Eusko Ikaskuntzak gizarte eta lurralde kohesioa erdiesteko ibilbide-orria finkatu du

XIX. Kongresua

2024/10/04

Eusko Ikaskuntzak gizarte eta lurralde kohesioa erdiesteko ibilbide-orria finkatu du

Ia mila lagun bildu dira Eusko Ikaskuntzak deitutako Kongresuan, lurralde harremanen- ekosistema garatzeko proiektu berria abian jartzeko konpromisoa hartu duelarik.

Azken egunean Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak jendarte eta lurralde kohesioa eskuratzeko ibilbide-orria finkatu du, hiru eguneko eta ia mila pertsonako kongresuaren amaieran. Hala, erakundeak lurraldeen harreman-ekosistema garatzeko proiektu berriak jarriko ditu martxan 2025etik aurrera. Izan ere, kongresuan euskal jendartearen etorkizuneko erronkei nola aurre egin aztertu dute, zehazki, proiektuen ondorioak aztertuta eta abian jar daitezkeen proposamenen bidez.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitzetan, “interes handia piztu duen kongresua izan dugu, bai herritarren artean, bai adituen artean. Gainera, Euskal Herri mailan euskal jendartearen etorkizuna aztertzeko unerik aproposenean heldu da, aukeraz jositako trantsiziorako abagune apartan. Oso pozik gara emaitzarekin, kongresuak etorkizuneko Eusko Ikaskuntzaren zumeak errotu baititu”. 

Patxi Juaristi kongresuko lehendakariak gaineratu duenez, “kongresuak antolatzaileon espektatibak asebete ditu. Alde batetik, esperotako parte-hartzaile kopurua gainditu dugulako. Beste aldetik, jaso diren emaitzak, iruzkinak eta proposamenak oso aberatsak izan direlako. Pozik gara hizlarien maila ere zinez altua izan delako. Hortaz, kongresu emaritsua dela esan genezake edukiari eta kopuruari dagokienez”. 

Zehazki, hirugarren egunak lurraldetasun alorraren inguruko proiektuak eta gaiak izan ditu hizpide; azken egun honek 300 lagun batu ditu gaur, urriak 4, Gasteizko Europa Jauregian.

Hala ere, jardunaldiaren amaiera kongresuaren bukaera ere izan da, jendartearen isla izan nahi duen familia-argazkia atera baitute, gizarteak duen interesa eta ekintzarako borondatea argi azaldu delarik.  

Lurralde bizia

Eguna ‘Lurralde oreka. Herri txikien akademia’ izeneko proiektuarekin hasi dute. Joseba Bergaretxe Eusko Ikaskuntzako kideak eta Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko kideak aurkeztu dute. Lehenak lurralde oreka ekimenaren testuingurua jorratu du: “Herritarrek lurraldearekiko duten lotura indartu behar da. Euskal Herriko landa-ingurunea eta herri txikien garapena ikuspegi integral baten bidez sustatu behar dira, oinarrizko azpiegiturak eta zerbitzuak bultzatuz eta komunitate kohesionatuak garatuz”, azpimarratu du Bergaretxek.

Muñoa, berriz, errotzeari buruz eta komunitateaz aritu da, herri txikien etorkizunerako gako bezala ulertuta. “Herri txikien garapen orekatua eta landa-eremuko komunitateen errotzea ezinbestekoak dira lurralde osoaren hazkunde iraunkorra bermatzeko. Horretarako, tokiko dinamismo ekonomikoa sustatzea, ekintzailetza bultzatzea, eta zerbitzu egokiak bermatzea beharrezkoa da, baina betiere parte-hartze komunitarioa eta gobernantza demokratikoa oinarri hartuta”, azaldu du Muñoak.

Ondoren, aurreneko mahai-inguruaren txanda izan da. Bertan, hiru ikertzailek hartu dute parte: lehenik, Jaume Lopez i Hernandezek, Pompeu  Fabra Unibertsitateko kideak, subiranotasun lurralde gatazken ezaugarritzea eta kudeaketa demokratikorako gakoak aurkeztu ditu.  “Lurralde kohesioa adostasuna lortzearen sinonimo da, baina hori ez da beti erraza. Lurraldeen arteko gatazkak maiz agertzen dira, eta horiek modu demokratikoan kudeatu behar dira”, adierazi du Lopez i Hernandezek.

Edinburgh Centre for Constitutional Law-eko Elisenda Casanas zentratu da Europan subiranotasun gatazkaren kudeaketa demokratikorako adibideetan. Bere aburuz, “Europa mailako arau-tresna batek, gatazkak modu baketsuan konpontzeko ezinbestekoa da. Izan ere, herrien eta estatuen arteko bizikidetzarako printzipio demokratikoak zehazten ditu”.

Azkenik, Maite Zelaia EHUko kideak gatazka horiek Europan kudeatzeko araudi proposamen baten berri eman du, bai eta praktika onen sintesia eman ere: “Europar Batasunean burujabetza prozesuak modu bidezkoan eta demokratikoan garatzeko tresnak eskaintzen ditu araudiak”.

Jarraian, Cristina Lafonten txanda izan da. Northwester Unibertsitateko ikertzaileak adierazi duenez, “XX. mendeko demokrazia eredua krisian dago. Krisiari aurre egiteko, deliberazio bidezko demokrazia parte-hartzailearen eredua proposatu behar da, erabaki publikoak herritarren parte-hartzearen bidez legitimatzeko. Demokrazian sakontzea eta herritarren ahotsa erabaki-prozesuetan integratzea da XXI. mendeko lurralde kohesioaren eta gobernantza demokratikoaren oinarria eta, era berean, erronka”.

Eguerdian, ‘Euskal Herria, lurralde bizia, muga espazioa’ ikerketaren berri ezagutzeko aukera izan da. Horretarako, EHUko Gorka Fraeters ‘Muga hurbilak eta mugalaritza garaikidea. Mugatik at, mugaldearen marko bat’ gaiaz mintzatu da: “Mugalaritza garaikideak epe luzeko arrakastarik izango badu, sozioekonomian oinarrituko da”.

Ondoren, Ximun Carrere Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kideak mugaz gaindiko Muga Lur proiektua azaldu du. Bere hitzetan, “Mapetan mugak linea fin eta mugikor gisa ikusten ditugu; hau eraikuntza sozial bat da eta estatu nazioekin doaz”.

Azkenik, EHUko Aitzpea Leizaolak diasporaren bizipenen berri eman du lurralde kohesioari eta mugalaritzari dagokionez: “Gaur egunean globalizazioaren eraginez diaspora multiformeagoa da, aldakorragoa. Errealitate hori islatzeko datu falta dugu”.  . 

Halatan, mugaren espazioan gertatzen diren harremanak eta diasporak lurraldearekiko duen lotura bizipenetatik eta testigantzetatik aztertu dituzte; beti ere Euskal Herria lurralde bizia dela abiapuntu hartuta. Zehazki, honakoa aztertu dute: batetik, muga hurbileko herritarren arteko harremanek dituzten oztopoak eta horiek gainditzeko mugaldean garatuta den kultura. Bestetik, diasporaren bizipenetik atera daitezkeen irakaspen eta praktika onak, lurraldearekiko atxikimenduari eusteko eta sendotzeari begira.

Ondoren, bigarren mahai-ingurua osatu dute honako gaia ardatz hartuta: ‘Lurralde bizia, lurralde funtzionala klima larrialdiaren aurrean: lurralde kohesiorako politika eta estrategiak’. Hizlariak Zelai Nikolas, Itsaso Murua eta Asier Ruiz izan dira. Moderatzailea, berriz, Isabel Elizalde. Bertako ondorio nagusia da lurralde bizia izaten jarraitzeko oztopoak gainditu eta erakunde komun sendoak eraiki behar direla. Hain zuzen ere, klima larrialdiaren testuinguruan, lurralde kohesioak begirada integrala garatu behar du, lurralde lankidetza indartu eta gobernantza demokratikoan sakondu.

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua #ElkartzenGaituena

Ondorio eta proposamen sendoak

Kongresuak hiru egunetan emandako eztabaida sakonen ostean, etorkizun hobe bat eraikitzeko identifikatu dituzten aldaketa-palankak aurkeztu dituzte: Balio sozio-komunitarioak indartzea eta transmititzea; Ahalduntze komunitarioa-Komunitatea eraikitzea;  Parte-hartzea eta demokrazia indartzea;  Hezkuntza eta prestakuntza; Gizalegezko hezkuntzaren garrantzia; Mugaz gaindiko lankidetza eta lurraldeen arteko aliantzak indartzea; Herritar guztien eskubide kulturalak bermatzea; Ekonomia iraunkorra eta soziala; Teknologia eta berrikuntza; Ingurumenaren zaintza eta iraunkortasuna.

Aldaketa-palanka horiek “modu koordinatu eta integratuan landu behar ditugu, eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztien inplikazioarekin. Elkarrekin, justizia, inklusioa eta iraunkortasuna oinarri dituen etorkizuna eraiki dezakegu”, azpimarratu du Patxi Juaristi XIX kongresuko lehendakariak.

Era berean, ondorioekin batera hiru alorretan proposamenak mahaigaineratu dituzte: Kultura eta nortasuna mantentzea eta garatzea; Kohesio soziala eta komunitatea indartzea; lurraldetasunaren erronkari aurre hartzea; eta Euskal Herriko ekosistema sozioekonomiko solidarioa eta parte-hartzailea sortzen laguntzea.

Zehazki, Kultura eta nortasuna mantentzea eta garatzeari dagokionez, Euskal Kultura eta aniztasun kulturalaren balioa nabarmentzea da helburu, Euskal Herrian nortasun eta kultura inklusiboago bat eraikitzeko bidean. Bigarren proposamenak ahalduntze komunitarioan jartzen du azpimarra, alegia, herritarrak eta komunitateak aktiboki parte hartzera bultzatu, haien beharrak eta interesak identifikatu eta horiek asetzeko ekimenak garatzeko. Hirugarren proposamena lurraldetasunaren erronkari XXI. mendeko tresnak eta ko-eraikuntza prozesuak baliatuz aurre egitea, lurraldeen arteko elkar- ezagutza sustatuz, lurralde kohesioaren inguruko deliberazioa bultzatuz eta aliantzak sendotuz. Azkenik, Ongizate integral baterantz, ingurumenaren iraunkortasuna, justizia soziala, belaunaldien arteko ekitatea eta etorkinen inklusioa uztartuko dituen eredu sozioekonomiko eta ongizate integrala garatzen laguntzeko proposamena luzatu du erakundeak.

Ekitaldiaren amaieran itxierako argazkia egin dute euskal jendartea ordezkatuko lukeen gizatalde zabal batekin. Urkizak argi eta garbi adierazi du irudi honekin amaitzeko nahia: “Adin, pentsamolde, kolore eta jatorri anitzeko pertsona talde batek lagunduta ezagutu ahal izan ditugu Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuko ondorioak eta etorkizunerako proposamenak, geroa denen artean eraiki behar dugula adierazteko, errealitate eta sentsibilitate guztiak hartuta eta elkarrekin bidea egiteko nahiarekin”.


JARDUNALDIKO ESALDI-GAKOAK

 Ana Urkiza:

“Etorkizuna denen artean eraiki behar dugula adierazi nahi izan dugu, errealitate eta sentsibilitate guztiak hartuta eta elkarrekin bidea egiteko nahiarekin”, “Gaur, hemen bilduta, bidea markatu eta etorkizuneko pausoak adostu ditugu, kohesioaren, elkarlanaren eta justiziaren aldeko konpromisoa hartuta”.

Patxi Juaristi:

“Eragile sozial, ekonomiko eta politiko guztien inplikazioa behar-beharrezkoa da ongizate integrala, lanaren etorkizunaren erronkak, ekonomia berderako trantsizioa eta belaunaldien arteko kohesioa lantzeko Euskal Herrian”.

Ion Muñoa:

“Lurraldeen arteko elkarlana eta erronka globalen aurrean ikuspegi bateratuekin jardutea ezinbestekoa da”

Cristina Lafont:

“XX. mendeko demokrazia eredua krisian dago. Krisiari aurre egiteko, deliberazio bidezko demokrazia parte-hartzailearen eredua proposatu behar da, erabaki publikoak herritarren parte-hartzearen bidez legitimatzeko”.


Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak ondoko erakundeen laguntza izan du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; Nafarroako Gobernua; Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministeritza; Laboral Kutxa; Vital Fundazioa; Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko udalak; Deustuko unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, UNED, Nafarroako Unibertsitate publikoa, Nafarroako Unibertsitatea eta Paue eta Aturri inguruko herrialdeetako Unibertsitatea; Berria, EITB, Correo, Diario Vasco, Gara, Noticias Taldea, Tokikom, Goienako hedabideak; eta Altube elkartea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp