Euskararen erabilera aztertzen dituzten bi proiektuen emaitzak

Proiektuak

2019/02/23

Euskararen erabilera aztertzen dituzten bi proiektuen emaitzak

Libe Alvarez Iruguenpagate eta Joseba Fernandez de Landa gazteen Master Amaierako lanak, Eusko Ikaskuntzak bultzatuta, irakurlearen eskura jartzen dira.

2017an Unibertsitateko Master Ofizialeko ikasleentzat zuzendutako deialdia egin zuen Eusko Ikaskuntzak, urte bereko martxoan Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egindako ‘Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ mintegian hartutako konpromezuari erantzunez. Libe Alvarez Iruguenpagate, 24 urteko bilbotarra, eta Joseba Fernandez de Landa, 29 urteko gasteiztarra izan ziren deialdi horretako irabazleak.

Orain, Unibertsitateak bi gazte hauen lanak onartu ostean, euskararen erabileran diren interesatuen eskura jartzen ditugu.

Libe Alvarez Iruguenpagate motibazioaren alorra aztertu du Euskararen erabileraren aldeko motibazioak gazteengan lanarekin, gazteek euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko arrazoiak identifikatzea izan du helburu. Horretarako, Bilboko Begoñazpi ikastolako eta Gasteizko IES Mendebaldea Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleengana jo zuen. Lagin hori aukeratzeko arrazoiak hiru izan dira: batetik, euskaldun-dentsitate baxua duten zonaldeak aukeratu dira; bestetik, D ereduko ikasleak aukeratu dira, gaitasun-maila  altuena izateaz gain, euskara/gaztelania hautua zalantzakor dutelako; eta, azkenik, 15-16 urte bitarteko gazteen arteko euskararen erabilera okerrera egiten duela jasotzen da hainbat ikerketetan. Ikerketa honetan erabilitako tresnak (galdetegiak, focus-groupak eta elkarrizketa sakonak) emaitza aberatsak eskeini dizkio egileari. Adin-tarte honetako gazteen jarrerak gizarteko aurreiritzi eta arau sozialek baldintzatzen dituztela ondorioztatzen du ikerlariak, eta horri aurre egiteko, etorkizunerako proposamen batzuk planteatzen ditu ikerketa honetan. 

Joseba Fernandez de Landak ordea, euskal txiolari gazteengan zentratutako ikerketa burutu du. Sare sozialetan euskal hiztun gazteek dauzkaten harreman sareen eta jorratzen dituzten gaien analisia egitea izan dira lan honen helburuak. Egileak dioen bezala “sareetan egiten den euskararen erabilera ezagutzea oso interesgarria da”, euskara garai berrietara moldatzeko daukan ahalmena ikusi, eta belaunaldi berrien espazioa diren sare sozialetan nola gauzatzen den ezagutzeko aukera ematen baitu. Twitter sare soziala aukeratu du ikerlariak, identifikatutako euskal komunitate bat daukan sarea delako, eta baita, informazioa erauzterako orduan erraztasunak ematen dituelako, orokorrean jarioa publikoa delako. Aipatutako informazio iturri berriak irekiz eta ikerkuntza teknika aurreratuak erabiliz, ikerketa honen metodo zein teknika berritzaileak aplikatzeko ikerlariak EHUko IXA taldearen laguntza izan du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp