Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu

Herrialde batean errotutako elementuek eta gizarte-harremanak sortu dituzten proiektuek garrantzi handia izan dute eta dute nortasun-ezaugarriak eraikitzeko. Euskal nortasunaren kasuan, tradizioz heldu diren nortasun-elementuak daude, baina, aldi berean, identitate-elementu berriak sortzen eta barneratzen dira. Bizi dugun gizarte plural eta moderno honetan, areagotu eta/edo agertu berri diren joera globalen aurrean, euskal nortasunaren etorkizunaz galdetzera eraman gaituzte.

Zer izanen da euskalduna izatea etorkizunean? Identitate ezberdinen arteko erlazioak identitate berri bat sortzen al du? Nondik eraikitzen dugu gaur gure nortasuna? Nola definitzen dugu geure burua eta zerk definitzen gaitu? Zeintzuk dira batzen gaituzten elementuak? Zein balioren gainean eraiki nahi dugu etorkizuneko nortasun kolektiboa?

Eremu tematikoak
Etorkizuna Irudikatu
Kategoria
Hausnarketa
Egoera
Indarrean
Denboraldia
2022-03-01-2024-04-30

 

Aurkezpena

Abagune historiko batzuk beste batzuk baino erabakigarriagoak izaten dira gizarteen bilakaeran historikoan eta, bereziki, garrantzitsuak izaten dira nortasuna zalantzan jartzen edo/eta aldatzen hasten diren uneak. Izan ere, egoera horietan, nolabaiteko egonezina eta etorkizunari buruzko kezka sortzen dira gizarte horretako kideen artean. Globalizazio prozesuak indartu egin du herri-identitateari buruzko ardura munduan zehar, eta, ondorioz, ugaritu egin dira herri-nortasunari buruzko gogoeta eta ikerketak.

Euskal nortasuna eta kultura aztertu dituzten orain arteko ikerketek, gaiaren konplexutasuna agerian utzi dute; izan ere, euskal lurraldeetako herritar gehienek euskal nortasunarekin identifikatzen badira ere, denek ez dute nortasun berdina lurralde guztietan. Eta euskal nortasuna eraikitzen dituzten elementuei erreparatzen badiegu, hauek ere aldatzen ari direla ikusiko dugu, eta aldaketa horiek bereziki gazteen artean hautematen direla, non nortasunaren ideia askoz ere heterodoxoagoa eta malguagoa den.

Proiektu honek, XXI. mendeko euskal herritarren nortasun kolektiboaren eraikuntzaren inguruan eztabaidarako eta hausnarketarako gunea eskaini nahi du. Euskal gizartearen nahiak eta gizarteak baloratzen dituen elementuak ezagutaraziz, euskara eta euskal kultura oinarri izaten jarraituko duen gizarte kohesionatzaile bat eraikitzen lagunduz.

Irismena

Nortasun galerari eta kultur-homogeneizaziori aurre egin, eta elkarbizitza hobeago bat bilatzeko, gaur eguneko zein etorkizuneko nortasun-elementuen inguruan gogoeta egin behar da, bilduko gaituen nortasun edo nortasunak eraikitzeko dauden aukerak aztertu behar dira. Eta hori egiteko, ezinbestekoa da jendearen iritziak ezagutzea; eta bereziki garrantzitsua da ahots berrien ikuspuntuak jasotzea (gazteak, etorkinak, mugimendu feminista, diaspora...). Modu horretan, eztabaidarako eta hausnarketarako gunea eskaintzeaz gain, proiektu honek ondorengoak bilatuko ditu:

  • Euskaldun izateko modu desberdinak identifikatu.
  • Nortasun-elementu anitzen sortzaile diren esparru, eragile eta erreferente berriak identifikatu.
  • Euskal gizartean gertatzen ari diren aldaketa esanguratsu eta nabarmenak identifikatu.
  • Aniztasuna ulertzeko eta kudeatzeko irizpideak jaso.
  • Gazteen ahalduntzea sustatu.
  • Diasporaren nortasunaren ezagutza sakonagoa.

Helburuak

Helburu orokorrak

XXI. mendeko EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herritarren nortasun plural, kohesionatzaile eta integratzaile berrituaren eraikuntzarako oinarriak proposatu.

Helburu espezifikoak

Helburu orokor hori lortzeko emango diren pausuak (prozedurazko helburuak):

  1. XXI. mendeko euskal nortasunaren elementu komunen azterketa EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian: egungo euskal gizartearen nahiak eta gizarteak baloratzen dituen elementuak aztertu; eta, Euskal nortasuna ahalbidetzen, sortzen, gordetzen edo aldatzen duten esparruen eta eragileen izaera eta bilakaera aztertu.
  2. Euskal nortasunaren adierazpide diren espazio, proiektu eta elementuak lantzea.
  3. Gizarte justuago, kohesionatuago, eta gizatiarragoa lortzen lagunduko diguten eta etorkizunean ere herri gisa irauten lagunduko diguten etorkizuneko nortasun kolektiboa eraikitzeko proposamenak lantzea.
  4. Udalerrietako esparru zehatzetan, sortu den eredu/erreferentzia markoaren inplementaziorako aukeren kontrastatzea.

Faseak

Proiektua ondorengo hiru faseetan burutuko da:

1go fasea: Behaketa–fasea (2022ko martxoa-abendua)

Behaketa-fasean eztabaida-gaiaren inguruan antzeman daitezkeen joerak identifikatzea eta aztertzea bilatuko da.

Horretarako EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko egungo euskal gizartearen nahiak eta gizarteak baloratzen dituen elementuak aztertuko dira. Aldi berean, euskal nortasuna ahalbidetzen, sortzen, gordetzen edo aldatzen duten esparruen eta eragileen izaera eta bilakaera aztertuko dira.

2. Fasea: Ikerketa-fasea (2023ko urtarrila-azaroa)

Aurreko urratseko emaitzetatik abiatuz, proiekzio fasea.

Behaketa-fasean lortutako diagnostikoa kontrastatu ondoren, etorkizuneko proposamenak lantzea. Sorkuntza tailerren bitartez, etorkizuneko euskal nortasunaren adierazpide diren espazio, proiektu eta elementuak irudikatu eta eraikitzeko proposamenak landu.

3. Fasea: Esperimentazio-fasea (2023ko abendua - 2024ko apirila)

Gizarte Berrikuntzarako programaren bitartez proposamenen kontrastea udalerrietako esparru zehatzetan.

Metodologia

Fase bakoitzean, lortu nahi diren helburu eta emaitzen arabera, teoria metodologiko eta ikerketarako teknika zehatz batzuetan oinarrituko gara. Teoria eta teknika metodologiko hauek informazioa eskuratzen lagunduko digute, baina, era berean, ikerketan parte hartuko duten pertsonak nortasunari eta etorkizuneko elkarbizitzari buruz gogoeta egin ahal izango dute.

Teoria metodologikoak

Lan honetan, teoria metodologiko desberdinak erabiliko ditugu: euskal gizartea komunitate emozional gisa hartuta, ikuspegi (edo arakatze) apreziatiboa, funtsezko teoria eta kapitalen azterketan oinarrituko gara.

Ikerketarako teknikak

Errealitate konplexu hori atzemateko, besteak beste, eduki azterketa, sakoneko elkarrizketa, delphia, galdeketa, kontraste taldeak eta sorkuntza tailerrak teknikak erabiliko ditugu. Sei teknika hauek erabilita diagnostiko enmarkatze-lan bat egin nahi dugu (frame analisia), baina baita pronostikozko enmarkatze-lan bat ere.

Lantaldea

Zuzendari Zientifikoa: Patxi Juaristi Larrinaga. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasle titularra (UPV/EHU).

Talde Eragilea:

  • Igor Ahedo Gurrutxaga. Zientzia Politiko eta Administrazio Saileko irakasle agregatua (UPV/EHU).
  • Elena Casiriain Iturriria. Mugazgaindiko pasaien bizipena(k), nortasuna(k) eta memoria(k) doktoregaia. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila (UPV/EHU).
  • Jone Goirigolzarri Garaizar. Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea).
  • Carmen Innerarity Grau. Soziologia Saileko irakaslea (Nafarroako Unibertsitate Publikoa).
  • J. Inazio Marko Jaunikorena. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko Hezkuntza Zientziak Saileko irakasle agregatua (UPV/EHU).
  • Izaskun Rekarte Bengoetxea. Gizartea, Kultura eta Politika Doktore Programan doktoregaia. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saila (UPV/EHU).
  • Iñaki Zaldua Calleja. Gizartea, Kultura eta Politika Doktore Programan doktoregaia. Soziologia eta Gizarte Lagintza Saila (UPV/EHU).

Solasaldiak

   
Jone Goirigolzarri Garaizar / Edurne Azkarate    
     

Podcast

  Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira
Patxi Juaristi
Amarauna. Euskadi Irratia
 
  Identidad(es) vasca(s) en el siglo XXI
Patxi Juaristi
La galería. Radio Euskadi
 

laguntzaileak

                            
 

PROIEKTU KUDEATZAILEA: 

Josune ETXANIZ BARRIO

 


Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua: