Eusko Ikaskuntzaren 2018ko Manuel Lekuona Saria jaso du  Maria-Jose Azurmendik

Sariak

2019/03/13

Eusko Ikaskuntzaren 2018ko Manuel Lekuona Saria jaso du Maria-Jose Azurmendik

Euskararekiko konpromisoa eta hizkuntza normalizatzeko euskal komunitate globalari egindako ekarpen eskerga aitortu zaio sariarekin soziolinguistari.

Donostiako Miramar Jauregiko Errege Jangela jendez lepo bete zen martxoaren 13an, Maria-Jose Azurmendi soziolinguistak Eusko Ikaskuntzaren 2018ko Manuel Lekuona Saria jasotzeko ekitaldian.

Ekitaldiaren buru, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsoro izan ziren. Halaber, bertaratutakoen artean, agintari ugarik babestu nahi izan zuen Azurmendi: Gipuzkoako Batzar Nagusietako Lehendakari Eider Mendoza; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarte; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Igone Martínez de Luna; Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais; eta Donostiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate. Era berean, senideak, adiskideak eta kide ugari batu ziren ekitaldira.

Belen Uranga, Soziolinguistika Klusterreko kideak hartu zuen hitza aurrena. “Urte hauetan guztietan izandako lankidetza eta gizarteari eskainitako ezagutza” eskertu zion. Sarituaren ekarpenen artean, diziplinartekotasuna, etorkizunerako begirada eta nazioarteko
ikuspegia nabarmendu zituen.

Ondoren, Azurmendirekin batera Eusko Ikaskuntzak argitaratu duen sarituaren bio-bibliografiaren egile Itsaso Olaizola jardun zen. Familiaren ikuspegi eta gertutasunetik laudatu zuen Maria-Jose Azurmendi. Lehenik bere amaren ibilbidea laburbildu eta euskara eta euskal munduarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen. Jarraian, bere balore pertsonalak goratu eta familiaren baitan transmititutakoa nabarmendu zuen.

Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsorok Maria-Jose Azurmendiren alderdi gizatiar eta intelektuala azpimarratu zuen jarraian bost alorren bidez: Herriari egindako ekarpena, ezagutzaren berrikuntzarako gaitasuna, ikerketa grina, Soziolinguistika Klusterra bezalako erakundeen sortzaile lanegina, eta irakasle lana. Bukatzeko, horrela definitu zuen: “Begirada zabaleko intelektuala eta dimentsio sozial eta psikologikoak, kultural eta politikoak hartzen dituen linguistikaren ikuskera osotua duena. Bere herrian eta garaian guztiz errotutako emakumea”.

Remigio Mendibururen eskultura esku artean izanik, Azurmendi irakasleak saria eskertu zuen hunkituta, txalo luze baten ostean. Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok itxi zuen ekitaldia, “Euskal hizkuntzak egun bizi den bidegurutzean, erabilera giltzarria da, eta Maria-Josek hizkuntza gutxietan jarri duen begirada horretan funtsezkoa izan da” azpimarratu zuen.

Manuel Lekuona Saria 2018. Maria-Jose Azurmendi

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp