Hezkuntza Sistema baterako hausnarketa hasi da

Proiektuak

2021/09/24

Hezkuntza Sistema baterako hausnarketa hasi da

Larunbatean, irailaren 11n, "Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen" egitasmoari hasiera eman zitzaion, belaunaldi, eremu eta sentsibilitate ezberdinetako 125 zubigile bilduz.

Eusko Ikaskuntzak sustatzen duen “Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen” egitasmoaren lehen saioa egin zen irailaren 11n, Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Foroak Euskal Herriko lurraldeetako hezkuntza-, kultura-, sorkuntza-, eta sozio-ekonomia arloetako begiradak bildu zituen, esparru horietatik nahi dugun hezkuntza-sistema irudikatzeko etorkizuneko erronkak eta lehentasunak elkarrekin identifikatzeko. Guztira, 125 pertsonak parte hartu zuten modu aktiboan, eta azpitalde txikitan antolatu ziren. Azpitalde horiek, era berean, zazpi pertsonak eta eztabaida dinamizatzen zuen pertsona batek osatzen zituzten.

Hiru ardatzetan egituratu zen eztabaida: Hezkuntza, aniztasuna berdintasunean; Hezkuntza ezagutzaren gizartean; eta Hezkuntzaren antolaketa. Lehenengoan, gure hezkuntza-sistemak garatu behar dituen balio eta helburu kolektiboei buruz galdetu zen. Gure hizkuntzan, kulturan eta nortasunean modu iraunkorrean bizitzeko moduari buruz hitz egin zen, aniztasuna kudeatzeko, guztiontzako bizitza duina bermatuko duen gizartea eratzeko.

Bigarren ardatza gisa, hezkuntzak gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko bete behar duen zereginean sakondu zen. Horretarako, adimen kolektiboa sendotu eta garatzeko "zilegitzat" jotzen den ezagutzaz hitz egin zen. Aurrekoaren harira, hezkuntza-sistemak kulturaren, sorkuntza artistikoaren, sozioekonomiaren, zientziaren eta teknologiaren eremuekin duen harremana planteatu zen.

Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen

Azkenik, eztabaidaren ardatza erronka horiei erantzuteko behar diren egituraketa eta funtzionamendu-moduak izan ziren, bai eta horretarako gobernantza-eredu egokiena ere.

Nabarmentzekoa da saioan izan zen konfiantza giro, gogo eta sortutako eztabaidaren kalitateak. Oro har, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez abian jarri den programa lehen pausotzat jo zen hezkuntza-sistema eragile eta profesionalen arteko elkarrizketa eta akordiotik egokitzeko.

Jardunaldian jasotako emaitzetatik abiatuta, eta identifikatutako funtsezko gaietan sakontzeko, urriaren 22an eta 23an sinposioa egingo da, interesa duen orok parte har dezan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp