Herri Txikien Akademiak datozen bi urteetako bideorria zehaztu du

Proiektuak

2023/03/20

Herri Txikien Akademiak datozen bi urteetako bideorria zehaztu du

Martxoaren 3an aztertu zen proiektua Eusko Ikaskuntzaren Ikerketa Egitasmoen Batzordean eta, azken ekarpenak jaso ondoren, 2023 eta 2024ko helburuak eta estrategia zehaztu dira.

Urteak dira Eusko Ikaskuntzan lurralde orekari eta herri txikien etorkizunari lotutako proiektuak martxan jarri zirenetik. Ibilbide oparoa izan da, hainbat ikerketa eta emaitza utzi dituena: aztertu dira herri txikien etorkizuneko ekonomia, landa inguruneari buruzko errelatu berriak, landa inguruneko ekimen sozioekonomikoak edo enplegua eta etxebizitza bezalako erronka espezifikoak.

Ibilbide horren emaitza modura sortu zen Herri Txikien Akademia proiektua, egindako lan guztia bildu eta etorkizunean herri txikientzako espazio elkarbanatu bat sortzeko. Araban martxan jarritako ekimen pilotuarekin hasiera eman ondoren, hilabete honetan definitu dira proiektuaren lehentasunak 2023 eta 2024 urteetarako.
 

Abiapuntuko diagnostikoa

Eusko Ikaskuntzatik egiten den diagnostikoa argia da: herri txikien egoera konplexua eta askotarikoa da Euskal Herrian. Hala ere, hainbat erronka komunak dituzte, garapen sozioekonomikoari eta tokiko gobernantza-ahalmenari eragiten dietenak:

  • Kontrako joera sozioekonomikoak: Azken hamarkadetan, biztanleria hirietan kontzentratu da eta landa-eremuen tamaina murriztu egin da. Egoera horren ondorioz, biztanleria zahartu eta jaiotza-tasak behera egin du, eta horrek eragin negatiboa izan du komunitate horien dinamika sozial eta ekonomikoan.
  • Defizitak zerbitzuetan eta azpiegituretan: Herri erakundeek apustu handia egin dute herri txikien egoera hobetzeko, baina oraindik ere defizitak daude oinarrizko zerbitzuetan eta azpiegituretan, hala nola garraioan, osasunean, teknologiarako sarbidean, besteak beste. Horrek zaildu egiten du herri horietako biztanleek funtsezko zerbitzuak eskuratzea, eta eragin negatiboa izan dezake biztanleriaren bizi-kalitatean.
  • Hutsuneak toki-erakundeak arautzen dituen lege-esparruan: Euskal Herriko lurraldeetako toki-erakundeak arautzen dituen lege-esparruan argitasunik eza dago, eta horrek nolabaiteko ezegonkortasuna eragin du herri txikien kudeaketan eta tokiko gobernuan. Gainera, toki-erakundeen finantza-autonomiarik eta araugintza-gaitasunik ezak ere mugatu egin du eremu horien garapen sozioekonomikoa bultzatzeko gaitasuna.
  • Komunitate-giharra izateko premia larria: Gizarte-sare indartsu eta aktibo bat izatea funtsezkoa da herri txikien garapenerako, espiritu ekintzailea sustatzen, lankidetza- eta elkartasun-sareak sortzen eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagun baitezake. Hala ere, landa-eremu askotan elkartze-jarduerak behera egin du eta gizarte-kohesioa galdu da, eta horrek zaildu egin du gizarte-sare aktiboak eta dinamikoak sortzea.
     

Hiru jarduera-ardatz

Herri txikien garapen sozioekonomikoa sustatzeko, hiru jarduera-ardatz nagusi zehaztu dira:

Batetik, datuak eta jardunbide egokiak behatuko dira, lurraldeko eta Europako beste eremu batzuetako landa-garapenari buruzko informazio eta esperientzia garrantzitsuak biltzeko, herri txikien garapena bultzatzeko funtsezko faktoreak identifikatzea helburu dela.

Bestalde, arlokako ikerketak egitea aurreikusten da, herri txikiei eragiten dieten erronka espezifikoak aztertzeko eta haien beharretara egokitutako irtenbide berritzaileak eskaintzeko.

Azkenik, udalerri txiki batzuetan ekimen esperimentalak abian jarriko dira, prozesu osoan proposatzen diren eredu alternatiboak aztertzeko eta aplikatutako mailan duten eragina neurtzeko.
 

Elkarlana oinarri

Gai hau lantzen diharduten eragile publiko zein pribatu ugarri daude Euskal Herrian, nahiz eta ikuspuntu ezberdinetik egin lan. Herri Txikien Akademiaren borondatea da hasiera-hasieratik ekosistema horren parte izatea eta bidean sortzen diren ekimen eta ideiak erabaki esparru nagusietara bideratzea. Proiektuak, honenbestez, saretzea eta lankidetza ditu ardatz.

Bukatzeko, aipatu behar da bi urtetako jardun horren emaitzak Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresura bideratuta egongo direla. Kongresu hau aukera paregabea izango da bi urtetan bildutako datu, ikerketa eta elkarlanean ondutako ondorioak gizarteratzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp