Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak lankidetzan jarraituko dute 2023an

Berri korporatiboak

2023/04/03

Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak lankidetzan jarraituko dute 2023an

Sinatu berri duten hitzarmenaren arabera, nafarren arteko balio partekatuak landu eta kultur eskubideen markoaren zehaztapena eta kultur eskumenen mapa lantzeko mintegi bat egingo da.

Hitzarmen berriak 2023rako Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko jarduera-plana ezartzen ditu eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak sinatu zuten.

Hiru dira akordioak biltzen dituen lan-eremuak. Batetik, hizkuntza aniztasuna dagoen Nafarroa bezalako eremuan, identifikatu eta aztertu egin nahi da nafarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenari buruz. Horretarako, adostasun eta desadostasun sozialak lortzen dituzten euskararen sustapenari buruzko balio edo diskurtso desberdin nagusiak identifikatu eta aztertuko dira baita horien banaketa soziala ere.

Bestetik, antolatuko den mintegi baten bitartez, kultur eskubideen lege markoak aztertuko dira. Egoeraren diagnosi bat egingo da eta eragileekin batera kultur eskumenen mapa bat osatuko da. Kuantitatiboki eta kualitatiboki aditu eta arituekin bilgune esanguratsua bilduko da aipatutako markoaren definizio partekatu zilegia bermatzeko.

Azkenik, 2019az geroztik Nafarroako aniztasunaren eta kultura demokratikoaren bizikidetzari buruzko ikerketa sozialari amaiera emango zaio proiektuan zehar azken urteetan parte-hartu duten pertsona esanguratsuekin batera. Ikuspegi berritzaile eta kritiko bat eskainiko duten adituak eta eragileak batu eta erdietsi diren proposamenek izan dezaketen ibilbidea aztertuko da. Emaitza gisa, prozesu guztian landutakoaren hausnarketa sakona eta iradokizunak jasoko dira argitara emango den liburuxka batean.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariek osatutako Jarraipen Batzorde batek hitzarmenean jasotako jardueren jarraipena egingo du. Hitzarmenak 55.000 euroko zuzkidura du, 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp