2023ko Batzar Nagusia

Berri korporatiboak

2023/05/26

2023ko Batzar Nagusia

Ekainaren 3an, larunbatean, 10:45etatik aurrera, Donostiako Miramar Jauregian eta online, Eusko Ikaskuntzak urteko Batzarra egingo du.

Ohiko Batzarraren aurretik aparteko beste bat izanen da, gai-zerrendan puntu bakarra duena: 5. artikulua, egoitza aldaketari buruzkoa, eta erakundearen estatutuetako lehenengo xedapen gehigarria.

Ohiko Batzar Nagusiaren lehen zatian, aurreko akta, jardueren memoria eta 2022. ekitaldiko emaitzen balantzea eta kontuak onetsi beharko dira, baita horiek aplikatzeko proposamena ere. Puntu horiei buruzko dokumentazio guztia bazkideen eskura dago www.eusko-ikaskuntza.eus webgunearen eremu pribatuan.

Ondoren, erakundeko lehendakariak, Ana Urkizak, elkartearen jarduera-ildo nagusiak eta 2023rako aurreikusitako lan-plana azalduko ditu, dagokion aurrekontuarekin batera. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresurako emandako urratsen berri emango du.

Galde-eskeen txandaren ondoren, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Kontseilu Errektoreko lau kide hautatuko dira.

Gai zerrendan jasotako puntu guztiak online eta zuzenean jarraitu eta bozkatu ahal izango dira, hauteskunde prozesuari dagozkionak izan ezik, horietan zuzenean edo boto delegatuaren bidez parte hartu beharko baita.
 

Kontseilu Errektorerako hautagaiak
 

Araba


Izaskun Iriarte Irureta

Zuzenbideko lizentziaduna, espezialitate juridiko-ekonomikoan, Nazioarteko Merkataritzako eta Integrazio Politiko eta Batasun Ekonomikoko masterrak, eta Amsterdam School of International Relations-ko posgradua. Eusko Jaurlaritzako funtzionaria. Lurralde Antolamenduko sailburuordea izan da, eta, gaur egun, Gasteizko Udaleko Lurraldea eta Klimaren aldeko ekintza sailaren zuzendari orokorra. 
 


Bizkaia


Alexander Arriola Lizarriturri

Industria Ingeniaritzako lizentziaduna. Sprilurreko lehendakaria izan zen, Euskadiko Parke Teknologikoen Administrazio Kontseiluko kidea, SPRIko zuzendari nagusia, Alias Robotics enpresako zuzendari nagusia, eta gaur egun Accentureko Ingeniaritzako zuzendaria da.

 

Mario Zubiaga Garate

Zuzenbideko lizentziaduna eta Politika eta Soziologiako doktorea. 1998az geroztik, EHUko Kazetaritza eta Zientzia Politikoetako fakultateetan ematen ditu eskolak. Ekintza kolektiboari, parte-hartze politikoari, gizarte-mugimenduei eta abarri buruzko ikertzailea.


Gipuzkoa


Miren Nekane Altzelai Uliondo

Enpresa eta Ekonomia Zientzietako lizentziaduna, Irakasleen Prestakuntzako masterra. Lanbide Heziketa, Ostalaritza eta Turismo Departamentuko Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Euskal legebiltzarkide lau legegintzalditan. Gizarte Foroaren bozeramailea, 2015-2023.

 

Jose Manuel Bujanda Arizmendi

Hizkuntzen Pedagogiako lizentziaduna eta Irakasletzako diplomaduna. Institutu publikoetako irakasle eta zuzendaria; Hezkuntzako ikuskaria; bi Diputatu Nagusiren Idazkari Nagusi eta Eusko Jaurlaritzako bi sailburutzatako kabineteko buru.


Nafarroa


Anika Luján Martínez

Historian lizentziatua, Irakasle Eskolako Haur Hezkuntzarako gaikuntza. Tuterako Argia Ikastolako irakaslea. Senatari izan zen Nafarroan. 2018az geroztik, Nafarroako Euskararen Kontseiluko kide da, Foru Parlamentuak proposatuta.

 

Donostia eta Bilbo: bazkideekin topaketak

Gipuzkoako eta Bizkaiko Kontseilu Errektorerako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzak aurkezteko bi bilera egingo dira. Lehenengoa, maiatzak 30, asteartea, 18:30ean, Donostiako Miramar Jauregian, eta bigarrena, ekainak 1, ordu berean, Bilboko egoitzan.

Miren Nekane Altzelai Uliondok eta Jose Manuel Bujanda Arizmendik (Donostia) eta Alexander Arriola Lizarriturrik eta Mario Zubiaga Garatek (Bilbo) beren profil profesionalak eta Eusko Ikaskuntzaren ikuspegia azalduko dituzte, bakoitzak bere lurralde-errealitatean oinarrituta. Ondoren, bazkideekin hitz egiteko eta galderak egiteko txanda irekiko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp