Eusko Ikaskuntzak eta Olaso Dorrea Fundazioak lankidetza sinatu dute

Berri korporatiboak

2023/04/27

Eusko Ikaskuntzak eta Olaso Dorrea Fundazioak lankidetza sinatu dute

Lehenengo ekimena Hedabideak eta Euskal nazioari buruzko lan programa bat abian jartzea izango da.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Iratxe Esnaola Arribillagak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horrek bi erakundeak lotuko ditu datozen urteetan, eta proiektuak batera garatzeko aukera emango du.

Lehenengo ekimen gisa, akordioak Hedabideak eta Euskal nazioa programa abian jartzea ezartzen du. Nazioa batez ere komunikazio-espazio gisa ulertuta, proiektu honen inguruan Euskal Herriaren errealitatea erreferentziazko esparru bateratu gisa jorratzen duten hedabideei dei egingo zaie. Lurraldetasunari edo koronimoei (herrialdearen eta bere lurraldeen izenak) gaur egun ematen zaien tratamendua aztertzea izango du helburu, besteak beste, eguneroko komunikazioa hobetzeko. Bigarren fasean, emaitzak komunikabideekin partekatuko dira eta jarraitu beharreko urratsak elkarrekin finkatuko dira.

Sinatutako hitzarmena datozen lau urteetan egongo da indarrean, eta epe berdinetan luzatu ahal izango da. Urtean behin, gutxienez, Eusko Ikaskuntzako eta Olaso Dorrea Fundazioko TmeLab laborategiko ordezkariek osatutako jarraipen batzordea bilduko da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp