako da, horretarako sekretua da herri nortasuna zabaltzea eta erankundeak prestigiatzea. Gure gizartearen erronkak bateratzaileak egiteko behar zaituztegu, erakundeok herritarren eta komunitatearen eskutik egin behar dugulako aurera, herri bezala. Beraz, zuen beharra ere badugu”. Bide beretik jo du Nafarroako ordezkariak: “Ekitaldi hau mugarri erreferentziala da XX. mendetik, eta epe luzera lan egiteko Eusko Ikaskuntzaren gaitasuna balio erantsia da. Zorionez, eztabaidarako eta akordiorako tradizio luzea dugu; adimen kolektiboa eta behetik aliantza eta proiektu txiki bateratuak lantzeko gaitasuna dugu, gero gora egin eta gure gizartearentzat eta komunitateentzat baliozkoak diren ereduak proposatzeko. Eta prozesu honetan guztian Eusko Ikaskuntza giltzarria da eta izango da.”.

Diputatu Nagusiak, aldiz, honakoa azpimarratu du: “Azken hamarkadetan bizi baldintzak aldatu dira eta gizarte kohesioa handitzeko adostasun zabalak behar ditugu; ziur naiz kongresuko ideia, ekimen, hausnarketa edo proiektu berriei esker gizarteak aurrera egiteko proposamen berritzaileak izango direla”. Azkenik, Gasteizko alkateak nabarmendu du: “Gizarte eta komunitate gisa erronka handiei egin behar diegu aurre: trantsizio energetikoa, digitala... Erronka ekonomikoei egin beharko diegu aurre eta begirada berriak eskatzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar gizarte estaldura babestu behar dugula. Ziur nago jardunaldiok oso emankorrak izango direla eta ziur naiz proposamen ugari egingo  direla”.

Inaugurazio ekitaldi jendetsua

Kongresuaren irekiera jendetsua izan da oso, 300 lagun inguru bildu baitira Europa Jauregian, zehazki. Kokapen marko gisa, lehenik, Mondragon Unibertsitateko Andoni Eizagirre katedraduna Euskal Herriaren etorkizuneko ongizate eta eredu-sozioekonomikoaren birdefinizioaz mintzatu da. “Guretzat, oinarrizkoak dira bi premisa: garenaren neurriaz jabetu behar gara eta gure herria kokatu behar dugu une historikoan. Industrializazioak garranzi handia izan du gurean, eta enpresaren tamainaz gain, egon daitezke beste balore batzuk: pertsonen ezagutzak, hitza ematea, konpetentziak... Gauza inportanteak dira: ekonomiaz hitz egiterakoan, pertsonek zer-nolako balioak eta espektatibak dituzten”, azaldu du irakasleak.

Ondoren, eredu sozioekonomikoa hizpide, aurreneko hitzaldiaren unea izan da. Hilary Cottam Londresko Unibertsitateko irakasle, diseinatzaile eta ekintzaile britainiarrak irekiera-hitzaldia egin du. Cottamek Ongizate Estatuaren ikuspegi boteretsu eta eraldatzailea aurkeztu du, giza duintasunean, inklusioan eta elkarrekiko laguntzan oinarritua. Bere esanetan, “Harremanak berregin behar dira, giza loturak sendotuz. Enpatian, elkarrekikotasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako sare komunitarioak sustatuz, sistema malgu eta erresilente bat izatean islatuko dena”, Eusko Ikaskuntzak azken urteotan martxan jarritako proiektuen filosofiaren bidetik. Cottamen iritziz, “Ongizate Estatuak zerbitzu estandarizatuetan zentratutako eredu batetik pertsonetan zentratutako eredu batera pasatu behar du”, komunitateekin batera irtenbideak sortuz eta bizitzako etapa desberdinetara egokituz.

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua #ElkartzenGaituena

Mahai inguru mamitsua

Kongresuko lehen eguna hiru bloketan banatu da, eta aurrenekoa garapen ekonomikoari buruzkoa da. ‘Trantsizioa aurrekoa: kostuak, finantzatzaileak, kanpo-eraginak eta nahi dugun trantsizioa’ izenpean Alberto Ansuategik, Orkestrako Edurne Magrok eta EHUko Teófilo Rojok esku hartu dute. EHUko Jon Barrutia izan dute moderatzaile lanetan.

“Trantsizioa epe luzerako inbertsio gisa ikusi behar da. Haren finantzaketan eragile publiko zein pribatuek parte hartuz gero, trantsizio inklusibora bideratuko da”, adierazi du lehenengoak. Magrok, berriz, gaineratu du trantsizioa eraginkorra izan dadin, eragile guztiek modu aktibo eta koordinatuan hartu behar dituztela beren rolak, “trantsizioaren erantzukizuna elkarlana eta ezagutza trukea sustatuko duen eraikuntza kolektiboa izan behar du” azaldu du. Rojok, aldiz, beste bide bide bati heldu dio: “trantsizioak jasangarritasuna landu behar du, ez bakarrik baliabideen kontsumoan oinarrituta, baita horiek eskuratzeko desberdintasunak kontuan hartzen dituen ikuspegi geopolitiko batetik ere”. Hainbat ikuslek ere hitza hartu eta iruzkinak egin dituzte, hala, mahai-inguru aberatsa eta mamitsua izan da.

Ongizatearen inguruko adostasun handia

Ondoren enpleguaren jasangarritasunaz eta ongizateaz aritu dira bloke berri batean. Horretarako, bigarren mahai-ingurua izan dute: ‘Lanaren etorkizuna eta ongizate politikak’. Hemen hartu dute parte Tomas Arrieta Lan Harremanen Kontseiluko lehendakari ohiak, Leire Gartzia Deusto Businness Schooleko kideak eta Rafael Muñoz de Bustillo Salamankako  Unibertsitateko irakasleak. Moderatzaile lanetan, Izaskun Goñi, Industriarako aholkularitza estrategikoko kidea izan da.

Arrietak enplegu duinak bermatzearen garrantzia nabarmendu du oinarrizko bide gisa aberastasuna eskuratu eta desberdinak murrizteko. Era berean,  aurre-banaketa politiken beharra azpimarratu du, hezkuntza eta osasuna kasu, lan merkatuan parte-hartze bidezkoa sustatzeko. Arrietaren iritziz, “merkatuaren beharrak eta enpleguaren kalitatea hobeto lerrokatzeak produktibitate eta lehiakortasun ziklo bertutetsua sor dezake”. Gartziak, ordea, lanaren etorkizunaren hiru erronka nagusietan jarri du fokua: “belaunaldi berriak ulertzeko lan egiturak moldatzea, elkarrekikotasunean oinarritutako lan ereduak eraikitzea eta aniztasuna modu inklusiboan kudeatzea”. Azkenik, Muñoz de Bustillok birbanaketaren kontzeptua jarri du erdigunean: “gizarte-gastua iraunkorra izan daiteke, baldin eta aurrerapen teknologikoetatik eratorritako produktibitatearen irabaziak behar bezala birbanatzen badira”. Era berean, immigrazioak zahartze demografikoa arintzeko duen papera nabarmendu du, baita mozkinen banaketa bidezkoa ziurtatuko duen trantsizio ekologikoaren urgentzia ere.

Atsedenaldiaren ostean Maria Angeles Durán CSICko irakasle katedradunaren txanda izan da: “etxeko lanak zein zaintza-lanak duten balio ekonomikoa izugarria da, izan ere, funtsezkoak dira nahiz eta diru sarrera zuzenik sortzen ez duten”. Duranek ordaindu gabeko lana ikusarazi, baloratu eta berdintasunez birbanatzearen alde egin du, gizarte justuago eta jasangarriago bat eraikitzeko.  “Lan horien banaketa desorekatuak genero-desberdintasunak iraunarazten ditu, eta emakumeek lan-eremu formalean dituzten aukerak mugatzen ditu”.

Gai honek bete-beteko harremana du Eusko Ikaskuntzak kongresuan azaleratu nahi izan duenarekin: “Gaurko eta etorkizuneko erronkak eta kezkak jorratzea da helburua; kongresuak honen lekuko eta plaza izan behar du, eta Duranena bezalako hitzaldien erdigunean jartzen dute jendarteak pairatzen duen arazo handietako bat”, esplikatu du Juaristik.

Iraunkortasunari buruzko eztabaida mamitsua

Amaitzeko, hirugarren blokea heldu da: ‘Iraunkortasuna eta belaunaldien arteko elkartasuna’. Horretarako, eguneko hirugarren mahai-ingurua izan du kongresuak. Bertan ziren hizlari Itziar Aguado EHUko irakaslea, Javier Buron NASUVINSAko ordezkaria eta Concepción Patxot, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea. Hiruen moderatzaile, berriz, Orkestrako Mercedes Oleaga.

Aguadok Euskal Herriko belaunaldien arteko erronka nagusia biztanleria zahartuaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren arteko oreka kudeatzean jarri du begirada. Prekarietatea murrizteko eta bizitza pertsonala eta profesionala hobeto uztartzeko lan-politikak ezartzea proposatu du, baita pentsio-sistemaren iraunkortasuna bermatuko duten erreforma fiskalak ere. “Esparru pribatuan, funtsezkoa litzateke erantzunkidetasuna bultzatzea, eta arlo publikotik, gazteen emantzipazioa errazten duten etxebizitza-politikak sustatu behar dira”, azaldu du. Azken ideia horri helduta, belaunaldien arteko elkartasunerako, Buronek etxebizitza-politika jasangarriak garatzearen garrantzia agertu du: “belaunaldien arteko bizikidetza-ereduak eta ingurumen-inpaktua murrizteko irtenbide ekologikoak”. Concepcion Patxotek, ordeaz, bizi-zikloko etapen arteko finantza desorekak sortutako kanpo-eraginak ulertu eta zuzentzearen garrantzian jarri du arreta: “Sandwich belaunaldiarentzat -seme-alabak eta, aldi berean, guraso nagusiak zaindu behar dituztenak- laguntza-politikak ezarri behar dira”, familiek ugalkortasunari eta hezkuntzan inbertitzeari eutsi ahal izateko.

Ekitaldiaren itxiera jardunaldiaren laburpen eta ondorioekin gauzatu da, hain zuzen, Jon Barrutia, Leire Gartzia, Mercedes Oleaga eta Andoni Eizagirrek aurkeztuta. Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren lehen ardatzak agerian utzi du Euskal Herriko eredu sozioekonomikoa ikuspegi jasangarri eta justuago baterantz eraldatu behar dela. Andoni Eizagirrek berriro hartu du hitza azpimarratzeko “jasangarritasuna, justizia soziala eta eraginkortasuna lehenetsiko dituen garapen ekonomikoa hartzearen garrantzia. Eraldaketa horrek bidezko trantsizioa eskatzen du, sektore guztiak barne hartuko dituena”. Gainera, pertsonak ardatz dituen eta interdependentzian eta lankidetzan oinarritutako Ongizate Estatuaren ereduaren beharra mahaigaineratu da.


JARDUNALDIKO ESALDI-GAKOAK

Ana Urkiza:

“Foro handi hau egitera animatu gaituen indarra: oinarri komun eta adostuak ezartzea, XXI. mendeko euskal gizartearen aurrerapenari, ongizateari eta lurralde-kohesioari begira”.

Patxi Juaristi:

“Herri itun bat aldarrikatzen dugu, gizartea eraldatzeko akordio gisa ulertuta; guztion ongizatea hobetzeko akordioa, eta  horren inguruko proposamenak egiteko, batzen gaituen horretan oinarrituko gara”.

Hilary Cottam:

“Ongizate Estatuak zerbitzu estandarizatuetan zentratutako eredu batetik pertsonetan zentratutako eredu batera pasatu behar du”.

Maria Angeles Durán:

“Etxeko eta zaintza lanen banaketa desorekatuak genero-desberdintasunak iraunarazten ditu, eta emakumeek lan-eremu formalean dituzten aukerak mugatzen ditu”.


Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak ondoko erakundeen laguntza izan du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; Nafarroako Gobernua; Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministeritza; Laboral Kutxa; Vital Fundazioa; Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko udalak; Deustuko unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, UNED, Nafarroako Unibertsitate publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Paue eta Aturri inguruko herrialdeetako Unibertsitatea; Berria, EITB, Correo, Diario Vasco, Gara, Noticias Taldea, Tokikom, Goienako hedabideak; eta Altube elkartea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp