Eusko Ikaskuntzak eta Barandiaran Fundazioak Jose Migel Barandiaran Katedra sustatu dute

Berri korporatiboak

2022/12/19

Eusko Ikaskuntzak eta Barandiaran Fundazioak Jose Migel Barandiaran Katedra sustatu dute

Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gogoeta eta transmisiorako sortu du Katedra Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Ataungo Udalaren babesarekin.

Abenduaren 19an Katedraren sorrerako hitzarmena sinatu dute Eusko Ikaskuntzak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ataungo Udalak Barandiaran zenaren bizitokian bertan, alegia, Sara etxean.

Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Miguel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz. Katedraren jardunerako abiapuntu gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin du 2022ko aurrekontuen bitartez, eta Ataungo Udalak, 10.000 euroko ekarpena.

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian parte hartu dute Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko lehendakari Ixone Fernandez de Labastidak, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreira eta Ataungo alkate Martin Aramendik. Elkarlan akordio honen bitartez, katedra sortzeko, garatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartu dute erakunde guztiek.

Ordezkari denak bat etorri dira katedraren sorrerak ekar ditzakeen onurak azpimarratzean, Jose Miguel Barandiaranen obra eta ondare aberatsa eta hark landutako ikerketa esparru zabala ikertzeko, eguneratzeko eta transmititzeko jardunari bultzada berri bat emateko garaian batez ere.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp