Euskonewsek 20 urte ospatzen ditu webgune berria plazaratuz

Argitalpenak

2018/12/17

Euskonewsek 20 urte ospatzen ditu webgune berria plazaratuz

Eusko Ikaskuntzaren online aldizkari zientifiko-kulturalak diseinu garbia eta erabilerraza aurkeztu du.

Euskonews (www.euskonews.eus) aldizkaria Eusko Ikaskuntzak 1998ko irailaren 8an aurkeztu zuen. Xedea euskal zientzia eta kultura sarean zabaltzeko erreminta azkar eta zabal erraza izatea zen. Hizkuntza erraz eta argi batetan, euskal errealitate zientifikoa eta kulturala mundu osoari zabaltzeko leihoa izatea, alegia.

20 urte betetzen duen honetan, berrikuntzak dakar eduki zein itxurari dagokionez. Edukiei lotuta, nabarmenena bere bilatzaile aurreratua da. Klik batetan hitz gakoen inguruan bilaketa zehatza egin daiteke, gaika, atalka, herrialde, udalerri, egile, onomastikoa edota hizkuntzari erreparatuz.


Web berria www.euskonews.eus helbidean ikusgai dago. Bilatzaile aurreratua da aldaketarik nabarmenena.


Itxurari dagokionez, diseinu arina eta garbia azaltzen du orain guneak, Eusko Ikaskuntzaren webgune eta irudiarekin erabat integratuta eta irudietan arreta jarriaz.

   

Etengabe hazten den baliabidea

Bi hamarkada hauetan Euskonewsen 4.000tik gora izan dira bertan parte hartu duten egileak eta guztira, 15.000 dokumentu funtsak gainditzen ditu egun aldizkariak: 4.700 artikulu inguru edo 700 elkarrizketa baino gehiago nabarmentzen dira, besteak beste. 2018ari dagokionez, ia 1.500.000 orrialde kontsultatuak izan dira eta 600.000tik gora bisitari jaso ditu.

Hilero zabaltzen den argitalpena 7.000 harpidedunek jasotzen dute bere posta elektronikoan dohainik. Euskal zientzia eta kulturarekiko interesa duen orok, edonon dagoelarik, eskuratu dezake dagoeneko 700 aleak gainditu duen hilabetekaria. 

Euskal zientzia eta kulturarekiko Eusko Ikaskuntzak duen ardura eta konpromiso argia da Euskonews. Bertan lantzen diren edukiak sakontasuneko artikuluetan edo elkarrizketetan jorratzen dira. Aniztasuna helburu, egile desberdinak jasotzen saiatzen da alez ale. Izan ere, gai zehatzen inguruan eskarmentua eta jakituria duten erreferentziazko pertsona ugari biltzen dituzte argitalpen berri bakoitzarekin.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp