EuskarAbenturako kideak Barandiaran ezagutzen

Berri korporatiboak

2023/07/17

EuskarAbenturako kideak Barandiaran ezagutzen

EuskarAbentura ekimena uztailaren 16an iritsi zen Ataunera, eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ataundarrari buruzko xehetasunak eskaini zizkien parte-hartzaileei.

Uztailaren 1etik 31ra bitartean 17 urteko 140 gazte inguru ari dira Euskal Herria oinez zeharkatzen, euskaraz, bertako baso, mendi eta lautadak ezagutuz eta ondo pasatuz. Maulen hasi eta Getxorako 407 kilometrotan zeharreko abenturan geldialdia egin zuten Ataunen uztailaren 16an, atseden egunean, eta bertan, Barandiaran nor izan zen ezagutzeko parada izan zuten.

EuskarAbenturan parte hartzearen ideia Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2022an aurrera eramandako hausnarketa prozesuaren baitan sortu zen. Hain zuzen ere, Barandiaranen irudia gazte jendearen artean zabaldu beharraz hitz egin zen bertan, eta horretarako ekimen hau aukera aproposa izan zitekeela gaineratu zen. Hala, Fundazioa Ataungo Udalarekin batera EuskarAbenturako kideekin harremanetan ipini eta 2023ko ekitaldian Ataun bisitatzeko gonbita luzatuz goiz pasa interesgarria antolatu zuten.

Atauneko geldialdian Jon eta Jexux Aizpurua anaien eskutik bisitaldiak egin zituzten Euskal Herriko zazpi probintzietako parte hartzaileek bai Perunezar jaiotetxera eta baita Sara Etxea bizitokira. Barandiaran Museoan ere izan ziren gazteak, ataundarraren inguruko dokumentala ikusiz, besteen artean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp