Hiru bisita Barandiaranekiko miresmena eragiteko

Berri korporatiboak

2023/09/18

Hiru bisita Barandiaranekiko miresmena eragiteko

Abuztuan zehar hiru bisitaldi antolatu ziren Barandiaranen bizitoki izandako Sara Etxera, Ataunen, udalaren elkarlanari esker.

Barandiaran erbestean 17 urte igarota itzuli zen Ataunera 1953an eta geroztik bizi izan zen Murkondo auzoko etxean Pilar Barandiaran ondoan zuela, harik eta 1991n hil zen arte. Toki esanguratsua euskal antropologo, etnologo eta euskaltzalearentzat: egongelan -lantoki zuena- forma eman zien lan ugariri; gogoetarako toki kuttun zuen Agauntza errekara arteko bidexka; eta atseden hartzeko lekua izateaz gain ehunka eta ehunka pertsonei egin zien harrera Sara Etxean.

Barandiaran Museoaren eskutik egin diren bisitak “Ataundarraren bizipenez osatuta, haren umiltasuna aipatuz eta munduarekiko ikuspegian zentratutako bisitaldiak izan dira, bisitariei emozioa eta miresmena eragiteko asmoz”.

Abuztuaren 6an, 13an eta 15ean egin zituzten irteerak, Barandiaran Museoan hasita -beraien esku egon zen gidaritza lana. Jatorri anitzeko 51 bisitarik bi ordu inguruko iraupeneko saioez gozatu zuten: Ataungoak bertakoak ziren batzuk eta baita Etxarri, Eibar, Donostia, Bermeo, Bilbo, Ordizia, Beasain, Gasteiz, Tolosa, Lazkao zein Legazpikoak ere.
 

Kanpoaldeko lanak

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren baitan etxea irekitzea ezinbestekotzat jo izan da beti fundazioren beraren helburua lortu aldera, hau da, Barandiaranen izena eta lana hedatzea. Baina bisitaldiak egin ahal izateko baldintzetako bat zen kanpoaldea egokitzea.

Hala, 2022an zehar hainbat lan egin zituen Fundazioak Sara Etxea kanpoaldean, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako diru-laguntza bati esker. Besteen artean egurrezko arrapala bat ipini da sarreraraino, irisgarritasuna bermatuz, eta komun ekologiko bat ere jarri da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp