Erbestetik itzulera "1,2,3 Barandiaran" bideoetan

Berri korporatiboak

2019/12/12

Erbestetik itzulera "1,2,3 Barandiaran" bideoetan

Bideo laburren bigarren denboraldia aurkeztu du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak abenduan.

Hezimubik eginiko bost klip labur ekoiztu dira oraingoan ere eta dagoeneko hiru daude ikusgai Fundazioaren web orrialdean zein Youtubeko bere kanalean. Abenduko astearte guztietan estreinatuko du Fundazioak bideo bat, harik eta abenduaren 31n azkena zintzilikatu arte. Aipatzekoa da, gainera, egun horretan 130 beteko direla Barandiaran jaio zenetik.

Fundazioaren helburuetako bat Barandiaranen irudia zaindu eta hedatzea izanik, 1,2,3 Barandiaran egitasmoaren bidez publiko zabalari (gazte zein helduei) modu errazean ezagutzera ematen zaio ataundarra.

Fundazioak 2018an aurkeztu zuen 1,2,3 Barandiaran egitasmoa eta 2019ko urtarrilean ipini zuen sarean aurreneko denboraldiko bosgarren bideoa. Bertan, Jose Miguel Barandiaran erbestean geratu zen, gerraren ondorioz  Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan zuen-eta; bertan izan zen 1936tik 1953ra bitartean.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak argi izan du hasieratik jarraipena eman behar zitzaiola ekimenari eta abenduan aurkeztu du bigarren denboraldia, Ataunera itzulerarekin hasi eta heriotza bitartekoak kontatuko dira bertan. Besteen artean, Lezetxikiko kobazuloa, San Martin Txikiren zein Lamiaren kondaira eta Eusko Ikaskuntzako garaiak izango dira ildo nagusiak bigarren eta azken denboraldi honetan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp