Errotzea eta tokiko merkataritza: bi ikerketa-ildo estrategiko Herri Txikien Akademian

Proiektuak

2023/07/19

Errotzea eta tokiko merkataritza: bi ikerketa-ildo estrategiko Herri Txikien Akademian

Eusko Ikaskuntzako Herri Txikien Akademiak bi ikerketa estrategiko jarri ditu abian, biztanle gutxiko udalerrien etorkizunean berebiziko garrantzia duten gaiak aztertzeko.

Lehen ikerketan errotzearen kontzeptua ari da lantzen Eusko Ikaskuntza, herri txikien diseinu eta garapen iraunkorrerako funtsezko elementua dena. Helburu nagusia pertsonek, familiek eta jarduera ekonomikoek kokatuta dauden herriekin duten errotzea zer nolakoa den ezagutzea da. Ikerketa hori egiteko, bi ikerketa osagarri egingo dira: bata kualitatiboa eta bestea kuantitatiboa, biak datorren udazkenerako programatuak. Gainera, proiektu honek Arabako Foru Aldundiaren laguntza du, eta horri esker, Arabako landa-populazioen errealitate demografikoaren azterketa zehatza ere egin ahal izango da.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin lankidetzan, Akademia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri txikietako merkataritza-ehunaren analisian murgilduta dago. Ikerketa honen lehen fasea abian da, merkataritzak herri horietan gaur egun duen egoera ezagutzeko eta negozio horien arduradunentzako hobekuntza-arlo potentzialak detektatzeko helburu nagusiarekin. Azterketaren bigarren etapa merkatarien eta herri txikietako kontsumitzaileen beharrak eta eskariak ezagutzen zentratuko da. Bi azterlanetan bildutako informazioari esker, 2.000 biztanletik beherako herrietan merkataritzaren biziraupena bultzatzeko estrategia zehatzak diseinatu ahal izango dira.

Bi ikerketak zorroztasun metodologikoarekin eta gobernu eta tokiko erakundeekin lankidetza estuan egiten ari dira, Euskal Herriko herri txikien mesederako neurri eraginkorrak diseinatzeko oinarri izango den ezagutza sakon lortzeko helburuarekin.

Herri Txikien Akademiaren ibilbide-orrian aurreikusita dago horrelako ikerketak egitea. Azterketa horien emaitzek nabarmen lagunduko dute udalerri txikien aberastasun sozial eta ekonomikoa zaintzen eta bultzatzen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp