'Euskaragaz egizu match', euskararen inguruko estereotipo eta aurreiritzien kontrako ekimena

Foroak eta mintegiak

2023/05/17

'Euskaragaz egizu match', euskararen inguruko estereotipo eta aurreiritzien kontrako ekimena

Hilabetez parte hartu dute 16-25 urte arteko gazteek Eusko Ikaskuntzak BBK Kunaren lankidetzarekin bultzatutako esperientzia pilotu honetan.

Maiatzaren 17an, "Euskaragaz egizu match" ekimenaren amaiera-saioa egin zen Bilbon. Eusko Ikaskuntzak antolatu du, BBK Kunaren laguntzarekin, eta hilabete batez egin da.

16 eta 25 urte bitarteko gazteek esperientzia pilotu honetan parte hartu dute, estereotipoak eta aurreiritziak ezabatu eta euskara esparru formaletan nahiz informaletan sustatu nahian. Horretarako, lau lantegitan, euskarak bere inguruan duen egoeraren diagnostikoa egin dute, galdera hauei erantzunez: zergatik ez dute euskara erabiltzen gazteek eguneroko harremanetan hizkuntzaz duten ezagutza handiaren proportzioan?, zer aurreiritzi eta estereotipo ari dira oztopatzen euskararen garapena?, nola gaindi dezakegu egoera hori?, eta nola imajinatzen du egungo gazteriak euskararen etorkizuna?

Galdera horietatik abiatuta eta tailerretan aktiboki parte hartu ondoren, besteak beste, euskararekiko jarrera aldatzeko borondate argia agertu da. Azpimarratu dute, halaber, zer garrantzia duen euskara aisialdiaren eremura eramatea eta euskara ikastea erakargarria egitea haren erabilera sustatzeko. Gainera, taldekideen artean giro aparta sortu da eta dinamiketan ikasi eta disfrutatu izanaren iritzia hedatu da. 

Ekainean aurreikusten da Eusko Ikaskuntzak ondorioen berri ematea emaitzen-txosten baten bitartez. Bitartean, Xabier Aierdik eta Maialen Iñarrak landutako iritzi-artikuluak kontsultatzera animatzen zaitugu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp