Eusko Ikaskuntzak Guggenheim Bilbaoren erakusketa guztiei buruzko edukiak euskaraz ikusgai egiten lagundu du

Ondarea

2018/11/30

Eusko Ikaskuntzak Guggenheim Bilbaoren erakusketa guztiei buruzko edukiak euskaraz ikusgai egiten lagundu du

Eusko Ikaskuntzak egindako dokumentazio-lan xeheari esker, museoak ondu duen arte- eta hizkuntza-ondarea biltzen du.

Euskarazko online dokumentazio eta eduki artistikoen Artitz zentroak arte moderno eta garaikidearen 21 urtetako erakusketak biltzen ditu plataforma aurrendari batean. Gune horrek Museoaren erakusketen inguruan euskaraz sortutako edukiak bildu eta online formatoan eskuragarri ipiniko ditu. Egungoak, iraganekoak eta etorkizunekoak integratzeko erreminta bizia izango da Artitz.

Eusko Ikaskuntzak egindako dokumentazio-lan xeheari esker, museoak ondu duen arte- eta hizkuntza-ondarea biltzen du. Izan ere, euskara, dokumentazio eta teknologia arloan Eusko Ikaskuntzak duen esperientzia eta ezagutza izan da bereziki proiektuari egindako ekarpena.

Plataforma horren xedea da urte hauetan sortutako eduki esanguratsuenak biltzea: erakusketei buruzko katalogo osoak edo saiakera hautatuak; erakusketa bakoitzeko artelan jakin batzuei buruzko azalpen konkretuak emateko idazten diren entzuteko giden gidoiak; erakustaretoetan jartzen diren testuak artelanen hautaketari buruzko azalpen interesgarriak emateko; erakusketekin batera eta horiek laguntzeko lantzen diren eduki didaktikoak, erakusgai dauden artelanei buruzko ikuspuntu osagarriak eskaintzeko; edo erakusketa bakoitzerako egiten den Micrositean landutako iruzkinak.

Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean dago Artitz plataforma, eta diseinu garbi eta erakargarriaz gain, erraz eta modu bisualean nabigatzeko aukera eskaintzen du. Halaber, haren edukiak hainbat mailatan konfiguratuta daudenez, erabiltzaile espezialista nahiz amateurrak baliatzeko moduko tresna da Artitz: arte eta hezkuntza arloetako profesional eta ikasleentzako bereziki erabilgarria izango den kontsulta-lanabesa.

Punta-puntako teknologia eta software librea

Plataforma nahiz edukien trataera dokumentala erabilera eta efizientzia lehenetsiz lantzen da; hala, erabiltzaileak interesatzen zaiona aurki dezake, ahalegin minimoa eginez esperientziarik onena izateko. Informazioaren hierarkia eta haren diseinua optimizatu egin dira erabiltzaileak azkar sar daitezen webgunearen alderdirik garrantzitsuenetan, eta aukera izan dezaten horietan sakontzeko, behar edo nahi duten heinean. Hala, Artitzek bilatzaile intuitiboa du, hainbat filtroren bitartez bilaketa zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen duena, eskuratutako emaitzen egokitasuna hobetzeko helburuarekin, punta-puntako eduki-plataformen antzera.

 

Programazio artistikoko iraganeko edukiak biltzeko zereginak material-bilketa, eta jatorrizko formatuen bihurketa eta eraldaketa dakar, eduki horiek plataforman txertatzeko baldintza egokietan egon daitezen. Era berean, materiala analizatu egiten da haren katalogazio dokumentalari begira, nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraiki.

Informazio-sistema software askeko tresnekin gauzatu da, eta nazioarteko gordailuekin estekatzea ahalbidetzen du. Hau da, Artitzen jasotako informazioaren eta erreferentziazko gordailuen arteko loturak ezartzeko ahalegina egin da; gordailu horiek, sarritan, Datu Ireki Estekatuen hodeian daude. Bestalde, Artitzeko erregistroak Europeana —Europako liburutegi digitala— datu-eredura (Europeana Data Model) bihurtzeko lanak aurrera darrai.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp