Barandiaran Bildumaren 20. zenbakia kalean

Berri korporatiboak

2019/10/18

Barandiaran Bildumaren 20. zenbakia kalean

Josu Ozaita eta Edurne Urrestarazu antropologoek 2017ko Barandiaran Beka irabazita eginiko “Arabako Errioxako Enokultura Sarea” ikerlana jasotzen da bertan.

Urriaren 17an Arabako hiriburuan egin zen Barandiaran Bildumaren zenbaki berriaren aurkezpena, Foru Aldundiaren Jauregian. Bertan parte hartu zuten Arabako Kultura Zuzendari Inmaculada Sánchez Arbek, ikerlanaren egileek eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal eta idazkari tekniko Zuriñe Velez de Mendizabalek.

Arabako Kultura Zuzendariaren eskutik hasi zen aurkezpena. Arabako Errioxari eta ardoari hurbilpen bat eginez hasi zen, ikerketaren helburuak ere aipatuz, eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioari horrelako ikerketak bultzatzea eskertuz.

“Arrazoiak asko izan zituen epaimahaiak 2017ko Barandiaran Beka Ozaita eta Urrestarazuri emateko: originala, ongi egituratua,  Arabako Errioxan kokatua (gutxi ikertutako toki batean) eta euskaraz zelako, besteak beste”, ekarri zuen gogora Zuriñe Velez de Mendizabal Fundazioko kideak. “Lana irakurriz gero aukeraketan hutsik egin ez zela ikusiko du irakurleak”.

Bi autoreek, bestalde, ikerketaz hitz egin zuten: “2016ko abenduan jakin genuen beka eman zigutela. Urruti ikusten dugu, baina albistea pozez jaso eta ikerketari gogoz heldu geniola gogoan dugu. Biok gipuzkoarrak izanda, geografikoki hain urruti ez, baina bizimoduz nahiko desberdina den euskal zonalde batean aritzeko aukera izan dugu Arabako Errioxan. Oso ibilbide polita izan da, leku eta jende ona ezagutzera ahalbidetu gaituena. Bertakoen testigantzak jaso ditugu eta gure hausnarketekin josita, liburuak ikerketaren bilketa interesgarria eta aberatsa egiten duela uste dugu”. Horrez gainera,” Barandiaran Bekari esker antropologo sentitu gara, eta animoa izan da antropologia bidean jarraitzeko”, gaineratu zuten.

Barandiaran Bildumaren 20. Zenbakia Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren bidez eskura daiteke, 15 eurotan. Arabako Foru Aldundiaren moldiztegian inprimatu da eta jatorrizko euskarazko ikerlana jasotzeaz gainera, liburuxkak gaztelaniazko laburpen bat ere badu amaieran.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp