Eusko Ikaskuntza euskaraz lasai aritzeko arigunea

Berri korporatiboak

2020/10/24

Eusko Ikaskuntza euskaraz lasai aritzeko arigunea

"Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" lelopean, erakunde gisa parte hartuko du 2020ko Euskaraldian.

2018ko lehen edizioa 11 egunetan burutu bazen, aurtengoa 15 egunetan luzatuko da: azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean.

Euskaraldiaren lehen edizioan banakako harremanak izan ziren protagonistak, bigarren edizio honetan, ordea, ariketa kolektiboa bultzatuko da. Horretarako entitateei (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak,…) ariketa honetan parte hartzera animatu da. Honetan datza ekitaldiko berrikuntza nagusiena, hizkuntza aldaketa norbanakoek egiteaz gain kolektiboki ere egitea.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren leloak ‘gehiago, gehiagorekin, gehiagotan’, ariketaren asmo hirukoitza adierazten du, entitate barruan edo entitateak herritarrekin duen harremanean, euskaraz hitz egiteko aukera bermatu nahi du. Entitateko langile, bazkide edota kideen hizkuntza praktika berriak emateko, entitateek euskaraz lasai aritzeko guneak ‘ariguneak’ identifikatu eta sortu behar izan dituzte. Euskaraldiko antolatzaileek aditzera eman dutenez, Euskal Herri osoan guztira 25.000 arigune identifikatu dira: 6.737 entitatek dituzten 8.174 egoitzetan sortu dituzte arigune horiek guztiak.

Eusko Ikaskuntzak ere, entitate bezala, bere ariguneak sortu ditu; Euskal Herriko bost hiriburuetan kokatuta dauden bulego nagusi bakoitzean barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak identifikatuz. Gune hauetan, Eusko Ikaskuntzako taldeko kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute eta, ariketa sozial honi esker, gure hizkuntza ohituretan sakonduko da.

COVID-19aren ondorioz, elkarrekin harremanak izateko moduak aldatzen ari dira eta horrek eragina badu hizkuntzaren erabileran. Euskaraldiak, Korrika bezala, euskararen erabilera bultzatzen du eta hizkuntza ohituretan konplizitatea ere sortzen du. Eusko Ikaskuntzak, bazkide zein kideei, Euskaraldian herritar gisa parte hartzea animatu nahi ditu.

Azaroaren 24ra arte izena emateko aukera dago. Ahobizi edo belarriprest izatera anima zaitez! "Portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean".

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp