Euskal nortasuna(k) XXI mendera begira: emaitzen kontrasterako fasea

Proiektuak

2024/01/19

Euskal nortasuna(k) XXI mendera begira: emaitzen kontrasterako fasea

Ikerketa-proiektuaren esparruan hainbat ekintzaren bidez lortutako emaitzak erakusteko eta kontrastatzeko unea da.

2022an abiatu genuen Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu ikerketa egitasmoaren azken faseari helduko diogu aurten. Fase honetan proiektuaren edukiaren eta emaitzen kontrastea egingo dugu, proiektuaren behin betiko emaitzen txostena osatze aldera.

Proiektuaren helburu nagusia XXI. mendeko Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko herritarren nortasun plural, kohesiogile eta integratzaile berrituaren eraikuntzarako oinarriak proposatzea da. Eta bigarren mailako helburuak ere ditu: euskal nortasun-elementuei eta izaerari buruzko diskurtsoak ezagutzea; euskal nortasuna bultzatzen, sortzen edo indartzen duten egungo eragileen identifikazioa; euskal nortasunaren aldaketa aztertzea; eta, euskal nortasunak etorkizunera begira dituen erronkak ezagutzea.

Gaiaren inguruan dauden diskurtsoak jasotzeko, lau ekintza nagusi burutu ditugu: narrazioen eduki azterketa, sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta delphiak. Ikerketa-proiektuan burutu ditugun ekintzetan, bakarkako ariketetan zein talde dinamiketan, parte hartu duten pertsonak gai honi buruz hausnartzeko eskainitako aukera eskertu dute.

Saioaren balorazioa eskatu denean, eztabaida taldeetan bereziki, honakoak aipatu dira: gaiaren inguruan askatasunez hitz egiteko aukera eskaintzea; beste pertsonen ikuspuntuak baloratu eta sentitzeko aukera izatea; pertzepzioak entzuteko eta elkar banatzeko aukera izatea; talde lana eta talde dinamikari lasaitasunez denbora tarte zabala eskaintzea.

Orain, jasotako ekarpen hauek informatzaileei itzultzea tokatzen da eta horretarako ekintza propioak egingo ditugu otsaila maiatza bitartean. Hasieran adirerazi bezala ekintza hauen helburua izango da jasotako emaitzak eta proposamenak kontrastatzea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp