Gizarte-politikak, kohesioa eta identitatea: oinarrizko trinomioa

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/10/20

Gizarte-politikak, kohesioa eta identitatea: oinarrizko trinomioa

Gure inguruko herrialde, komunitate eta eskualdeetako gizarte-politikei buruzko mintegia egin zen urriaren 20an Bilbon.

Eusko Ikaskuntza eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailburuordetzak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Lurraldea, Gizarte Politikak eta Zaintzen Krisia Nazioarteko Mintegia egin zen Bilbon urriaren 20an.

Jardunaldia Eusko Ikaskuntzak duela lau urtetik sustatzen duen Ongizate Ereduak Euskal Herrian izeneko lan-programaren baitan kokatzen da. Eskarmentu luzeko adituek parte hartu zuten saioan eta Estatuko zenbait komunitateetako eta Europako hainbat herrialdeetako ongizate-ereduen ezaugarri nagusiak aztertu zituzten. Halaber, zaintzaren arloko esperientzia eta politika berritzaileak ezagutzara eman zituzten. Era berean, gizarte-politikek nortasun kolektiborako eta gizarte-kohesiorako duten funtsezko garrantzia azpimarratu zen.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia Bergaretxeren eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza Ibaibarriagaren sarrera hitzen ondoren, programak hiru hitzaldi eta bi mahai-ingururekin izan zuen jarraipena.

Barbara Da Roit Veneziako Ca 'Foscari Unibertsitateko kideak Europako erregioetako zaintza-politiken erronka nagusien ikuspegi orokorra eman zuen, instituzioen hainbat testuinguruetako zaintzen arloko joerak, berrikuntzak eta jardunbide egokien inguruan xehetasunak emanda.

Frantziako gizarte-politiken deszentralizazioaz CNRS - Université de Bordeauxeko Philippe Martin aritu zen. Mendekotasuna babesteko Frantziako sistemaren esparru orokorra marraztu ondoren, Akitania Berriko eskualdeko tokiko politikei buruzko adibideak eman zituen.

Raquel Martínez Buján Universidade da Coruñako kideak, mendetasunari buruzko Legearen (LAPAD) ebaluazio-datuetan oinarrituta, autonomia-erkidegoetan agertutako emaitzen balantzea egin zuen eta elkarren arteko ezberdintasunak eta desadostasunak azaltzen dituzten arrazoi nagusiak aipatu zituen.

Lehengo mahai-inguruak gizarte-politikek Euskal Herriko lurraldeetan gizarte-kohesioa lortzeko eta nortasun kolektiboa eraikitzeko tresna gisa duten eginkizunari buruzkoa izan zen. Xabier Aierdi Urraza (Begirune Fundazioa), Lucía Martínez Virto (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), eta Eguzki Urteaga Olano (EHU) aritu ziren solasean Joseba Zalakain Hernándezek (SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzua) moderatuta.

“Lurraldeen arteko aldeak eta zaintza-eredu desberdinak izateko faktoreak” izan zen bigarren mahai-ingurua, Lucía Martínez Virtok moderatuta, Manuel Aguilar Hendrickson (Universitat de Barcelona) eta Mayte Sancho Castiello bildu zituelarik.

Ondorioen aurkezpenarekin eman zitzaion amaiera gogoeta-foroari.

Nazioarteko mintegia: Lurraldea, gizarte-politikak eta zainketen krisia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp