Gazte Foroa, Iruñetik Baionara

Foroak eta mintegiak

2020/02/15

Gazte Foroa, Iruñetik Baionara

Baionan hirugarren Gazte Foroa izango da, martxoaren 14ean, Donostia eta Iruñeko saioen ondoren.

Otsailaren 8an Iruñean etorkizunera begira, gogoeta, iritzi trukea, diagnosi eta proposamenak egin zituzten intereseko gaiei buruz, bertan bildu ziren 17 eta 31 urte arteko hogeita hamar gazte inguruk. Konkretuki, hezkuntza, euskara, gobernantza (partaidetza eta ahalduntzea) eta sozio-ekonomia (enplegua eta etxebizitza) landu zituzten. 

Programa berdina jarraituko dute martxoaren 14ean Baionako Eusko Ikaskuntzako egoitzan izango den saioan. Ipar Euskal Herriko gazteek ikuspegi, diziplina eta genero anitzetatik aztertuko dituzte. Saio hasieran, Eusko Ikaskuntzako kideek proiektuaren helburu nagusia azalduko dute, hau da, Euskadi, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko gazteak bilduko dituen mugaz gaindiko lankidetza sare handia sortzeko aurrera egitea.

Uda baino lehen beste Gazte Foro bat bilduko da aurreko saioetan lortutako emaitzak mahaigaineratu eta elkarrekin partekatzeko.

Batzen gaituen norabidean

Gazte Lankidetza Sareen lan saioa Eusko Ikaskuntzak gidatzen du proiektuko bazkide diren Euskadi eta Nafarroako Gazte Kontseiluak eta Udako Euskal Unibertsitatearekin batera, gainera, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babesa du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp