Euspodcast play eta Kirol eta Jolas, euskara sustatzeko modu bereziak

Berri korporatiboak

2024/01/17

Euspodcast play eta Kirol eta Jolas, euskara sustatzeko modu bereziak

Euskara sustatzeko, zabaltzeko eta/edo normalizatzeko bi proiektu ari da garatzen Asmoz Fundazioa.

Asmoz Fundazioa bi proiektu garatzen dabil, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako Euskalgintza deialdiaren barruan. Alde batetik, "Euspodcast play" izeneko podcast eta bideo podcast sorta garatzen dihardu. Bideojokoei buruzko bideo podcasten eta podcasten sorkuntza abiapuntu hartuta, helburua 16-24 urte bitarteko nerabeak eta gazteak eduki digitalak euskaraz sortzera animatzea da. Horretarako, argibide teorikoak, teknikoak eta praktikoak modu errazean eta erakargarrian emango dira, bost podcasten eta bost bideo podcasten bidez. Eduki horiek berariazko webgunean ez ezik, proiektuaren Ivooxeko eta Youtubeko kanalean eskegiko dira.

Bestetik, Asmoz Fundazioa Athlon enpresak antolatutako "Kirol eta Jolas" proiektuan lanean dabil. Honek eskola kiroleko euskarazko materialak prestatzea du xede, zehazki 6-9 urte bitarteko haurrekin lan egingo duten begiraleei zuzendutakoak. Izan ere, eskola kirola eskolaz kanpoko jarduerarik garrantzitsuena da, haur zein gazteen artean. Hori dela-eta, bertako monitoreekin denbora asko pasatzen dute. Beraz, ezinbestekoa da pertsona horiek euskaraz egoki prestatzea. Hartara, egitasmorako espresuki grabatutako bideo dinamikoak onduko dira, non kirol jolasak landuko diren, euskaraz. Era berean, kirol jolas bakoitzeko gida laburra idatziko da. Euspodcast playren antzera, horiek guztiak bere webgune propioan izango dira.

Bestalde, "Eskubideak Ikasten" Giza Eskubideen Bideo Leihaketa abian jartzear dago. Unesco Etxearekin partaidetzan egindako proiektu honek hasiera otsailean izango du. Hala ere, leihaketa testuinguratzeko, bitarte horretan ikus-entzunezko pilulak argitaratuko dira, @eskubideakikasten TikTok kanalean.

Bukatzeko, urtarrilean eta otsailean zehar, YogGoe4Life proiektuaren aurkezpenak egingo dira, Gipuzkoako herrietan zehar. Ekimen honek helburu du A2A2 proteinazko jogurta egunero jateak perimenopausiari lotutako ondorioetan zer-nolako eragina duen ulertzea, hainbat faktoreren jarraipena eginda. Horretarako, 45 urtetik aurreko 25 emakumerekin hasierako esperientzia bat aurrera eramango da; Instituto del Queso, Glucovibes eta Goenaga Esnekiak partaideekin batera.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp