Euskararekiko gazteen jarrerak eta begiradak

Proiektuak

2023/06/12

Euskararekiko gazteen jarrerak eta begiradak

Eusko Ikaskuntzak BBK Kunaren kolaborazioarekin bultzatutako esperientzia pilotu bati esker, Bizkaian bizi diren zortzi nazionalitatetako gazteek iritzia eman dute euskarak bere bizitzetan duen eraginari buruz eta haien integrazioari buruz.

Bizkaian bizi diren eta Bilbokoak, Portugaletekoak, Eakoak, Aljeriakoak, Marokokoak, Venezuelakoak, Nikaraguakoak, Senegalekoak, Kazakhstanekoak eta Ekuatore Gineakoak diren 16 eta 24 urte bitarteko hamalau neskek eta mutilek hartu dute parte maiatza eta apirila bitartean Eusko Ikaskuntzak BBK Kunaren laguntzarekin sustatu duen jardueran. Talde horretan batzuk euskaldunak ziren, beste batzuk ez edo euskalduntze-prozesuan daudenak. Pertsona guzti horiek hizkuntzaren aurrean jarrera ezberdinak zituzten: batzuen aldetik ikasteko jakin-mina eta gogoa, eta, beste batzuen aldetik, frustrazioa, eguneroko bizitzan nahi adina erabili ezin dutelako; eta, beste batzuengan, baztertze sentsazioa nagusitzen da, eskola-esperientzia txarren ondorioz.

Euskaragaz egizu match izenburuarekin eta Eusko Ikaskuntzaren GizarteLAB gizarte-berrikuntzako metodologia aplikatuz, Bilbon egindako lantegietan euskaraz duten pertzepzioari eta hizkuntzak beren bizi-esparruan duen egoerari buruz libreki hitz egiteko aukera izan dute. Horrela, gainditu beharko liratekeen estereotipo eta aurreiritzi sozialak nabarmendu dira. Hori nola egin behar den galderari erantzun diote gazteek, testuinguru formaletan (hezkuntza sistema, erakundeak, lan merkatua, etab.) eta informaletan (gizarte-harremanak, kultura-jarduerak, komunikazio digitala, etab.) aplika daitezkeen jarduketa eta ekimenen proposamen zehatzekin.

Esperientzia honetako ondorioen artean, gazteek seguruago eta erosoago sentitzen diren eremuetara hurbiltzeko beharra ikusten da, bai eta gazteen munduarekin bat egingo duten erreferente euskaldunak sortzeko beharra ere; euskarazko kultura sustatzeko beharra; hizkuntzaren irakaskuntzan, komunikazio-funtzioan sakontzeko beharra; eta, azkenik, adierazi da komeni dela euskarak historian zehar izan duen ibilbidea ezagutaraztea, lorpenak eta mugak behar bezala baloratu ahal izateko.

Nolanahi ere, gizarte-berrikuntzako esperientzia pilotu honek erakutsi du, Eusko Ikaskuntzaren iritziz, gazteek euskararekiko duten begiradari eta jarrerari modu positiboan eragiteko aukera dutela, etorkizunean eginkizun garrantzitsua izango baitute hizkuntzaren erabileran eta iraupenean.

 

Euskaragaz egizu match

Txostena

 
 
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp