Eusko Ikaskuntzaren dokumentazio zentroa, irekian

Berri korporatiboak

2020/03/23

Eusko Ikaskuntzaren dokumentazio zentroa, irekian

Sarean eskuragarri daude erakundearen online baliabide gehienak. Besteak beste, Auñamendi entziklopedia, euskal kantutegia, baliabide pedagogikoak baita agiri, argazki, audio eta ikus-entzunezko fondo eta biltegiak ere.

Eusko Ikaskuntzaren dokumentazio zentroa aberatsenetarikoa da Euskal Herri mailan. Makina bat dokumentu eta ikus zein entzunezko edukik osatzen dute. Erakundeak modu irekian eskaintzen ditu interesa duen ororentzat, guztiz doan. Helburua historian zehar bildutako jakituria eta ezagutza Euskal Komunitate Globalari zabaltzea da.

Hurrengoak dira, besteak beste, Eusko Ikaskuntzaren dokumentazio zentroa osatzen duten baliabideak:

  • Auñamendi Eusko Entziklopedia: Bernardo Estornés Lasaren Funtsa biltzen du baita aldiro gaurkotzen diren artikulu berriak  eta efemerideak jasotzen ditu. Bilaketak egiteko orduan gaia, artikuluaren sailkapena, lekuen izenak edo egileak zehaztuta egin daitezke. Atal nabarmenen artean Artea eta Ondarearen historia Euskal Herrian, Euskal literaturaren inguruko aipamen historikoak, Hezkuntza Euskal Herrian, Euskal Herriko emakumeak, Euskal Herriko museoak eta Euskal antropologia, etnografia eta folklorearen inguruko erreferentziak daude. Sartu hemen.
  • Euskal kantutegia: Bost mila partiturez gora osatutako kantutegia. Kantu bakoitzeko deskribapen zabala (izenburua, jasotze lekua eta data, letra eta abar), partitura eta musika MIDI formatuan jasotzen ditu. Bilaketa aurreratuan hitz edo kantutegi zehatzen arabera aurkitu daitezke abestiak. Ikusi hemen.
  • Baliabide Pedagogikoak: Eusko Ikaskuntzak ekoiztutako baliabide pedagogikoak eskaintzen dira. Historiaren aroak (Historiaurrea, Erromanizazioa, Erdiaroa, Karlismoa, Industrializazioa eta Arkitektura), 1935 - 1947. urte bitartean Euskalerriaren Yakintzan argitaratutako ipuin eta kontakizunen aukeraketa, eta Euskal Herriko eraikin, pertsonaia erreferentzialak eta zientzialarien inguruko bideo laburrak. Bisitatu hemen.
  • Barandiaran ezagutu: Hamar bideo laburrez osatuta, Jose Miguel Barandiaran antropologo eta etnografo ataundarraren bizitzako hainbat gorabehera kontatzen dira bertan, gaztarotik erbestera bitarteko garaikoak. Bideoak ikusi.
  • Dokumentu fondoak: Manuel de Irujo, Angel de Apraiz, Manuel Lekuona, José María Arizmendiarrieta eta Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioaren agiri fondoak biltzen ditu. Pertsona eta erakunde hauen agiri fondoen katalogazioa jasotzen da eta, kasu askotan ere, dokumentuaren irudi digitala eskuragarri dago. Gaur egun, 26.117 dokumentu daude guztira eta, horietatik, 18.115 digitalizatuta eta kontsultara irekiak. Sartu hemen.
  • Multimedia fondoa: Hainbat argazki fondo (Eusko Ikaskuntza, Auñamendi eta zenbait udal), audioak eta bideoak biltzen ditu. Guztira, 80.519 argazki, 1.568 audio eta 266 bideo aurki daitezke. Gainera, bilaketa aurreratuari esker, besteak beste, bilduma, gai, udalerri edo egilearen arabera aurki daitezke fitxategiak. Bisitatu hemen.
  • Euskal Kultura prentsan: 1900 eta 1975 bitarteko Euskal Herri osoko egunkarietan bildutako euskal kulturaren inguruko prentsa albisteek (erreferentziak besterik ez) osatuta dago. Horretaz gain, Eusko Ikaskuntzak 1936 urtera arte jaso zuen prentsa txostena ere biltzen du. Kasu honetan, erreferentziaz gain, berria digitalizaturik azaltzen da. Interesgarria da bilaketa hedabide edo urtearen arabera egitea. Kontsultatu hemen.
  • Argitalpenak: Eusko Ikaskuntzaren historia zabala jasotzen duten argitalpen anitzak, paperezko edizioan ez ezik, formatu digitalean ere eskuragarri daude (aldizkariak, bildumak, monografiak,...). Sarbidea hemen.
  • Podcast: Interes orokorreko gaiak lantzen dituzten elkarrizketa, irrati tertulia edo erreportajeak biltzen dira. Entzun hemen.
  • Bideoteka: erakundeak ekoiztutako bideoen biltegia da. Mota askotako ikus-entzunezko pilatzen ditu: kongresuak, jardunaldiak, foroak eta mintegiak, dokumentalak, ekitaldiak... Bideo bildumak ikusi.

Horietaz gain, badaude ere Eusko Ikaskuntzak aste edo hilabeteko maiztasunarekin zabaltzen dituen proiektuak:

  • Euskonews aldizkaria: Euskal kultura eta zientzia zabaltzeko aldizkaria da. Euskal Herriko pertsonaia esanguratsuei elkarrizketak, gai anitzetako artikuluak, atzoko irudiak eta euskal diasporan begirada jartzen duen kosmopolita atalek osatzen dute.  Aldizkaria irakurri.
  • Solasaldiak: Bogan dauden gai ugarien inguruan pertsona esanguratsuen arteko  elkarrizketak jasotzen ditu bideo formatuan. Solasaldiak ikusi.
  • Urteko Galdera: euskal gizartearentzat garrantzitsuak izan daitezkeen gaien inguruko hausnarketarako plataforma da. Proiektu honek, hainbat pertsona eta eragileri Urtero Galdera bat aurkezten zaie, horren inguruko iritzia jasotzeko xedez. Ekarpenak irakurri.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp