Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen. Bateratze-foroa

Proiektuak

2024/05/22

Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen. Bateratze-foroa

Irakurketa eta proposamen bateratuak bilatuko ditugu bateratze-foroan, ekainaren 15ean.

Ekainaren 15ean burutuko den bateratze-foroan, herri ikuspegi batetik hezkuntza sistemari begiratzen dion ekimena mugarri nagusiaren atarian kokatuko da; Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua.

“Elkartzen Gaituena” lelopean, Euskal Herriko jendartearen eta lurraldeen kohesioa hobetzeko eman beharreko pausuen edo/eta martxan jarri beharreko estrategiak plazaratuko dira Kongresuan; zehazki, jendartearen eta lurraldeen kohesiorako herri-itunak izan behar dituen berezitasunak eta gakoak landuko dira. Marko horretan, oinarrizko gakoak eta bide aukerak eskainiko ditugu bi galdera nagusi hauei erantzuna bilatu ahal izateko: Nola erantzuna eman Euskal Herriko jendartearen eta lurraldeen kohesioari hezkuntzatik? Kohesiorako zein herri-itun plantea daitezke hezkuntzatik?

Horrek esan nahi du, jendarte eta lurralde jakin batean kohesioa non eta nola eraikitzen den eta zein egitura sozial eta instituzional eragiten dion argitzeko, ezinbestekoa dela horretarako espazio espezifikoak identifikatzea. Gure hurbilketatik, hezkuntzatik eta euskal lurraldeen berezitasunak aintzat hartzen dituen lurraldetasunean oinarritutako ikuspegi batetik, espazio horiek identifikatzea dagokigu.

Horretarako, kohesioa praktikan eraikitzen denez, etapa bakoitzeko praktikara jaitsi gara berariazko eztabaida ardaztuak burutzeko eta, lurralde bakoitzaren hezkuntza sistemaren ezaugarriak aztertu ondoren, lurraldetasun mailako klabeetan kokatzeko.

Bateratze-foro honetan irakurketa eta proposamen bateratuak bilatuko dira. Begirada komun batetik eta lurraldetasunean oinarritutako ariketa burutzeko, lanabes hauek eskainiko ditugu: Orain arte prozesuan zehar jasotako gakoak, etapa guztiek lotzen dituzten lehentasunak eta erantzun beharrekoak; Euskal Herriko hezkuntza sistema bakoitzaren ezaugarriak eta lurralde bakoitzaren errealitatera hurbilketa deskriptiboa.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp