Eusko Ikaskuntzak II. Berdintasun Plana onartu du

Berri korporatiboak

2023/03/06

Eusko Ikaskuntzak II. Berdintasun Plana onartu du

Gizarte bidezkoago eta demokratikoago batekin duen konpromisoari jarraipena eman eta bere bigarren plana aurkeztu du. Aurten jarriko da abian eta 2026ra arte egongo da indarrean.

Euskal Herri anitza, kohesionatua eta solidarioa eraikitzeko, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzea. Horretarako, feminismoaren paradigman, genero ikuspegian, intersekzionalitatean eta emakumeen ahalduntzean oinarriturik, Berdintasunerako I. Plana (2019-2022) egin zen. Printzipio horietan oinarrituta, onartu da Berdintasunerako II. Plana (2023-2026). Helburu estrategiko hauek finkatzen ditu:

  1. Genero-ikuspegia txertatzea proiektuen fase guztietan.
  2. Eusko Ikaskuntzaren berdintasunarekiko konpromisoa handitzea eguneroko jardunean.
  3. Eusko Ikaskuntzako emakumeen jabekuntza kolektiboa lortzea

Orain onartutako bigarren plana azken urteetan metatutako esperientziaz hornitzen da. Hartutako indarguneen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: kontzientzia hartzea eta ikuspegi eta prozedura berriak praktikan jartzea, berdintasuna komunikazio instituzionalean txertatzea eta enpresa-hitzarmenean sartzea. Hitzarmen horretan, gainera, “Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloa” gehitu da. Horrekin batera, sexuen araberako informazioa banatzen hasi da Eusko Ikaskuntza, berdintasunari buruzko gogoeta guneak eta jardunaldiak antolatu dira, eta genero-eragina neurtzen hasi da jarduera eta proiektuetan, emakumeen parte-hartzea inoiz %40tik beherakoa izan ez dadin.

Hori guztia ikusita, esan daiteke Eusko Ikaskuntza tinko ari dela aurrera egiten berdintasunaren arloan. Lan horretan sakontzeko, bigarren Planak helburu estrategiko batzuk ezarri ditu: batetik, erakundearen barne-bizitza eta, bestetik, Eusko Ikaskuntzaren kanpo-proiekzioa. Hiru helburu, bakoitza bere jarduera-lerroarekin eta bederatzi ekintza zehatz:

  • Genero-ikuspegia txertatzea proiektuen fase guztietan
    • Genero-ikuspegia txertatzea proiektuaren prozesu osoan
  • Eusko Ikaskuntzaren berdintasunarekiko konpromisoa areagotzea eguneroko jardunean
    • Eusko Ikaskuntzaren kanpo-irudia
    • Eusko Ikaskuntzan berdintasuna normalizatu eta sistematizatzea
    • Barne-egituretan berdintasuna bultzatzen jarraitzea
  • Eusko Ikaskuntzako emakumeen jabekuntza kolektiboa lortzea
    • Emakumeen lana ikusaraztea
    • Emakumeei balioa ematea, Eusko Ikaskuntzakoak izan ala ez.

II. Berdintasun Plana aplikatzeko Lan Talde bat sortu da, urtero zehazten diren helburu eta ekintzak bultzatu, koordinatu, jarraitu eta ebaluatzeko.

Ikus Eusko Ikaskuntzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2023-2026).

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp