Gurutz Ansola Larrañaga, 1924-2019; Juan Miguel Gutiérrez, 1945-2019

Gure bazkideak

2019/02/21

Gurutz Ansola Larrañaga, 1924-2019; Juan Miguel Gutiérrez, 1945-2019

Gurutz Ansola Larrañaga otsailaren 1ean hil zen eta otsailaren 18an Juan Miguel Gutiérrez, biak Donostian.

Gurutz Ansola Larrañaga bazkidea, Zientzia Ekonomikoetan Lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, unibertsitate berean irakasle izan zen urte luzean, eta Zuzenbidean Lizentziatua Valladolideko Unibertsitatean. Bere ikerketa lanak Euskal Herriko egitura ekonomikoen azterketa eta honen eraldaketa, nazioarteko moneta sistema urre patroia indargabetu ondoren eta ongizate Estatua aztertzeko egin zituen batez ere.

Eusko Ikaskuntza Giza eta Ekonomia Zientzietako lehendakari izan zen 1978tik 1980ra bitarte.

Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehen lehendakaria (1968-1969) eta Egan, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietako kolaboratzaile izan zen Gurutz Ansola. Legebiltzarkide izan zen lehen bi legealdi autonomikoetan eta 1987 eta 1991 urteen artean Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari izan zen.

Juan Miguel Gutiérrez Marquez bazkidea berriz, dokumental eta laburmetraia filmografia zabala duen zinegilea. Juanmik (izen horrekin zen ezaguna) Gizarte Komunikazio Medioak ikasi zituen Bruselako INASen, zine eta telebistan espezializatu zen. Jesusen Konpainiako kide izan eta Afrikako misioetan aritu ondoren, Euskal Herrira bueltatu zen Herri Irratira eta HABEra lan egitera, azken honentzat didaktika materialak sortu zituen, bestek beste Bai Horixe ikasketa metodoa.

1995 eta 2001 urteen artean Zine Saileko presidente izan zen eta Eusko Ikaskuntzako ikus-entzunezko memoria bermatu zuen, ekitaldi publiko garrantzitsuenak grabatuz. Gainera, zine narratibari buruzko ikerketa zenbait egin zituen. Lan horren fruitu izan zen Sombras en la caverna. El Tempo vasco en el cine (1997). Euskonews aldizkariko kolaboratzaile izan zen. 

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp