Eusko Ikaskuntza, etorkizuna lantzeko gunea

Argitalpenak

2020/02/26

Eusko Ikaskuntza, etorkizuna lantzeko gunea

Mendeurreneko Kongresuaren liburuaren aurkezpen ekitaldian bere egitekoaren berri eman du erakundeak.

Eusko Ikaskuntzak 2018an ospatutako XVIII. Kongresua biltzen duen liburua aurkeztu du jendez lepo egon den Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Eusko Ikaskuntzaren lehendakari Iñaki Dorronsorok eta XVIII. Kongresuko batzorde antolatzaileko lehendakari Xabier Alkortak hitza hartu zuten, erakundearen idazkari eta diruzain den Ana Urkizak gidatutako ekitaldian. Ondoren, lan-lerro bakoitzeko bozeramaleek, elkarteak abian dituen proiektu nagusien inguruko xehetasunen berri eman zuten.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Geroa Elkar-Ekin: Mendeurreneko Kongresua izenburu duen argitalpenak 582 orrialde ditu eta bi zatitan egituratu da. Lehenengoan, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Adierazpena, Euskal Herriko lurralde(ar)en Liburu Zuriaren oinarriak eta erakundearen Mendeurrenaren oroitzapenen laburpena jasota daude (euskaraz, gazteleraz eta frantsesez). Bigarren zatian, 2018ko udazkenean bost euskal hiriburuetan eta Oñatin egin zen Kongresuko programaren bost saio bakoitzeko ponentzia, hitzaldiak eta mahai-inguruen laburpenak daude. Bigarren zatiko testu bakoitza jatorrizko hizkuntzan argitaratu da.

Ekitaldira bertaratu direnen artean eragile ezagun asko egon ziren, besteak beste, hurrengoak: Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Maddalen Iriarte, EH Bildu taldeko legebiltzarkidea; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Mikel Arregi, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; Kepa Korta, Donostiako Udaleko Estrategia Bulegoko zuzendaria; Itziar Alkorta, EHUko Udako Ikastaroetako zuzendaria; Joxemari Sors, Elkar Fundazioko presidentea; Paul Bilbao, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia; Josu Waliño, Puntueus Fundazioko zuzendaria; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Marije Etxaniz, LABORAL Kutxako Komunikazio zuzendaria; Javier Miranda, Fundación Caja Navarrako presidentea.

Mendeurreneko Kongresuaren liburuaren aurkezpena

Etorkizunari begira zazpi proiektu

Eusko Ikaskuntzak abian dituen jardun-lerroak, bakoitzaren ibilbideak eta aurreikusitako hurrengo mugarriak aditzera eman ziren saioan. Guztira, zazpi dira 2019an hasi eta 2021 bitartean gauzatuko diren lehentasuneko proiektuak:

  • Ongizate Ereduak Euskal Herrian: Ongizate-ereduaren, politika publikoen eta gizarte-zerbitzuen analisirako eta gizarte-berrikuntzarako mugaz gaindiko laborategi bat sortzea du helburu.
  • Lurralde Oreka. Herri Txiki Adimentsuak: Xedea euskal lurraldeetan, landa gunearen despopulazio arriskuaren arazoa aztertzea eta irtenbideak proposatzea da.
  • Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: Nafarroatik hasita, bertako jendearen bizikidetzan sakontzeko eta bizikidetza hau zailtzen duten oztopoak gainditzea du jomuga.
  • Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen: Euskal Herriko Hezkuntza Sisteman, ezberdintasun eta berezko ezaugarrien gainetik, estrategia partekatu baterako oinarria finkatzea bilatzen da.
  • Mugaz gaindiko gazte lankidetzarako sareak: Gazteak ahalduntzea, engaiatzea eta antolatzea da proiektu honen azken muga, gazteei zuzendutako elkargune eta hausnarketarako esparruak garatzearekin batera.
  • Lurralde burujabetza gatazkak Europan: praktika onak eta ebazpen proposamenak: Gobernantza Demokratikoan sakontzea du helburu,  erabaki-ahalmena sendotzeko eta garatzeko.
  • GizarteLab, Trantsizioetarako gaitasunak esploratzen: Trantsizioei aurre egiteko xedearekin eta horretarako beharrezkoak diren gaitasunak sustatze aldera, gaur egungo erronkak zehaztea eta etorkizuna diseinatzea da proiektuaren helburu orokorra.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp