Eustoker eta Gamer Kazetari: euskara, gazteak eta eduki digitalak

Berri korporatiboak

2023/03/16

Eustoker eta Gamer Kazetari: euskara, gazteak eta eduki digitalak

Abian dira Asmoz Fundazioak Ikasplay-ekin batera sortutako Eustoker eta Gamer Kazetari proiektuak, gazteei zuzendurikoak.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin sortu dituzte proiektu hauek. Bi proiektu ezberdin izan arren, funtsean helburu orokor bera bilatzen dute: gazteei eduki digitalak euskaraz sortzeko baliabideak eta ideiak eskaintzea.

Gamer Kazetari proiektuaren helburu zehatza, gazteak bideojokoen kazetaritza mundura hurbiltzea eta bertako genero desberdinak lantzeko komunikazio-estrategiak eta gidalerroak ematea da. Horretarako, bideojokoekin lotutako albisteak, erreportajeak, analisiak, elkarrizketak… sortzeko lehen urratsak biltzen dituzten bideo-tutorialak garatu dituzte Asmoz Fundazioak eta Ikasplay-ek.

Guztira, Gamer Kazetari proiektua 8 bideoz osaturik dago, eta guztiak ikus daitezke egitasmorako sortutako Gamer Kazetari webgunean, eta baita Youtuben sortutako katean ere. Horretaz gain, aipaturiko webgunean bideo-tutorial bakoitzaren gidak ere eskuragarri daude webgunean, nahi duenak lasaitasunez ikusteko edo irakurtzeko.

Zehazki, honakoak dira proiektuan lantzen diren gaiak: bideojokoak eta kazetaritza, edukien lanketa, baliabide teknikoak, albistea, analisia, erreportajea, elkarrizketa edo mahaingurua eta gomendio eraginkorrak.

Eustoker proiektuaren bidez, nerabe eta gazteek gehien erabiltzen dituzten sare sozialetan (Tik Tok, Instagram eta Youtuben) euskarazko ikus-entzunezkoak gauzatzeko baliabideak eta gakoak eskaintzen dituzte, sare sozialetan euskaraz arituko den pertsona kopurua handitzeko.

Eustokerreko edukiak ere bideo formatuan daude, eta nerabe eta gazteen artean erabilienak diren sare sozialetan argitaratzen eta partekatzen dira: Instagram, TikTok eta Youtube. Horrela, hiru sare sozial hauetan "Eustoker" izeneko kontua aurkituko duzue, eta bertan, sare sozial bakoitzera egokitutako azalpen-bideoak. Era berean, #eustoker traolaren bidez, norberak euskaraz sortutako bideoak parteka ditzake komunitatearekin.

Sare sozial bakoitzerako sortutako bideoez gain, espreski egitasmo honetarako sortutako webgunean ere eduki guztiak eskuragarri daude. Bertan, egitasmorako sortutako 14 bideo laburrak daude, eta horiekin batera, bideo bakoitzari dagokion gida idatzia ere aurki daiteke.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp