Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada, lehenengo fasea amaitua

Proiektuak

2022/04/08

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada, lehenengo fasea amaitua

Nafarroako lurraldearen herritarren arteko bizikidetza hobetzea helburu duen proiektuak aurten gazteen begiradari eman dio protagonismoa eta dagoeneko bere lehenengo fasea amaitutzat ematen du.

"Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan" izeneko egitasmoa Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmoak bi ardatz nagusi hauetan jartzen du azpimarra: bizikidetza aniztasunean, batetik, eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan, bestetik.

Aurreko urteotan egindako lanketaren ondorioz, aurtengo jarduerak hipotesi orokor honetatik abiatu dira: Nafarroan azaltzen den bizikidetza gatazkaren arrazoi ildo garrantzitsu bat –ez bakarra- nazio identitateari eta gizartearen polarizazio ideologiko mailari lotua dago. Gatazka hori gainditzeko bidean, beharrezkotzat jo da hiru gai hauen inguruan gogoeta egitea: gizarte konfiantza, euskararen balizko politizazioa eta Nafarroako Administrazioaren zeregina.

2022ko helburua gazteen begirada txertatzea delarik, abiapuntuko hipotesia beraiekin kontrastatzeko lanetan dabil murgilduta proiektuaren Talde Eragilea. Garrantzi berezia ematen ari zaio beraien ikuspuntuari, belaunaldi aldaketak beste iritzi batzuk islatu ditzakeelako. Gazteen diskurtsoetan aldaketarik dagoen aztertzea da helburu nagusienetarikoa, eta horretarako eztabaida talde ezberdinak sortu dira: Gazte ez politizatuak eta Gazte politizatuak. Lehengo fase honetan, “Gazte ez politizatuek” hartu dute protagonismoa.

Pasaden asteotan, Beran (martxoaren 23an) eta Tuteran (apirilaren 6an) zonalde bakoitzeko gazteak bildu ditugu beraien iritziak ezagutzeko asmoz. Taldeak osatzerako garaian Nafarroako lurraldearen aniztasunean eragiten duten hainbat faktore kontuan izan dugu, eta horien arteko oreka bilatu dugu: lurraldea, generoa, nazio identitatea, kultura, erlijioa eta ideologia.

Gazte hauekin Talde Eragileak darabilen hipotesia kontrastatzeaz gain, Nafarroako Iparralde eta Hegoaldeko gazteen arteko diskurtsoen alderaketa egin da, aurreko belaunaldien diskurtsoarekin alderatuz egon daitekeen paradigma aldaketa identifikatu da eta Nafarroako bizikidetzarako aukerak aztertu dira.

Lehenengo fase hau amaiturik, proiektuaren Talde Eragileak bigarren faseari ekinen dio. Horretarako “Gazte politizatuen” taldea osatuko da, Nafarroa osoko gazteak bilduko dituena eta perfil ideologiko anitza izanen duena. Talde honen bilerak maiatzean hasiko dira eta urte honetako udazkenean amaituko da beraiekin egin nahi den lana. Gazte hauekin Bera eta Tuterako gazteek esandakoa kontrastatzeaz gain, bizikidetzaren gatazkak eta aukerak aztertuko ditugu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp