Euskal Herriko gazteen lankidetza sarea abian da

Foroak eta mintegiak

2019/12/17

Euskal Herriko gazteen lankidetza sarea abian da

Pasa den abenduaren 14ean Donostian egin zen lehenengo topaketa. Euskal Herrian gazteen arteko elkarlanerako sare handi bat sortzeko bidean lehen pausoa izan zen. Datozen hilabetetan Iruñean eta Baionan izango dira hitzorduak.

Hainbat ikuspegi, diziplina, jatorri eta generotako Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko 18 eta 35 urte arteko berrogei gazte elkartu ziren larunbatean “Gazte Agora” deialdiaren lehenengo hitzorduan. Etorkizunari begira, haiengan eragina duten gaien inguruan gogoetak egin, iritziak kontrastatu eta etorkizunerako helburu komunen diagnosia landu zuten.

Ekimena Gazte Lankidetzarako Sareak proiektuaren baitan kokatzen da. Eusko Ikaskuntzak abiatu du eta Euskadi eta Nafarroako Gazte Kontseiluen eta Udako Euskal Unibertsitatearen babesa lortu du; Akitania-Berria Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du gainera.

Jardunaldian kultura parte-hartzaile berri baten erronkak, tresnak eta elkarlanerako ildoak identifikatu ziren: parte hartze kultura berri baten sustapen eta bermea, elkarguneen sorrera, elkarlana oinarrian izatea, komunitatea sortzea partekatutako proiektuen inguruan eta ahalduntzerako bidean subjektu aktibo izatearen ideia gakoa.

Foro honetako emaitzek, ondorengo hitzorduetan lortzen direnekin batera, jarraitu beharreko bideen inguruko azterketak elikatuko dituzte. Horiekin guztiekin mugaz gaindiko gazteen artean elkarlan egonkorrerako sare bat sortzea izango da xede. Urte berri honen hasieran, aurreikusi diren ondorengo foroetan parte hartzeko izen-ematea irekiko da: otsailaren 8an Iruñean eta martxoaren 14an Baionan. Horien ostean, mugaz gaindiko foro handi bat ospatuko da ordura arte jasotako ekarpenak batu eta emaitzak aurkezteko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp