+60, adinekoen talentua sustatuz

Proiektuak

2023/12/15

+60, adinekoen talentua sustatuz

Joan den azaroan, erretiratzeko adinean dauden pertsonen talentua bultzatzeko ekimen baten lekuko izan ziren Gernika eta Gasteiz.

"Talentua ez da erretiratzen" lelopean, Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Sailburuordetzak lau asteko programa bat antolatu zuten, adineko pertsonak lan osteko garairako trantsizioan gaitzeko.

+60 programak zahartze garaia modu positiboan aztertzea izan zuen helburu. Horretarako, parte-hartzaileek aukera izan zuten alorreko elkarte espezializatuetako adituek aurkeztutako esperientzia inspiratzaileak ezagutzeko, hala nola Helduak Adi, Secot, Donostia +55 eta Bizanen ekarpenak. Erakunde horiek ikuspegi baliotsuak eskaini zituzten erretiroari baikortasunez heltzeko moduari buruz, eta hazkunde pertsonalerako aukerak eta bizitzako etapa horrek eman ditzakeen elementu aberasgarriak nabarmendu zituzten.

GizarteLAB metodologia erabilita, bi herrietako lau tailerretako parte-hartzaileek bizitza betea izateko eredu pertsonalizatua diseinatu zuten, helburu zehatzak identifikatuz horretarako. Dinamikek tresna praktikoak eskaini zituzten proiektu pertsonalak planifikatzeko, autonomia eta erabaki informatuak hartzea sustatuz.

Bizitza Betea zahartzaroan: erronkak aukera

Erretiroa aldaketa eta egokitzapen etapa bat da, aukeraz beteta dagoena. Programan parte hartu dutenek egiaztatu dute erretiroak aldian ere posible dela hazten jarraitzea, bai maila pertsonalean, bai profesionalean, bai eta gizarteari modu esanguratsuan laguntzen jarraitzea ere.

Nabarmendu behar da, proiektuaren ondorio nagusi modura, beharrezko jotzen dela zahartzaroan bizitza betearekin lotutako prestakuntza espezializatua eskaintzea. Adineko pertsonen kolektibo horrek, trebetasun espezifikoak eskuratzeko gero eta interes handiagoa izateaz gain, prestakuntza-programa egokituak eskatzen ditu, kalitate handikoak eta ahal den neurrian norberaren testuinguru pertsonalera egokitzen direnak. Horrela, alderdi orokorrei ez ezik, beren bizitzako aldi esanguratsu horretan murgiltzen direnen norbanakoen premia eta itxaropenei arreta espezifikoa emango dieten prestakuntza-programak diseinatzearen eta eskaintzearen garrantzia nabarmendu da.

Bizitza Betearen kontzeptuak parte-hartzaileengan interesa piztu du; hala ere, prozesuan zehar, muga objektibo batzuk azaleratu dira lantaldeetan. Parte hartu duten pertsonek badituzte traba esanguratsuak nahi duten bizitza diseinatu eta eraikitzeko. Nagusiki, beren gain hartu dituzten zaintza-erantzukizunak dira arrazoi nagusiak, bai bilobei, bai gurasoen kargu baitaude belaunaldi honetako pertsona asko. Erantzukizun horiek eragin nabarmena izan dute parte-hartzaileek beren bizitza antolatzeko duten autonomian, eta agerian utzi dute zaila dela familia-eskaerak orekatzea eta erretiroan bizitza betea bilatzea. Honek erakusten du oso garrantzitsua dela zaintza-erantzukizunak eta bizi-etapa honetan egoera pertsonalak banan-banan aztertzea, erantzukizunek eragiten dituzten tentsioak aitortuz eta horiek gainditzeko estrategia zehatzak martxan jarriz.

Azkenik, nabarmentzekoa da inguru sozialak berebiziko garrantzia duela erretiroari modu positiboan aurre egiteko. Programan parte hartu duten parte-hartzaileek hainbat eremutatik (senideak, lagunak, elkarteak…) jasotako laguntzaren garrantzia azpimarratu dute. Aho batez onartzen dute babes horrek sostengu emozional baliotsua emateaz gain, berebiziko garrantzia duela erretiro-esperientzia egoki eta aberasgarri bat edukitzeko. Gizarte sareek, erretirorako trantsizioan sostengu emozionala emateaz gain, orientaziorako eta baliabide praktikoetarako iturri baliotsua ere badira. Senideekin eta lagunekin lankidetzan aritzeak aukera ematen die erretiratuei esperientziak partekatzeko, aholkuak trukatzeko eta bizitzako etapa honetako erronka komunei elkarrekin aurre egiteko. Gainera, elkarteen parte izateak bizitzako fase honetan daudenen premia bereziei aurre egiteko diseinatutako zerbitzu espezifikoetarako eta programetarako sarbidea ematen du.

+60. Talentuak ez du erretiroa hartzen   +60. Talentuak ez du erretiroa hartzen
Gasteiz.   Gernika.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp