Adibide ugari Ekonomia Berrien mintegian

Foroak eta mintegiak

2016/10/06

Adibide ugari Ekonomia Berrien mintegian

Pasa den irailaren 29an, “Garapen sozio ekonomikoa: euskal gizartea eta enpresa” ekimenaren baitan kokatu den Bigarren Mintegia ospatu zen.

Egitasmo honen helburua, Guillermo Dorronsororen zuzendaritzapean, eredu sozio-ekonomiko eta enpresa eredu desberdinen, baita egungo erronka eta aukera global eta lokalen azterketa eta hausnarketa egitea da, ekintzara bideratutako proposamenak egiteko asmoz.

Mintegi honen helburua, Ekonomia Berriak izenburupekoa, egungo eredu ekonomikoak erantzuten ez duen edo, hare gehiago, sortzen dituen ingurugiro eta arlo sozialeko arazoei irtenbide berriak ematen saiatzen diren eredu sozio-ekonomiko berriak eta enpresa experientziak plazaratzea eta horien inguruan hausnartzea izan da.

Mintegiko partaideek, Beste ekonomia bate(ta)runtz Trantsizioa(k) izenburudun txostena jasoa izan zuten, Eusko Ikaskuntzaren talde teknikoak egituratutakoa eta Iker Atxa bazkideak aurkeztu zuena. Txosten honek 16 eredu jasotzen ditu, egiteko modu desberdinak proposatzen dituztenak, hau da, gaur egun nagusi diren produkzio sistemez eta banaketa baliabideez bestelakoak. Bestalde, txostenak eredu bakoitzari dagozkion nazioarteko zein maila lokaleko kasuak aipatzen ditu.

Ekarpen teoriko-praktiko eta aplikazioen atalean, 6 hitzaldi labur eman ziren. Esti Plaza, Azaro Fundaziotik, Lea Artibai eskualdean garatzen ari den Blue Lab proiektua azaldu zuen, Ekonomia Urdina, Diseinu Sistemikoa eta Ekonomia Zirkularra uztartzen dituena. Javier Mariños, Koopera-ko gerenteak, aurkeztu zuen nola ekonomia zirkularraren kontzeptuak aplikatuz, hala nola upcycling-a, euren misioa betetzea lortzen duten, hau da, gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea. Javier Goiekoetxeak Guztion Onerako Ekonomiaren teoría azaldu zuen baita bere aplikazioa Bikontsulting aholkularitzatik. Nerea Guineak ekonomia kolaboratiboa, Ouishare mugimendua eta praktika lokal batzuek aurkeztu zituen. Eduardo Urturik, Goiener kooperatibatik, energia berriztagarrien kontsumorako kooperatibaren izaera azpimarratu zuen, energiaren kontrol sozial eta demokratikoaren berreskurapenerako sortua. Azkenik, Marion Real ikerlariak, Ipar Eushal Herriko esperientzia nagusienen aipamena egin zuen.

Ordu t’erdiz, partaideek, proposatutako ereduez, hainbat elkargunez eta etorkizuneko aukerez hausnartu zuten. Epe labur batean, Eusko Ikaskuntzako talde teknikoak, lan dinamiketan jasotako ondorioak erredaktatuko ditu, eta proiektuaren hurrengo faseetaz informatuko du.

2016.09.29 Ekonomia Berrien inguruko mintegia (Bilbao)

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp