Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa elkarlanean arituko dira

Berri korporatiboak

2023/05/09

Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa elkarlanean arituko dira

Hitzarmen bat sinatu dute toki administrazioari buruzko azterlanak egiteko eta landa inguruneko toki entitateei despopulazioaren aurkako proiektuak eskaintzeko.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten apirilaren 25ean. Helburu nagusia Nafarroako Toki Administrazioarekin zerikusia duten azterlanak bultzatzea eta landa-inguruneko erakundeei mundu digitalarekin eta despopulazioaren aurkako borrokarekin lotutako proiektuen garapena eskaintzea da.

Esparru horretan, bi erakundeek ekimenak sustatzea erabaki dute, besteak beste, Nafarroako toki entitateen eta haien kolektibitateen beharrak eta erronkak aztertzea eta identifikatzea. Horiek garatzeko, proiektu zehatzak eskainiko dizkiete.

Lankidetza honen xede diren gaiak Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoak dira, haren ezaugarriak, eskumenak eta erronkak, bai eta toki entitateek beren komunitateen garapenean, aurrerapenean, ongizatean eta kohesio sozialean izan dezaketen zeregina ere.

Hurrengo hilabeteetan, bi alderdiek adostasunez erabakiko dituzte proiektu zehatzak, bai eta abian jarri beharreko baliabideak eta jarduerak ere: azterlanak egitea, jardunaldiak, hitzaldiak eta mintegiak antolatzea, argitalpenak publikatzea, dokumentuak banatzea edo zabalkunde publikoko ekitaldiak egitea, besteak beste.

Sinatutako hitzarmena indarrean egongo da datozen lau urteetan, eta epe berdinetan luzatu ahal izango da. Urtean behin, gutxienez, Eusko Ikaskuntzako eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek osatutako jarraipen batzordea bilduko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp