"Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" txostena aurkeztu da

Proiektuak

2021/02/09

"Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" txostena aurkeztu da

Eusko Ikaskuntzak eta Foru Gobernuak elkarrizketarako eta gogoetarako programa bat bultzatu dute 2019az geroztik, Nafarroako herritarren arteko bizikidetza hobetzeko.

Parte hartzeko, eztabaidatzeko eta herritarrei, gizarte-eragileei eta pertsona adituei irekita, programa bi ardatzen inguruan egituratzen da: aniztasunean elkarrekin bizitzea eta horren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko premisa adostuak bilatuz.

Proiektuaren hasierako fasean ikusi zen Nafarroako gizartean zatiketaren eta gatazkaren arrazoi seinalatu bat hizkuntza aniztasunetik datorrela. Hori dela eta, azterketaren bigarren fasea euskara eta sarri horrekin batera gertatzen den identitate nazionalen polarizazioari buruzkoa egitea erabaki zen.

2020. urtean zehar, hiru partaidetza gune handitan lan egin da: aditu-taldea (bost bilera), gizarte-eragileen mahaia (bi bilera) eta herritarren mahaia. Lortutako emaitzekin, Talde Eragileak txosten bat egin du, jarraitutako prozesuaren deskribapena eta lortu diren ondorioak biltzen dituena. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, polarizazio handia dagoela Administrazioak euskararen tratamenduari irtenbideak emateko orduan, eta belaunaldi berriek jarrera irekiagoa dutela identitate-arazoaren, hizkuntzaren eta kultura-aniztasunaren aurrean.

Otsaileko hilabete honetan Nafarroako Gobernuari aurkeztu zaion txostenean, programak 2021. urtean jarraituko dituen helburuak eta metodologia azaltzen dira.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza

Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoa proiektua Nafarroako Gobernuaren Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoan sartuko da. Plan hori Bizikidetzaren, Bakearen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak sustatu du, eta Nafarroako bizikidetzaren egoerari buruzko azterketarako, ikerketarako eta eztabaidarako hainbat gune sortzea du helburu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp