Hitzeko bi gizonei omenaldia:  Xabier Amuriza eta Jose Ramon Etxebarria

Sariak

2021/12/20

Hitzeko bi gizonei omenaldia: Xabier Amuriza eta Jose Ramon Etxebarria

Eusko Ikaskuntzaren 2019ko eta 2020ko Manuel Lekuona Sarien emateko ekitaldia Bilboko Kafe Antzokian izan zen, autoritateen, ezagunen eta sarituen senideen artean.

Pandemiaren ondorioz atzeratuta, bi zeremoniak batera ospatu ziren Bilboko Kafe Antzokian, bertaratze ekitaldi mugatu batean, egungo osasun publikoko baldintzak direla eta. Ekitaldian Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Nieves Fernandez epaimahaikideen ordezkari gisa, hartu zuten hitza.

Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogoratu zuenez, Xabier Amuriza da Manuel de Lekuona euskal letren eta ahozko literaturaren figura handiaren izena daraman saria jaso duen lehen bertsolaria. Saritua erreferente absolutu gisa definitu zuen, “bertsolaritzan irakasle, teorialari eta ikertzaile gisa sakondu duen berritzaile” gisa, baita olerkari, eleberrigile, saiakeragile, artikulugile eta itzultzaile ere. Halaber, musikaren alorrean ere egin dituen ekarpenak eta diktaduran hartu zuen konpromiso sozial eta politikoa adierazi nahi izan zuen. Jose Ramon Etxebarriaren ibilbideari dagokionez, euskararen alde egindako lana nabarmendu zuen, eta normalizazioan unibertsitateko ikerkuntzaren eta irakaskuntzaren esparrutik bere laguntza azpimarratu zuen. Ana Urkizaren ustez, bi figura horiek hitzarekin egiten dute lan: "Hitza ezagutzarako eta komunikaziorako; aditza sentiberatasunaren eta kulturaren, zientziaren eta Euskal Herriko kontzientziaren zerbitzura".


Xabier Amurizak ere zientziarekin lotutako hitza aipatu zuen, diziplina horretan “‘era inteligentean bizitzeko’ osagaietako bat” baitauka. Zorionekoa dela aitortu zuen, zahartu eta esperientzia pozgarri batzuez gozatu ahal izan duelako, besteak beste, Eusko Ikaskuntzaren aitorpen horretaz. "Saritutako izenen zerrendan nire burua ikusita, nire utopia betetzen ari dela uste dut", adierazi zuen. Eta Etxepareren inguruan egin dituen azken lanen harira, zeinetan ikusten baituen euskal idazletzat bere burua hartu zuen lehenengoa eta, hortaz, “euskaldunik zoriontsuena”, Amurizak bere burua “bigarren euskaldunik zoriontsuena” bezala ikusi zuen.

Jose Ramon Etxebarriak euskaltzale, irakasle eta ikertzaile lanetan parte hartu duen lantaldeekin partekatu nahi izan zuen saria. Eta jarraian bi ohar adierazi zituen. Lehenik eta behin, eguneroko jardunean euskaraz hitz egiten duen komunitate zientifiko bat dagoela, eta baieztapen hori datu zehatzekin irudikatu zuen. Bigarrenik, “Euskarak gizarteko bizimodu arruntean euskaldunok irauteko behar dugun den-dena esateko ahalmena dauka; eta gaitasuna du, baita ere, oraindik existitzen ez dena esateko… edo asmatzeko ere”. Bere hitzaldiaren amaieran, Eusko Ikaskuntzaren goiburuarekin erabat identifikatuta dagoela aitortu zuen: “Txikiak handia benzi leidi / Asmoz ta Jakitez”.

Saria irudikatzen duen Remigio Mendibururen eskulturak jaso ondoren, bi sarituek elkarrizketa izan zuten elkarren artean eta bertaratutako publikoarekin. Hemendik egun batzuetara, hizketaldiaren grabazioa Eusko Ikaskuntzaren webgunean jarriko da, Solasaldiak ikus-entzunezkoen atalean.

Eusko Ikaskuntzaren 2019ko eta 2020ko Manuel Lekuona Sarien emate ekitaldia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp