Batzar Nagusia eta Hauteskundeak

Berri korporatiboak

2020/09/02

Batzar Nagusia eta Hauteskundeak

Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusia izango da irailaren 19an, larunbatez, 11.00etan. Batzar Nagusiak Lehendakari berria eta Kontseilu Errektoreko ordezkariak aukeratuko ditu, lurralde bakoitzeko bat.

Lehen zatian 2019ko ekainaren 14ko ohiko batzarreko akta bozkatuko da, bai eta 2019ko Jarduera memoria eta balantze eta kontuen emaitzak ere. Hiru puntu horiei buruzko dokumentazioa web orriko gune pribatuan jarriko da bazkideen esku.

Jarraian, Iñaki Dorronsoro lehendakariak azken urtean egindako ibilbidea azalduko du eta 2020rako jarduera plana eta aurrekontua bozkatuko da. Gainera, Estatutuak egokitzeko beharra dakarten zenbait aldaketa ere bozkatuko dira.

Lehendakaria eta Kontseilu Errektoreko lurralde ordezkariak aukeratzeko prozesuan parte hartu ahal izango dute Hauteskunde Erroldan daudenek eta 2019ko kuota ordainduta dutenek (gune pribatuan eta lurralde bulegoetan kontsultatu daiteke).

Egungo osasun egoeraren ondorioz, edukiera mugatua da. Hortaz, aldez aurretik bertaratzeko asmoa ote dagoen adieraztea eskatzen da, eta erraztu da online parte hartzeko aukera. Beraz, delegazio bidez bozkatzeko egokitasuna nabarmendu da: web orrian bertan dagoen formularioa bete eta ordezkatutako den bazkidearen NAN (argazkia eginda edo eskaneatuta) idazkaria@eusko-ikaskuntza.eus helbidera bidali besterik ez dago. Batzarra hasi baino ordubete lehenagora arte egin ahal izango da.

Azkenik, web orriko gune pribatuan aurki daitezke bai jarduera programa bai eta sei hautagaitzen curriculum vitae laburtua ere.

 

Lehendakari hautagaia


 

Ana Urkiza Ibaibarriaga

Gizarte eta Informazio Zientzietan Lizentziatua EHUn eta Linguistikan diplomatua UNEDen, “Communication d´Entreprise et Communication Commercial”, “Banca comercial”, eta “Dirección y Gestión de Recursos Humanos” graduondokoak egin ditu.

2017tik Barne Komunikazio eta Prestakuntza Sailak zuzentzen ditu Bankoa Crédit Agricolen eta Euskara Planaren arduraduna da, bainalehendik (2007-2017) Giza Baliabideen zuzendaria izan zen. Deustuko Unibertsitatean Komunikazioa irakatsi du. 2004tik 2006ra Euskal Idazleen Elkarteko Idazkari Kudeatzaile izan zen. Aurretik komunikazioaz arduratu zen Danobat Taldean eta Ideko Teknologia Zentroan.

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide da 2000tik, 2016an Elhuyar Saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzeko egindako lanagatik.

Sortzaile gisa, Ana Urkiza Ibaibarriaga ipuin, poesia, aforismo eta haur eta gazte literatura liburuen egile da; gainera, biografia eta itzulpena ere landu ditu. Zenbait literatura sari jaso ditu idazle lanengatik. Era berean, komunikabideetan eta espezializatutako aldizkarietan kolaborazioak egiten ditu.

 

Kontseilu Errektorerako Hautagaitzak


Ipar Euskal Herria

 

Eguzki Urteaga

Soziologian Doktore Bordeleko Unibertsitatean eta Historian lizentziaduna, Geografia alorrean, Pau eta Aturrialdeko unibertsitatean. Soziologia irakasle EHUn, ikerlari elkartu Rovira i Virgili Unibertsitateko “Social and Business Research Laboratory (SBRlab.)” Ikerketa Zentroan. Europa, Hego Amerika eta Kanadan argitaratutako 32 liburu eta 200 artikulu baino gehiago idatzi ditu. Irakasle gonbidatu gisa Europako hainbat unibertsitatetan eman ditu eskolak. Euskal Komunikabideetan ohiko kolaboratzaile da.  


Nafarroa

 

Isabel Elizalde Arretxe

Landa Garapen, Jasangarritasun eta Ekonomia Zirkularrean aditu. 2015-2019 legealdian, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurugiro eta Tokiko Administrazio Kontseilaritzan izan zen. Kargu horretatik bultzatu zituen ingurugiroarekiko errespetuz hazteko eredu bati begirako foru lege, programa, plan eta estrategiak. Aurretik Cederna-Garalureko Zuzendari-Kudeatzaile izan zen, bai eta Axura Consultoreseko jabe, zuzendari eta kudeatzaile, eta zenbait erakundetako Tokiko Garapenerako Agente ere. Ekologia eta jasangarritasunari buruz idatzi du. 


Bizkaia

 

Zelai Nikolas Ezkurdia

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna eta Europar Batasuneko Integrazio Politika eta Europar Batasuna masterra. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoetan lan egin ondoren, 2018tik Eusko Legebiltzarreko legelari da. EHUko Zuzenbide Zibileko Irakasle izan zen 1993tik 2002ra, eta aldi berean abokatu lanetan aritu zen. Bere jarduera zientifikoa lurraldetasuna, autogobernua eta konstituzio-zuzenbidea eta Europaren baitako lankidetzari buruzkoa izan da, eta gai horiek lantzen ditu komunikabideetan egiten dituen kolaborazioetan ere. Hainbat gizarte mugimendutan lan egin du eta Gure Eskuko Dago dinamikaren bozeramailea izan da (2014-2018).


Gipuzkoa

 

Manu Olariaga Santa Cruz

Industria Ingeniari eta Ikerketa Aurreratuetako Diploma (DEA – Ikerketa Nahikotasuna) biak Donostiako Ingeniarien Goi Mailako Eskolan, Tecnum-Nafarroako Unibertsitatea. EHUn doktoregai. Enpresen Kudeaketa Aditu Masterra. Egindako ibilbide profesionalean ardurak izan ditu enpresa zenbaitetako Berrikuntza, Estrategia, Kudeaketa eta Marketin alorretan. 2018tik “erretiratu aktibo” da eta hezkuntza eta kultura sustapeneko lanetan inplikatu da, bai eta GKE zenbait laguntzeko lanetan aritu ere.


Araba

 

Asier Etxenike Ugarte

Soziologian Lizentziaduna UNEDen eta Jarduera Fisiko eta Kirol zientzietan lizentziatua EHUn, bai eta Kirol Magisteritzan diplomatua ere. Egun, Deusto Formación eta Rey Juan Carlos Unibertsitateko Big Data Goi Ikastaroa egiten ari da. 2009tik ardurak ditu soziologia aplikatuko ikerketan espezializatutako Aztiker Kooperatibako ikerketa, produkzio kudeaketa, datuen ustiaketa eta estatistika prozesuetan. Euskal komunikabide zenbaitetan kolaboratu du.

 

2020-2024 programaren oinarriak

Ana Urkiza buru duen hautagaitzak aurkezten duen programak azken urteotan Eusko Ikaskuntzak egindako lana hartu du abiapuntu, bai eta AMIAren (ahulgune eta indarguneak) azterketa ere. Kontseilu Errektoreko kideek eta kide izan nahi dutenek hartu dute parte dokumentua egiteko lanetan, bai eta zuzendari, langile, zuzendari zientifiko eta Eusko Ikaskuntzako kideek ere, ezagutza, iritzi, ideia eta indarrak batu eta partekatuz.

Ibilbide luze, identitate eta misioa betetzeko indartu behar diren alderdietatik abiatuta, hurrengo lau urteotako programaren helburu nagusia, Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriko gizarte eta erakundeak inplikatuko dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi gisa bultzatzea da.

Lau ildo estrategiko izango dira Eusko Ikaskuntzaren itsasargi, erreferentzialtasun hori lortzeko bidean:

  1. Lan agenda propioa definitu eta egitea.
  2. Goi mailako proiektuak egitea.
  3. Aliantza estrategikoen bidez harreman sarea zabaltzea bai Euskal Herrian bai Europan ere.
  4. Euskal lurraldetasuna indartzea herri ikuspegia zabalduz, eta lurralde guztietan bateratutako agenda egitea.

Ildo estrategiko hauek zeharkako ekimen hauekin batera aplikatuko dira:

  1. Gazteen partaidetza eta ahalduntzea bultzatzea.
  2. Bazkideen partaidetza eta ekarpenak sustatzea.
  3. Erakundearen posiziondurako estrategia ezartzea.
  4. Barne gobernantza eredua indartzea.
  5. Finantza iturriak egonkortu eta berriak bultzatzea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp