Eusko Ikaskuntzak aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko plana landuko du instituzioei laguntza emanez

XIX. Kongresua

2024/10/03

Eusko Ikaskuntzak aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko plana landuko du instituzioei laguntza emanez

Gizarte-trantsiziorako prestatzeko beharra nabarmendu da datozen aldaketa azkarren aurrean, euskal kulturaren eta nortasunen aniztasuna zainduta.

Euskal jendarte osoko dozenaka aditu eta ehunka herritar bildu da gaur, urriak 3, Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuaren bigarren egunean, Gasteizko Europa Jauregian. Ekitaldiaren xedea izan da jendarteak dituen erronkak aztertzea eta horien inguruko proposamenak lantzea, zenbait proiekturen eta adituren bidez. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko plana lantzeko asmoa du, instituzioei etorkizuneko erronkotan laguntzeko.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu duenez, “euskal jendarteak geroan jorratu beharreko zenbait erronka ditu, gaur egun jada sumatzen ari garenak eta, datozen aldaketa bizkorrekin, etorkizun hurbilean landu beharko ditugunak, zalantzarik gabe. Hain justu, hori da kongresu honen helburu garrantzitsu bat”.

Hala, Patxi Juaristi kongresuko lehendakaria bide berberetik aritu da: “Jendarte-trantsizio hauetarako prestatu beharra dugu eta kongresu hau horretarako abiapuntu eta elkargune itzela da. Bere leloa ‘Elkartzen Gaituena’ da, eta xede oso argia du: hemen garen ehunka lagunek eta askotariko adituk erronken inguruan hausnartzea, euskal jendartean komunitate-kontzientzia piztu beharra baitugu. Etorkizunaren eta bere erronkei elkarrekin aurre egiteko”. 

Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuaren bigarren eguna Lola S. Almendros Salamankako Unibertsitateko ikerlariarekin hasi da. Zehazki, ‘Las sociedades actuales y sus redes: evolución, participación y convivencia’ izenburu duen hitzaldi markoa. Bertan, Almendrosek aztertu du jendarte garaikideen bilakaera, horiek osatzen dituzten sareak eta nola eragiten duten komunitate gisa parte hartzeko, elkarrekin bizitzeko eta eboluzionatzeko dugun gaitasunean.

Ildo horretatik abiatuta, hiru ardatz nagusi jorratu ditu: bilakaera soziokulturala, gure bizitza sozialeko hainbat esparrutan bizi dugun alienazioa eta, azkenik, egungo testuinguruan bizikidetzarako eta herritartasunerako erronkak. Izan ere, jendarte garaikideek aurre egin beharreko erronka ez da soilik teknologikoa edo politikoa, baizik eta sakonki gizatiarra.

“Elkarbizitzarako erronka bat da elkarrekin bizitzeko moduak aurkitzea azkar aldatzen den mundu batean. Horrek esan nahi du birpentsatu behar ditugula gure praktikak, balioak eta, batez ere, besteekin eta geure buruarekin harremanak izateko modua, gero eta informatizatuago dagoen mundu honetan”, esplikatu du Almendrosek.

Zenbait proiektu, hainbat erronka

Ondoren, Eusko Ikaskuntzak azken hiru urteotan aipatu erronketariko batzuk landu ditu zenbait proiekturen bidez. Gaurko jardunaldian horietako lau proiekturen ondorioak eta proposamenak aurkeztu ditu. Urkizak aipatu duenez, “ondorioek azpimarratu dute jendarte-kohesioa eta komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoak direla etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Euskal nortasuna, kultura, hezkuntza eta gizarte berrikuntza trantsizio ekologiko, digital eta sozialean garatu behar ditugu, duintasuna, inklusioa eta aniztasuna oinarri hartuta”.

Ondoren, Juaristik honakoa gaineratu du: “Komunitatearen parte-hartzea eta lankidetza maila ezberdinetan bultzatu behar dira, gobernantza irekiak eta berrikuntza soziala sustatzen duten ekimenek etorkizun hobe bat eraikitzeko ahalmena dutela frogatzen baitute”.

Hala, lehen proiektua nortasunaren ingurukoa izan da: ‘Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu’. Proiektua azaltzeaz gain, aztertu dituzten atalak, diagnosia eta emaitzak plazaratu dituzte. Azkenik ondorio gisa, honakoa aipatu dute:

Euskal nortasuna aniztasuna aberastasun gisa ulertu behar da, lurralde desberdinen arteko batasuna eta kohesioa bultzatuta. “Inklusioa eta parte-hartzea funtsezkoak dira etorkinak eta jendartearen periferian daudenak integratzeko. Komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa da, euskal nortasun sendoa eta kohesionatua lortzeko”, azaldu dute lantaldeko koordinatzaileak.

Beranduxeago, eguneko bigarren proiektua aurkeztu dute: ‘Euskal Hezkuntza Sistema. Etorkizuna elkarrekin lantzen’. Bertan, hezkuntza eremu bateratu bat sortzearen garrantzia azpimarratu da, non euskara eta euskal kultura elementu komunak izango diren. “Elkar-lanerako sareak, mugikortasuna eta inklusioa sustatu behar dira lurraldeen arteko kohesioa bultzatzeko”, adierazi du Nora Salbotx proiektuko kideak.

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua #ElkartzenGaituena

Hausnarketa sortzailea, aitzindaria eta berritzailea

Ondoren, Kukai Dantza Taldeak bultzatutako hausnarketa-sortzailearen txanda izan da. Jarduera aitzindaria eta berritzaileak Euskal Herri osoko artista ugari eta oso anitzak batu ditu. Gainera, ekintza deigarri honetan kongresura bertaratutakoekin batera jarduten aritu dira.

“Ikuskizun tradizional batetik harago joan nahi genuen, hain zuzen, kongresuaren parte zen eta bere xedeekin bat zetorren jarduera bat” azaldu du Jon Mayak. Horregatik, Kukai Dantza Taldeak Euskal Herriko musikan den aniztasuna jaso du eta parte hartze zuzeneko ekintza artistiko hau egin. Euren xedea argia izan da: “ideiak transmititzea eta gogoetarako bide izatea”, gaineratu du Juaristik. 

Eguerdiko etenaldiaren ondoren, hirugarren proiektua azaldu dute: ‘GizarteLAB: Gizarte berrikuntzarako esperimentazio laborategia’. Atal honi hasiera emateko testuingurua Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Nerea Melgosak azaldu du.

Jendarte berrikuntza eta gobernantza irekia eredu eraginkorrak direla erakutsi da, gainera, trantsizio digitalen, ekologikoen eta demografikoen aurrean, herritarren parte hartzearen garrantzia agerian geratu da. “Esperimentazioa eta herritar-politikarien elkarlana beharrezkoak dira eredu berriak sortzeko eta komunitateak indartzeko”, adierazi du Auxkin Galarraga proiektuko zuzendari zientifikoak.

Azkenik, laugarren proiektua aurkeztu dute: ‘Kultur eskubideak: Parte-hartzea eta gobernantzarako politikak’. Aurrekoetan lez, proiektuaren marko teoriko-metodologikoa azaldu dute. Baita diagnosia eta proposamenak ere.

Ondorioei dagokienez, Oskia Ugartek azpimarratu du kulturaren eremuan, parte-hartzea eta gobernantza inklusiboa “funtsezkoak” direla: “Euskal kulturaren baldintzak hobetu behar dira, eta kultur ekosistema parte-hartzaile eta anitzak sortzea da helburua, non komunitateak, sortzaileak eta erakundeak lankidetzan arituko diren”.

Horrenbestez, kongresua biribiltzeko asmoz, amaieran ardatzen ondorioak eta etorkizuneko ildoak jorratu dituzte, hots, lau proiektu hauek erakutsi dute euskal jendartearen etorkizuna eraikitzeko “inklusibitatea, parte-hartzea, aniztasuna eta lankidetza giltzarriak” direla. Ildo horri helduta, Eusko Ikaskuntzaren nahia aniztasuna eta bizikidetza sustatzeko plana lantzea izango da, betiko lez, instituzioei laguntza emanez artekaritza zuzena eginda.


JARDUNALDIKO ESALDI-GAKOAK

Ana Urkiza:

“Jendarte-kohesioa eta komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoak dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Patxi Juaristi:

“Gobernantza irekiak eta berrikuntza soziala sustatzen duten ekimenek etorkizun hobe bat eraikitzeko ahalmena dutela frogatzen dute”.

Lola S. Almendros:

“Birpentsatu behar ditugu gure praktikak, balioak eta, batez ere, besteekin eta geure buruarekin harremanak izateko modua”.


Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak ondoko erakundeen laguntza izan du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; Nafarroako Gobernua; Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministeritza; Laboral Kutxa; Vital Fundazioa; Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko udalak; Deustuko unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, UNED, Nafarroako Unibertsitate publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Paue eta Aturri inguruko herrialdeetako Unibertsitatea; Berria, EITB, Correo, Diario Vasco, Gara, Noticias Taldea, Tokikom, Goienako hedabideak; eta Altube elkartea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp